Eguneko zentro baten hustea

Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak Getxoko Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxea husteari ekin zioten atzo. Auzitegiak agindu du eraikina ez eraisteko, baina poliziek lanean segitu dute halere.

Dozenaka auzokide joan ziren Itzulbaltzetako Nagusien Etxearen atarira protesta egitera, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
«Goizeko bostetarako hemen zeuden jada gaizkile hauek». Haserrea igartzen zitzaion berbetan Rosa Maria Arnaiz Matori atzo. Getxoko (Bizkaia) Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxearen erabiltzailea izan da luzaro, eta lehen lerrotik ikusi zuen haren hustea. Udalak 2018an aldatu zituen lekuz bertan eskaintzen zituen zerbitzuak RKE Romo Kultur Etxera, baina erabiltzaileen %84k aldaketaren aurka bozkatu, eta eraikinean jarraitzea erabaki zuten, zerbitzuak autogestio bidez kudeatuz. Atzo hustu zuten Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko agenteek eta Getxoko udaltzainek.

Arratsaldean, Bilboko Auzitegiak agindu zuen «eraikina ez eraisteko». Izan ere, auzitan dago udalaren eraiste agindua, Nagusi Etxea kudeatzen duen elkarteak helegitea jarrita, eta epailearen ebazpenaren esperoan daude oraindik. Horregatik, eraikina kudeatzen dutenen arabera, legez kanpo jokatu zuen udalak atzo. Epailearen agindua jaso arren, eraikina husteko lanetan jarraitu zuten atzo. Esan diete poliziek aterako dituztela barruko trasteak, eta aurrerago jasoko dituztela.

Udalak aspalditik bota nahi du eraikina, bertan «belaunaldi arteko» gune bat eraikitzeko. Gazteentzako 40 apartamentu egin nahi dituzte, eta adinekoentzako 100 ohe jarri. Bertako erabiltzaileek, ordea, eutsi egin nahi diote euren ereduari; tentsioa eragin du horrek luzaro, eta atzo lehertu zen azkenean. Hustea eragozteko, dozenaka auzokidek egin zuten protesta eraikinaren atarian. Adinekoak, helduak eta gazteak ziren, eta lapikoekin, zartaginekin eta txalokariekin egin zuten protesta, txilibituekin lagunduta.

«Ukraina dirudi. Lau gara, eta armada bidali digute», Arnaiz Matok, kexua. Polizia ugari bidali zituzten, eta ezkutu eta kaskodun ertzainek polizia lerroa egin zuten auzokideei pasatzen ez uzteko. Alkateari «erregutu» ere egina dio aurrez Arnaiz Matok eraikina ez eraisteko, baina alferrik. «Hau guztia programatuta zeukaten; jaien amaiera itxaroten ari ziren». Ez zen Matoren iritzia bakarrik. Protestan, hainbatek zerabilten atzo ideia hori: udalak gurata hustu duela eraikina abuztuan, herritarren erantzuna txikiagoa izateko.

Rafa Martin ere izan zen protestetan atzo; Nagusi Etxearen presidente ohia izandakoa da, eta, berak nabarmendu zuenez, udalak leku aldaketa proposatutakoan, erabiltzaileen %84k bozkatu zuten bertan geratzearen alde.

Eraikin handia da Nagusien Etxea. Martinek adierazi duenez, 1.500 metro koadro dauzka, eta patio handi bat. Hori galtzeko beldur dira erabiltzaileak, proiektu berria txikiagoa eta murritzagoa delako. «300 metro koadro bakarrik eskaini nahi dizkigute. Getxon badago erresidentzia pila bat, baina eguneko zentroak falta dira». Haren ustetan, ez dira udalaren RKE zentroan kabitzen. «Ez da hori bakarrik. Guk etxeko giroa daukagu hemen. Jarduerak egiten ditugu, eta gero elkartu egiten gara. Bestea, berriz, eginda dago, hain zuzen, jarduera egin ostean etxera joan zaitezen». Neurri batean, horrek ere azaltzen ditu protestak.

Negozioa eta zementua

Gimnasia egitera eta bingoan aritzera joaten zen Isabel Casado Nagusi Etxera, eta, noizean behin, mendi irteeretara ere joan izan da. Atzo gertatutakoari «lotsabakokeria bat» iritzi zion, eta gogor gaitzetsi zuen EAJren udalaren jarrera. «Eta gero botoa ematen diegu». Ez du gustuko udalak martxan ipinitako aukera, RKE Romoko Kultur Etxea. «Lardaskeria esaten diot nik horri. Zarata asko egin zuten, eta kanpotik atondu, baina oso txikia da».

Erabiltzaile izan ez arren, Nagusi Etxean egindako lana defendatu zuen Joseba Agirre bizilagunak protestetan. «Oso kudeaketa ona egiten dute, ez dakit zergatik eraitsi nahi duten ondo dabilen proiektu bat». Hori esan eta gero, baina, atoan proposatu zuen arrazoi posibleetako bat. «Nik uste dut hor negozioa egin nahi dutela zementuarekin».

Estibaliz Larreategi ere kritiko agertu zen udalaren proposamenarekin. «Orain kartzela hartan sartu nahi gaituzte; hirugarren solairua da,eta leiho bakoa». Ertzainen polizia lerroaren aurrean eman zuen ia goiz osoa, eta bi txilibiturekin aritu zen txistuka eta ozen protestatzen. Haren ondoan, hainbatek adierazi zuten udalaren RKE zentroan gehiegizko kontrola dagoela, eta eurak gai direla euren kabuz antolatzeko gauzak.

Susmoa bazuten bizilagunek, eta, horregatik, eraikina babesteko guardiak egin dituzte, Larreategik azaldutakoaren arabera. «Guardiak egiten zituztenak oso kantsatuta egon dira, oso nagusiak direlako».

Zalantzan dago orain arteko gestio eredua. Auzitegietan ere badago gaia, ordea, eta hurrengo egunetan ikusi beharko da zer gertatzen den. Protesta gehiago egiteko asmoa dute herritarrek hurrengo egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.