Margo zuria urdinaren kontra

Irailaren 1ean sartu zen indarrean eremu urdina Iruñeko zenbait auzotan; hala nola Txantrean. Udalaren erabakiak bizilagunen haserrea piztu du, eta desobedientziaren bidez erantzun dute.

Txantreako eremu urdinaren kontrako elkarretaratzea, atzo, Iruñeko Udaletxe plazan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Marra gorriz, laranjaz, berdez eta urdinez margotzen ari dira Iruñea. Herritarrek geroz eta auzo gehiagotan ordaindu behar dute aparkatzeagatik. Iruñeko Udalak 1999an ezarri zuen aparkaleku mugatuko sistema; lehen-lehenik, Alde Zaharrean. Poliki-poliki, auzoz auzo zabaltzeari ekin diote: Sanduzelai, Arrotxapeko iparraldea eta Txantrea izan dira zerrendara gehitutako azkenak, irailaren 1ean. Herritarren haserrea piztu du horrek, eta, Txantrean, eremu urdinaren kontrako desobedientziaren bidez erantzun dute; adibidez, udalak urdinez seinalatutako aparkalekuak atzera ere zuriz margotu dituzte. Atzo, protesta zaratatsua egin zuten ehunka lagunek, Txantrean hasi eta Iruñeko Udaletxe plazaraino.

Aparkalekuen eta joan-etorrien inguruko ikerketa baten emaitzak ezagutu ostean, Iruñeko Udalak ondorioztatu zuen Sanduzelain, Arrotxapean eta Txantrean aparkatzeko arazoak zituztela. Hortik dator hiru auzo horietan TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua jartzeko erabakia. 10.800 aparkaleku baino gehiago arautu dituzte, guztira: % 54 laranja kolorekoak, % 45,2 urdinak, eta % 0,8 berdeak.

Auzokideak udalaren erabakiaren kontra agertu dira; horien artean, Txantreako Auzo Ekimena plataforma. Birjiñe Albira plataformako kideak esan du Txantrean ez dagoela aparkatzeko arazorik, eta, egotekotan, «aldi bakanetan». Erabakiaren atzean helburu ekonomikoak daudela uste du: «Urtean 450.000 euro aterako dituzte tiketekin soilik; dirutza da hori».

Udalarentzat etekin ekonomikoa eta auzokideentzat «diru galera» izanen dela esan du Albirak. Kaltetutako auzokideek aparkatzeko txartel bat eska dezakete. Horretarako, baina, txartela eskatzen eta erabiltzen duenak bere izenean eduki behar du autoa ere. «Etxe batzuetan, 1.000 euro gastatu behar izan dituzte, paperetan aldaketak egiteko».

Horrez gain, nabarmendu du auzoko merkatarien kalterako ere izanen dela: «Oso larria da zerga gehigarri hau ordaindu behar izatea. Gainera, dendari batzuek autoa ezin dute utzi beren saltokitik gertu; eremu laranjaraino joan behar dute». Plataformak harreman zuzena dauka Txantreako merkatari eta dendariekin, eta ez dute aurkitu eremu urdinaren alde dagoen inor: «Agian egonen da aldekoren bat, baina guk, behintzat, ez dugu topatu».

Manifestazioa egin zuten atzo, Gune urdinari ez, parte hartze prozesuari bai lelopean, Txantreako Auzo Ekimenak deituta. Iruñeko udaletxean osoko bilkura egitekoak zirenez, hara joatea erabaki zuten: «Ez gaituzte entzun nahi, baina hemen gaude». Eta entzun zituzten, protesta burrunbatsua egin baitzuten ehunka lagunek. Atzoko protestaz gain, beste mobilizazio batzuk ere egin dituzte: uztail hasieran, esate baterako, 4.400 sinadura bildu zituzten, «parte hartze prozesu bat» eskatzeko. Iruñeko Udalak ezezkoa eman zien.

Plataformakoak udalbatzako lau taldeekin hitz egiten saiatu dira, baina, Albiraren esanetan, EH Bildu eta Geroa Bai azaldu dira laguntzeko prest: «Behin bildu gara PSNrekin, eta oso desatseginak izan ziren gurekin. Navarra Sumak esan zigun auzora jaitsi zirela gune urdinaren planteamendua azaltzera, eta horrekin dena esanda zeukatela».

Udaltzaingoak ez duisunik jarri tiketik gabe aparkatzeagatik, oraingoz. Auzo batean aparkaleku mugatuko sistema ezartzen duten bakoitzean, egun batzuk ematen dituzte egokitzeko. Beraz, nahiz eta ez ordaindu, Txantreako auzokideek ez dute jaso isunik. Horren ordez, oharrak jasotzen ari dira, jakinarazteko asteartetik aurrera isunak jartzen hasiko direla. «Ematen du guretzat fabore izugarria izan dela, eta ez da hala», adierazi du Albirak.

Protestak eta eraso salaketa

Plataformak antolatutako ekintzetatik kanpo, badira beren kabuz mobilizatu diren bizilagunak ere. Esaterako, TAO ezarri aurreko egunetan, zuriz margotu zituzten marra urdinak. Gainera, auzoa margotzera dei egiten duten kartelak ikus daitezke Txantreako kaleetan. Herri mugimenduak bultzatutako ekinaldi bat dela dio Albirak: «Haserrea adierazteko, mugitzen eta antolatzen ari da jendea». Pintaketen harira, bi gazte atxilotu zituzten eremu urdina ezarri aurreko gauean.

Hala ere, giroa gaiztotzen hasia da auzoan. Udaltzaingoak salatu du aparkalekuez arduratzen diren langileetako bati eraso egin ziotela herenegun, perdigoi eskopeta batekin. Erasoa ikertzen ari dira orain. EH Bilduk erasoa txarretsi du, eta «babes osoa» helarazi dio langileari. Atzo, osoko bilkurara eraman zuen auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.