Mahasti zaharren ardo berriak

Antzina landatutako mahastien balioa aztertu dute EHUko udako ikastaroetan, nortasunari eusteko eta Arabako Errioxan ardogintzak etorkizuna izatea bermatzeko bitarteko modura.
Julian Palacios mahastizaina, mahasti historikoei buruzko EHUren udako ikastaroan.
Julian Palacios mahastizaina, mahasti historikoei buruzko EHUren udako ikastaroan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ivan Santamaria -

2018ko uztailak 18
Ardoa mahatsetik datorrela gauza jakina da. Gutxiago erreparatu izan zaio mahats horren jatorriari. Mahastiari, alegia. Apurka, aldatzen ari da egoera. Geroz eta gehiago, mahasti jakin batzuk, historikoenak, bestelako ardogintza bat oinarritzeko erabiltzen dira. Ezinbesteko elementu dira orain eskualde ardogileen nortasuna definitzeko.

Joera hori aztertu nahi izan du aurten EHUk Udako Ikastaroetan, Guardian (Araba) egindako jardunaldi batean, Mahasti historikoen defentsa, geure nortasunaren defentsa izenburuarekin.

Julian Palaciosek gidatu du ikastaroa. Nafarroako mahastizainen seme, biloba eta birbiloba da Palacios, eta Viticultura Viva enpresa zuzentzen du. Mahasti historikoen balioa azpimarratu du. «Mahasti batek 50 edo 70 urte dituenean, horrek esan nahi du ondo egokitu dela ingurune horretara, eta mahatsak ondo heltzen direla, bestela mahastizainak baztertuko lukeelako». Kokapen jakin horrek bihurtzen ditu berezi ardoak. «Eremu geografiko bati nortasun zehatza ematen diote», zehaztu du.

Ez dago antzinatasunari buruzko definizio unibertsal bat. Errioxako ardoaren sor-markan 35 urtetik gorako landareak hartu ditu kontuan. Arabako Foru Aldundiak mahasti zaharrei eusteko laguntza ekonomikoak onartu berri ditu, eta 65 urte baino gehiago dituztenentzat da. Oro har, gutxienez 30 urte dituztenak hartzen dira zahartzat.

Ulertu behar da XIX. mendearen amaieran filoxera intsektuaren izurrite batek erabat suntsitu zituela mahastiak. Gaitza nola kontrolatu ikasi zen arte, XX. mende hasieran, mahastiek ez zuten irauten. Hala, Arabako Errioxan 100 eta 110 urte bitarteko mahatsondo enborrak dira zaharrenak. Garai batean ohikoak ziren 200 edo 300 urte irauten zituzten mahastiak, olibondoak balira bezala.

Zoritxarrez, gutxiengoa dira iraun dutenak. Produktibitatea handitzeko asmoz, mahasti zaharrak erauzteko eta berriekin ordezkatzeko laguntza ugari egon dira eskura. Errioxako sor-markaren barruan mahastien %80k hogei urte baino gutxiago dituzte. «Dramatikoa» iruditzen zaio Palaciosi.

Arabako Errioxan proportzioa nabarmen txikiagoa da, egitura soziala, orografia, eta sektorearen lehentasunak ezberdinak izan direlako. Azken urteotan upategiek sortu dituzten aparteko ardo asko atera dira mahasti historiko horietatik. «Eremuaren muina dira. Hogei urtean behin mahastiak errotik aterako bagenitu, zer geratuko litzaiguke?», galdetu du mahastizainak.

Haizearen kontra

1925. urtean sortu zen Errioxako ardoaren sor-marka kontrolatzeko kontseilua. Hiru urte geroago argitaratu zuen produkzioa zuzentzeko lehen araudia. 90 urte geroago, iaz, arau horiei aldaketa sakona egitea onartu zen, ardo berezi eta herrietako ardo kalifikatuak botilatzeko bidea irekita. Ardogileek bete beharreko baldintza orrian mahastiaren ezaugarriei buruz hitz egin den lehenbiziko aldia da. «Aldaketarik handiena hori da, behingoagatik mahastiari begiratzen hastea», azpimarratu du Palaciosek.

Frantzian edo Italian aspaldi egiten den zerbait baimentzea kostatu zaio Errioxari. Ardogintza moderno eta produktiboa lehenetsi du, baina bidean nortasuna galdu du. Aldaketa bultzatu duten ardogileetako asko arabarrak dira. Sarritan, haizearen aurka aritu dira, Palaciosen ustez, baina bide horrek fruituak eman ditu. «Eremu bati prestigioa ematen diote ardo ikonikoek. Garestiak izango dira, batzuetan, baina batez ere apartekoak dira, eta kritikak txalotzen ditu. Ardo horiei esker, eskualde osoa ondo joango da».

Kantitatearen eta kalitatearen arteko betiko tentsioa ageri da ardogintza beste norabide batera bideratzeko apustu horren atzean. Errioxako kontseiluan aspaldiko gatazka da. Azken finean, ardo bereziak egiten hastea bihur daiteke upategi askoren etorkizuna bermatzeko modua, eta hori lortzeko merkatura iristea ezinbestekoa da. Badago atzetik kontakizun oso bat duten kalitatezko produktuentzako leku bat, baina landu beharreko zerbait da.

Praktika enologiko berrien helburua izan beharko litzateke «prestigioa eta batez besteko prezioa handitzea», Fernando Mora ardogile eta master of wine kalifikazio prestigioduneko jabearen ustez. Erronka garrantzitsuak hor daude. Luze gabe, Txina bihurtuko da munduko ardo ekoizlerik handiena. «Prezioan ez diegu irabaziko», ohartarazi du Morak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna