Katalunia

Puigdemont sedizioa egotzita Espainiaratzea proposatu du Llarenak

Espainiako Goreneko epaileak Alemaniako magistratuei eskatu die ekintzak azter ditzatela, «izendapen juridikoak» aztertu beharrean

ander perez zala
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Oraindik ere matxinada delitua defendatzen duen arren, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak beste leiho bat ireki nahi du Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako judizializazioan. Schleswig-Holsteineko Auzitegi Gorenak (Alemania) informazio gehigarria eskatu zion epaileari Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuari egozten dizkion delituen inguruan, eta Llarenak aukera hori baliatu du magistratuei bina txosten bidali eta euroagindua berritzeko —apirilaren 26an bidali zituen—: lehenengoz, proposatu die sedizioa egotzita Espainiaratzea Puigdemont.

Hain justu, epaileak orain arteko irizpideei eutsi nahi die, eta defendatzen du Puigdemonti eta gainontzeko auzipetuei matxinada, desobedientzia eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzea, baina beste aukera bati bidea irekitzeko beharra ere ikusi du: auzipetuek indarkeria erabili zutela frogatzen ez bada, matxinadaren ordez sedizioa eta matxinadaren konspirazioa egoztea. Kasu horretan, kartzela zigorrak leunagoak lirateke, zazpi eta hamabost urte artekoak, eta ez hamabost eta 25 urte artekoak. Estrategia horri jarraituz egin die eskaria Schleswig-Holsteineko goreneko magistratuei —74 bideo bidali dizkie ustezko froga gisa—. Ordea, Belgikan erbesteratuta dauden Kataluniako kontseilarien abokatuak, Gonzalo Boyek,atzo gogorarazi zuen 1970ean kendu zutela sedizio delitua Alemaniako Zigor Kodetik.

Espainiako epaileak martxoaren 23an auzipetu zuen Puigdemont, ustez urriaren 1eko galdeketa koordinatzeko irailaren 28ko bileran parte hartzeagatik eta herritarrak protestara deitzeagatik, besteak beste. Matxinadaren eta dirua bidegabe erabiltzearen delituak egotzi dizkio, baina Belgikako eta Alemaniako epaileek lehen delituagatik estraditatzea ukatu diote, eta horrek Espainiako botere judizialaren eta politikoaren haserrea eragin du.

Alemaniako epaileei bidalitako txostenetan, Llarenak garrantzia kendu dio delituaren «izendapen juridikoari», eta prozesu subiranistan gertatutakoaren kontakizunean oinarritzeko eskatu die. Hau da, azter dezatela Alemanian delitu ote den konstituzioa bertan behera uzteko ahalegina, hura indarkeriazkoa izan ez arren. Horrez gain, ideia bat argi utzi du Espainiako epaileak: ez luke onartuko Puigdemont Espainiaratzea soilik diru publikoaren erabilera okerra egiteagatik.

Llarena ez da Alemaniara mugatu, eta Belgikako justiziari ere bidali dio txosten bat, proposatzeko Antoni Comin Kataluniako Osasun kontseilari kargugabetua ere sedizioa egotzita Espainiaratzea, delitu horrengatik, edo gertatutakoarekin zerikusia duen beste delitu bat leporatuta ere.

Auzia bitan banatu du

Fiskaltzak eskatuta, Llarenak onartu egin du prozesu subiranistaren aurkako auzia bitan banatzea: Espainiako justiziaren esku daudenen aurkakoa batetik, eta Europan erbesteratuta daudenen kontrakoa bestetik.

Bigarren atal horretan leudeke Puigdemont, Comin, Meritxell Serret Nekazaritza kontseilari kargugabetua, Lluis Puig Kultura kontseilari kargugabetua eta Clara Ponsati Hezkuntza kontseilari kargugabetua, Marta Rovira Kataluniako Ezker Errepublikanoa alderdiko idazkari nagusia eta CUPeko diputatu ohi Anna Gabriel —euroagindurik ez duen bakarra da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.