Munduko harresiak. Balkanetako ibilbidea

Europa: hesiz oztopatutako zeharkaldia

Errefuxiatuei Europara sartzea galarazteko hainbat hesi eraiki dira azken urteotan. Balkanetako herrialdeek hasitako bideari jarraikiz, mugak hesitzen ari dira beste hainbat pasabidetan.

Europa: hesiz oztopatutako zeharkaldia.
Ane irazabal
Erroma
2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Balkanetan harrapatuta geratu diren asilo eskatzaileen ametsa amesgaizto bihurtu da. Greziaren eta Mazedoniaren arteko Idomeniko harresiak urtebete egin du, eta, orduz geroztik, Europa iparralderako zeharkaldia oztopatu die milaka eta milaka iheslariri.

Idomeniko pasabideak domino efektuaren azken maila islatzen du. Iaz, 14.000 errefuxiatu jaso zituen; egun, ez da inor geratzen. «Bruselaren lehen erabakia izan da mugak Europatik kanpora ateratzea eta Turkian tapoi-estatu bat sortzea», azaldu dio BERRIAri Andrea Contentak, MSF Mugarik Gabeko Medikuen Balkanetako bozeramaileak, «bigarren pausoa, berriz, barne kontrolak berriz ezartzea izan da».

Contentari iruditzen zaio gotorleku bihurtu nahi duela Europak. «Nor berean tematu da», bada, Ekialde Hurbiletik kontinente zaharrera lekualdatu den errefuxiatuen auziak zatiketa eta hesiak eragin ditu. «XX. mendean eraikitako harresi gehienak erori egin dira, baina XXI. mendeko hesi berrien helburua ez da populazioa zatitzea, Europarako sarrera debekatzea baizik», erantsi du.

Bulgariatik Norvegiara

Hungariako Viktor Orban lehen ministro ultranazionalista izan zen lehena alde bakarreko erabakiak hartzen. 2015eko udan, Balkanetako ibilbidearen garairik beroenean, 175 kilometroko hesi bat eraiki zuen Serbiarekiko mugan. Ekinaldi horrek bidea ireki zion Bruselaren ate itxien politika berriari. Budapesten arabera, «Schengen eremuaren zaindari bakarra» bihurtu da Orban, eta eguneko 25 asilo eskatzaileri soilik uzten die Hungariara legez sartzen.

Budapesten erabakiek aurrekaria ezarri dute, eta Bulgariak estrategia bera kopiatu du. Turkiarekin batzen duen 240 kilometroko mugan hesi bat eraikitzen ari da Sofia. Helburua betetzeko, 90 milioi euro eman dizkio Europako Batasunak, eta hogei herrialdetako 172 polizia dauzka mugaldean zabalduta. Boiko Borisov lehen ministroaren metodoak are gogorragoak dira, ordea. «Talde paramilitarrak daude han. Iheslariak atxilotu, biluzarazi eta jipoitu egiten dituzte», salatu du Amirrek, Italiara kamioi batean ezkutatuta iritsi berria den gazte pakistandarrak. Egoera hain da larria, MSFk biziki salatu baititu Sofiaren moduak. «Aurtengo neguan, gutxienez hamar iheslari hil dira Turkiaren eta Bulgariaren arteko muga zeharkatu ostean. Basoan aurkitu dituzte gorpuak, izoztuta», azaldu du Contentak. Baina asilo eskatzaileek ez dute beste alternatibarik. Are zailagoa da Turkiaren eta Greziaren arteko muga banatzen duen Erdineko hesia zeharkatzea.

Hori hala, Serbia kaiola bihurtu da Balkanetan harrapatuta dauden milaka errefuxiatuentzat. Ez aurrera ez atzera egin ezinik dabiltza. «Ehunka gazte zeharo blokeatuta daude. Mugak itxi dituzte, eta mafia sareen eskuetan utzi dute gure etorkizuna», uste du Amirrek. Gazte pakistandarrak lortu du Italiara iristea, baina bere trafikatzaileari 2.500 euro ordaindu behar izan dizkio. Esloveniatik Italiara oinez gurutzatu baino lehenago, Kroaziaren eta Esloveniaren arteko mugako kontrolak gainditu behar izan ditu.

Edonola ere, errefuxiatuen kontrako erabakirik irmoena Erresuma Batuak hartu du. Frantziako Calaisko errefuxiatuen kanpaleku inprobisatua hustu aurretik, hormigoizko pareta bat eraikitzen hasi da Londres. Lau metroko garaiera izango du, eta 2,7 milioi inguruko aurrekontua dauka. Parisko gobernuak erabakia onetsi du, eta Londresek ordainduko du osorik. Hori guztia, migratzaileak kamioietara sartzea eta eurotunela gurutzatzea eragozteko.

Bestalde, harresien eraikuntza ez da etengo 2017an. Norvegiako Gobernuak ere hesi berri bat iragarri du Errusiarekiko mugan. Izan ere, 5.000 inguru dira Zirkulu Polar Artikotik Norvegiara gurutzatu duten iheslariak.

Harresi ikusezinak

Hori nahikoa ez balitz bezala, Europako Batasuneko estatu gehienek mugaldeko kontrolak berriz ezarri dituzte. Austria da guztien artean gogorrena. Esloveniako mugan lau kilometroko hesia eraiki ondotik, kontrol zorrotzak ezarri ditu Italiarekiko Brenneroko eta Tarvisioko pasabideetan. Helburua da Italiak erregistratzen ez dituen iheslariak bueltan bidaltzea eta siriarrak ez diren guztiei ateak ixtea. Austriak ez du migratzaile gehiago jaso nahi, eta erabakiakekaitz politikoa eragin du Erromaren eta Vienaren artean. Paolo Gentiloniren gobernuak salatu du Bruselak bakarrik utzi dituela Mediterraneotik iristen diren milaka iheslarien harrera antolatzeko.

Alpeetako pasabide estuan gertatzen ari dena ez da adibide bakarra. Italia eta Frantziaren arteko Ventimigliako mugan errealitate berdintsua dute asilo eskatzaileek. Frantziak mugak itxi ditu migratzaileentzat, eta trenean gurutzatzen saiatzen diren guztiak Italiara bidaltzen ditu bueltan. Hollanden gobernuak adierazi du larrialdi egoeraren barruan harturiko erabaki bat dela, baina berehalako itzulerak praktika zaharra dira Ventimiglian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.