Itsasadarreko bizia nola arautu

Plentzian eta Barrikan hautsak harrotu ditu portua berrantolatzeko planak: Eusko Jaurlaritzak bi pantalan eraiki nahi ditu; erabiltzaileak eta ekologistak ez datoz bat.

Egun, dozenaka ontzi daude Plentziako itsasadarrean ainguratuta. IREKIA.
Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Nola uztartu eremu natural baten erabilera eta ingurumenaren zaintza? Nola egokitu aisiaren inguruko araudia, herritarrek euren inguruarekin duten harremana desitxuratu gabe? Plentziako eta Barrikako (Bizkaia) biztanleen solasaldietan txertatu dira bidegurutze horiek, Eusko Jaurlaritzak Plentziako portua eta itsasadarra berrantolatzeko egitasmoa aurkeztu zuenetik. Proiektuak aurkakotasun handia eragin du bi herriotan, «inpaktu handia» izango duelakoan ingurumenean, paisaian eta ohituretan, besteak beste.

Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da auzia, eta proiektua gelditzeko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Gelditu, eta parte hartze prozesu baten bidez proiektua berregitea galdegin dio. EH Bilduren proposamena Elkarrekin Podemosen eta PPren babesarekin onartu zuten, asteazkenan.

Ontziz josita dago Plentziako itsasadarra: portua aspaldi geratu zen txiki, eta kanpoan buiei lotuta daude dozenaka ontzi txiki, Geltokiko Zubira arteko eremuan batik bat; asko matrikulatu gabe daude, eta batzuk, abandonatuta edo hondoratuta. Ordena behar dela: nabigatzeko zailtasunak eta segurtasun arazoak argudiatu ditugu gobernuak. Bat dator Gabriel Rodriguez, SOS Itsasadarra plataformako bozeramailea: «Orain apur bat kaotikoa da egoera; moldatzen gara, baina zaila da. Ados gaude berrantolatzeko premiarekin, baina uste dugu itsasadarraren erabiltzaileekin eta herritarrekin hitz egin behar dela; azken batean, hemen denok erabiltzen dugu itsasadarra».

Bi asmo nagusi ditu Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak eta EKP Euskadiko Kirol Portua sozietateak aurkeztutako proiektuak. Batetik, portu barruko amarralekuak egokitu nahi dituzte, eta leku gehiago atera —165 ontzirentzako tokia dago orain, eta 208rentzako lekua egitea espero dute—; eta gasolindegi bat jarri nahi dute hor. Bestetik, itsasadarrean 182 amarraleku berri ezarri nahi dituzte, bi pantalanetan: bat, Barrikako ertzean, portuaren kanpoko aldetik hasita; eta beste bat, txikiagoa, Plentziako ertzean, Geltokiko zubiaren alboan. Egitasmo osoaren kostua hiru milioi eurotik gorakoa izango da.

Ekologistak aurka jarri ditu kanpoko azpiegitura horrek. «Akatsez beteta dago proiektua», esan du irmo Txipio Bai taldeko kide Iñaki Ortigosak; «Ingurumen inpaktuari buruzko txostenik ez dago, eta ez dute aztertu itsasadarraren sakonera». Klima aldaketak eragingo dituen gorabeherak ere ez dituztela kontuan hartu ere salatu du: «Uholdeak areagotu daitezke, batez ere Txipioko paduran, eta gune babestua da. Adituek esan digute mareekin dauden arazoak oker daitezkeela, eta halako azpiegitura batek korronteak oztopa ditzakeela, edo ur dinamikak aldarazi. Baina ez dute aztertu». «Ez dute kalkulatu zer gertatuko den Butroe ibaia emari handiz datorrenean», erantsi du Rodriguezek.

«Pribatizatu egin nahi dute»

Paisaiaz ere mintzatu da plataformako bozeramailea. Pantalanak berak itsasadarraren itxura aldatuko duela deitoratu du: «Gune batzuetan, itsasadarraren zabaleraren heren bat hartuko du. Inpaktu bisuala latza da». Nabigazioan ere eragozpenak sor ditzake azpiegiturak, Rodriguezen arabera. Erabiltzaileak kexu dira: «Itsasbeherarekin traineruak ez dira sartuko inguru batzuetan». Baina, batik bat, segurtasunak kezkatzen ditu: «Korronte handiak daudenean, ez da erraza izango pantalanetan sartzea edo irtetea; maniobra arriskutsuak egin beharko dira».

Ortigosaren aburuz, planteamenduan bertan dago arazoa: «Itsasadarra ez da portu bat, eta tratatu dute portu bat edo errepide bat balitz bezala. Baina ondare publiko naturalaz ari gara». Printzipio bat urratzea leporatu dio Jaurlaritzari: «Kostaldea publikoa da, eta pribatizatu egin nahi dute. Onartezina da». Izan ere, egun, herritar guztiek erabiltzen dituzte ertzetako bidexkak, baina, pantalanak eraikita, inguru horiek hesiz itxiko lirateke. «Portuan ere hala gertatu zen: itxi egin zuten», gogoratu du Ortigosak.

Eta, akatsak zenbatzen jarrita, formakoak ere aipatu ditu Txipio Baiko kideak. Eztabaida faltari gehitu dio «gainerako instituzioekiko errespetu falta». Are, talde ekologistak jakinarazi du itsasadarreko egitasmoak eskumen gatazka bat eragin duela: Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Kosta Zuzendaritzak baimendu egin behar du proiektua, eta informazioa eskatu dio Jaurlaritzari. Izatez, Lakuak azaroan lizitatu nahi zuen proiektua, baina prozesua atzeratzen ari da; Jaurlaritzak ez du azaldu zergatik, baina hitz egiteko prest agertu da Arantxa Tapia sailburua.

Igandean, manifestazioa

Herrian ez da beste hizpiderik izan azken asteetan. Proa elkartea izan ezik —erabiltzaile batzuk biltzen ditu—, eragile gehienak aurka agertu dira. Horren seinale da azaroaren 24an egin zuten giza katea: ia 1.400 pertsona elkartu ziren. Datorren igandean ere manifestazio bat egingo dute: egitasmoa gelditzeko eskatuko dute. «Mahai batean eseri nahiko genuke, eta gehienen beharren araberako irtenbide bat adostu», azaldu du Rodriguezek. Haren ustez, errazago antola daiteke portua errolda txukunduz eta ontzi abandonatuak kenduz: «Adibidez, ur azpian kateak jarriz eta espazioa ondo banatuz, ontzi gehiago sartuko lirateke, eta inbertsio txikiagoa eskatuko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.