2019ko udal eta foru hauteskundeak. Araba

Indarrak neurtzeko plaza

Arabako mapa politikoa oso zatituta geratu zen 2015ean, eta antzeko argazkia espero da 2019an. EAJren, PPren eta EH Bilduren arteko lehia izango da estuena.
Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkuren aretoa, hutsik. 2015az geroztik, zazpi alderdi daude ordezkatuta ganberan.
Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkuren aretoa, hutsik. 2015az geroztik, zazpi alderdi daude ordezkatuta ganberan. BERRIA

Edurne Begiristain -

2018ko maiatzak 27
Alderdien arteko indarrak neurtzeko plaza izan ohi da Araba udal eta foru hauteskundeetan. Estua eta itxia izaten da hauteskunde lasterketa bertan. Hala izan da azken bozetan, eta antzeko panorama aurreikusi da 2019rako ere. Itxura guztien arabera, hiru alderdiren artekoa izango da berriro lehia: PP, EAJ eta EH Bilduren artekoa.

ERRONKAK

Aldaketa soziologiko garrantzitsua izan da Araban azken urteotan, eta ezker independentistak gorakada nabarmena izan du 2011ko hauteskundeez geroztik. Herrialdeko lehen indarra izateko erronkari heldu nahi dio EH Bilduk 2019an, Ibon San Saturnino Arabako EH Bilduko koordinatzaileak BERRIAri azaldu dionez. «Eraldaketa soziologikoan sakontzeko unea iritsi da, sektore eraldatzaileek gidaritza har dezagun». Ez du erraza izango, ordea. 2015ean jeltzaleak lehen indarra izan ziren herrialdean, PPri irabazita, eta PSErekin lortutako akordioari esker erdietsi dute gobernagarritasuna bermatzea, gorabehera handirik gabe.

Sozialistek ere Arabako Aldundian lortutako gobernu akordioa helduleku gisa erabiliko dute azken hauteskunde deialdietan galdutako botoak berreskuratzeko. «Kudeaketa» izango dute bozetarako amua, PSEko iturriek jakinarazi dutenez. Duela lau urte Ahal Dugu-ren eraginez izandako boto galera etetea eta herritarren artean«sinesgarritasuna» berreskuratzea nahi dute.

PPk, berriz, eginahalak egin beharko ditu urteetan gotorlekutzat izan duen lurraldea berreskuratzeko. Bi erronka nagusi ditu: ustelkeria kasuek irekitako krisia ixtea eta Ciudadanosen gorakadari aurre egitea.

C'S ETA AHAL DUGU

Ikusteko dago Ciudadanos alderdiak zer eragin izango duen Araban. 2015eko udal eta foru hauteskundeetan, batzarkide bat lortu zuen Arabako Batzar Nagusietan, eta zinegotzi bat Guardiako Udalean. Egia da alderdiari maldan gora egiten ari zaiola legealdia, Migel Angel Carrera batzarkidea alderditik kanporatu dutelako —independente gisa jarraitzen du— eta Guardiako Jose Antonio Mateo zinegotziak dimisioa eman duelako. Nolanahi ere, egoera onbideratzeko ahaleginetan da alderdia, proiektua egonkortu eta emaitzak hobetzeko. 2019an ikusiko da PPren boto ihesak noraino egiten dion mesede Ciudadanosi.

Ahal Dugu, berriz, Ezker Anitzarekin eta Equorekin batera aurkeztuko da 2019ko bozetara. Haatik, alderdiak Araban duen egoera ez da samurra. Duela lau urteko bozetan ezustekoa eman zuen, Batzar Nagusietako laugarren indar bilakatuta, baina instituzio horretan izan duen barne krisiak —zortzi batzarkideetatik lau kargugabetu eta alderditik kanporatu dituzte— lausotu egin du lortutako arrakasta. Alderdiak gainditutzat jo du krisia, eta ziur dira 2019an proiektua «sendotuko» dutela, Yahcov Ruiz Antolakuntza idazkariaren arabera.

HAUTESKUNDE LEGEA

2019ko foru hauteskundeei begira, beste aldagai bat sartu da Arabako mapa politikoa iraul dezakeena. Izan ere, Arabako EAJk Hauteskunde Legea aldatzea proposatu du, kuadrillek pisu handiagoa izan dezaten. EAJren nahia da kuadrillen arabera banatzea hautesle barrutiak Arabako Batzar Nagusietarako bozetarako. Aldaketa horrek, printzipioz, mesede egingo lieke jeltzaleei, landa eremuan dutelako babes handiena eta horrek eserleku gehiago eskuratzea ahalbidetzen dielako.

Egun, hiru barruti daude Araban: Gasteizkoa (38 hautetsi), Aiarakoa (6) eta Lur Jareetakoa (7). Azken horretan dauden bost kuadrilletako batek hautetsi bat eta gainerako laurek bina aukeratzea nahi dute jeltzaleek. Kasu horretan, Gasteizek bi galduko lituzke. Oraingoz, jeltzaleak kuadrilletan eztabaidatzen ari dira gaia, eta euren nahia da Batzar Nagusiek herri ekinbide legegilea bidaltzea Eusko Legebiltzarrera, hark Hauteskunde Legea alda dezan. Proposamenak aurrera egiteko, Batzar Nagusietako osoko bilkurak onartu beharko du, eta Eusko Legebiltzarrak berretsi, gero. Egun, babes nahikorik ez du ekinbideak.

GASTEIZKO UDALA

Maroto efektua desagertuta, PPren erronka nagusia Gasteizko Udala berreskuratzea izango da. PP lehen indarra izan zen 2015eko bozetan, baina Javier Maroto alkate izan ez zedin batu ziren EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Hemen Gaude eta Irabazi alderdiak, eta EAJko Gorka Urtaran izendatu zuten alkate. Nolanahi ere, ez da erraza aldaketaren indarrek duela lau urte lortutako batasuna berriro errepikatzea, tenkatuta baitago aspaldi EAJrekin duten harremana.

Egun, EH Bildu da PPren aurkari zuzenena. 2015ean bigarren indarra izan zen EH Bildu Gasteizen, eta 2019an alkatetza eskura ikusten du koalizioak. Miren Larrionek (EH Bildu) argi ohartarazi zuen duela lau urte: «2015ean ez bada, 2019an izango da».

HAUTAGAIAK

Alderdiek ez dituzte oraindik zerrendaburuak izendatu. EAJk udazkenean irekiko du barne prozesua, baina ia ziurra da Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtaran berriro aurkeztuko direla Arabako ahaldun nagusi eta Gasteizko alkate izateko, hurrenez hurren.

EH Bildu hautagaiak aukeratzeko prozesuan murgilduta dago, eta ekainaren erdialdera jakinaraziko du militanteek zeintzuk proposatu dituzten. Orduan ikusiko da Kike Fernandez de Pinedo eta Miren Larrion berriro diren Arabako eta Gasteizko zerrendaburuak.

Sozialistek primarioak egingo dituzte udazkenean zerrendak aukeratzeko, baina oso litekeena da Cristina Gonzalez berriro izatea Batzar Nagusietarako zerrendaburu. «Aukerarik bideragarriena» dela dio PSEk. Gasteizko Udalean, berriz, Peio Lopez de Munainen ordezkoa bilatu beharko du alderdiak, erretiroa hartuko duelako agintaldia amaitzean. PPren kasuan, Gasteizko Udaleko hautagaia izango da Leticia Comeron. Batzar Nagusietan, berriz, Javier de Andresen hautagaitza baztertuta, Ana Morales bozeramailea kiniela guztietan agertzen da. Bestetik, Ahal Dugu-ren eta Ciudadanosen zerrendaburuen izenak ez dituzte oraindik jakinarazi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edurne Begiristain

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna