Katalunia. Inbestidura saioa. Quim Torra

Ez da ezerezetik ateratako «txotxongiloa»

Kataluniako presidente berriak esperientzia luzea du kultur eta gizarte eragileetan. Abokatua da profesioz, eta prest dago independentziaren aldeko hautua defendatzeko.

TONI ALBIR / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Oposizioaren zati batek aldarrikatu du Carles Puigdemontek «txotxongilo» bat jarri duela Kataluniako presidente gisa, bere konfiantzazko Quim Torra (Blanes, Katalunia, 1962) inbestiduraraino bultzatu baitu. Torra, ordea, ez da edonor. Independentista amorratua da, eta helburu horrekin egin du lan azken urteetan. Ibilbide luzea du Kataluniako kultur eta gizarte eragileetan; besteak beste, Omnium Culturaleko presidente izatera iritsi zen, baita ANCko kontseilu iraunkorreko kide ere.

Santa Coloma de Farners (Girona, Katalunia) herriari lotua dago Torra. Haren aita bertako hirigintza zinegotzi izan zen. Haurra zela, baina, Blanesera joan zen familia, aitak hiriko SAFA enpresan egiten baitzuen lan, ingeniari kimiko gisa. Enpresaren industriaguneko etxebizitzetan bizi ziren, eta bertan egin zituen ikasketak, aita enpresako zuzendaritzan sartu arte. Orduan, Bartzelonara mugitu ziren.

Torra zuzenbidean lizentziatu zen 1985ean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta Winterthur enpresarentzat egin zuen lan 1987 eta 2007 artean; bi urtez, Suitzan. Liburu batean azaldu zituen bizipen haiek: Ganivetades suïsses. Viatge (d'anada i tornada) al cor del management i del capitalisme salvatge (Labankada suitzarra. (Joan etorriko) bidaia management-aren eta kapitalismo basatiaren bihotzera); era horretan sartu zuen burua katalanezko literaturaren eta kazetaritzaren munduan. Halaber, lana utzi eta A Contra Vent editoriala sortu zuen 2008an. Bertako zuzendari da ordutik. Revista de Catalunya-ko zuzendari ere bada. Izan ere, presidente berria idazle eta editorea da.

«Espainia edo Katalunia»

Lana uztean, Torra UDC Kataluniako Batasun Demokratikoko sektore kritikoarekin lotua zegoen, baina 2009an Reagrupament alderdi independentistaren alde egin zuen: «Jada kontua ez da eskuin edo ezkerreko katalanismoa, ezta liberalismoa edo sozialdemokrazia; orain, unionismoa edo independentismoa da borroka, Espainia edo Katalunia, probintzia edo estatua». Bi urte geroago, Sobirania i Justicia elkarte independentistako presidente izendatu zuten, baita ANCko kontseilu iraunkorreko kide ere. Urte berean, Kataluniako estatutuaren sententziaren aurkako helegitea jarri zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegian.

Garai hartakoak dira oposizioak kritikatu dizkion espainiarren aurkako «mezu iraingarriak». Besteak beste: «Hemen [Espainian] jarraitzen badugu espainiarrak bezain zoratuta amaituko dugu». «Arrazista» eta «xenofobo» hitzak erabili dituzte horiek deskribatzeko. Barkamena eskatu du orain, eta adierazi du ez lukeela berriz egingo.

Hainbat kargu izan ditu ordutik ere: nabarmenen, Omnium Culturaleko presidente izan zen 2013 eta 2015 artean, eta, ondoren, presidente, Muriel Casals Junts Pel Si koalizioaren zerrendan sartzean. Torrak hilabete batzuk besterik ez zituen egin karguan, Jordi Cuixartek ordezkatu zuen arte 2015 amaieran.

Azken hauteskundeetan, Puigdemontek gidatutako Junts Per Catalunya koalizioarekin bat egin zuen, Puigdemontek berak eskatuta. Bartzelona probintziako zerrendako 11.a izanik, diputatu izatera iritsi da, bozeramaile ondoren, eta, azkenik, presidente kargura. Orain, «autonomismoa» baztertzeko deia egin du. 144 egun geroago, Kataluniak presidente independentista bat du berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.