Arrauna. Kontxako bandera

Aurkaria eta norbere harrak

Estropada irabazteko aukerak gogoan zituztela pasatu dute astea Zierbenako Leandro Salvagno eta Hondarribiko Alex Udabe arraunlariek, «azken urteetako modurik berezienean», biek diotenez.
<b>Zierbena eta Hondarribia, lehian, sasoi honetan Eusko Label ligan jokatutako Santurtziko Banderan.</b>
Zierbena eta Hondarribia, lehian, sasoi honetan Eusko Label ligan jokatutako Santurtziko Banderan. JOSU Z.

Aitor Manterola -

2018ko irailak 8
Astea nahi baino luzeagoa ari zaie egiten Leandro Salvagno (Colonia, Uruguai, 1984) eta Alex Udabe (Usurbil, Gipuzkoa, 1983) arraunlariei. Zierbenan dabil aurrenekoa, Hondarribian bigarrena. Bi taldeen kontua izango da ziurrenik aurtengo Kontxako Bandera zeinek eraman. 0,86 ehunen ditu alde Zierbenak, eta, Udaberen arabera, «ez nuke nahi ehunen horien beharra izatea bandera irabazteko bihar». Alegia, dramatikoa litzatekeela haren taldearentzat bihar aurrena egin, baina lehen igandeko alde ezdeusa ez gainditzeagatik, bandera ez irabaztea.

Horrelako pentsamenduak eta beste mila darabiltza buruan Udabek aste osoan: «Zomorroak eta harrak bueltaka ditut sabelean». Salvagno ere antzera dabil: «Ezin dugu ahaztu Zierbenak ez duela oraindik Kontxako Banderarik irabazi, eta garaile izateko aukerak ematen duen berezko presioari bestea ere gehitzen zaio gure kasuan». Biak dira, baina, arraunlari eskarmentudunak, eta, bihar uretako lana hasterako, neurrian baretuak izango dituzte barruko kezka horiek denak.

Biek dakite zer den bigarren igandera estropada irabazteko aukerarekin heltzea, baina aitortu dute aurtengoa modu berezian ari direla bizitzen. Hala dio Udabek: «Hondarribiarekin gertu izan dut bandera azken hiru urteetan, baita aurretik hasi ere bigarren igandea. Baina oraindik ez dut izan aurten bezalako konfiantzarik irabazteko; hain gertu inoiz ez dut ikusi garaipena, eta hori ariko zait eragiten barru-barruko urduritasuna».

Salvagnok uztartu egin ditu Kontxako bi igandeak eta denboraldian aurrez gertatzen direnak, eta gogoeta interesgarria utzi du garaipena lortzeko aukeren inguruan: «Behin baino gehiagotan gertatu izan da Kontxara iristea denboraldian bereak eta bi irabazita, baina lehen igandean batere aukerarik gabe geratzea. Zaila da garaile izateko moduan ailegatzea bigarren igandera».

Euskal herritarrak ez du alerik irabazia Donostian; bat badu, aldiz, uruguaitarrak. Salvagnok 2009an irabazi zuen, Kaikurekin, eta ez omen zion garrantzi handirik eman: «Nire herrialdetik hona etorri eta hiru urtera irabazi nuen. Baina, niretzat, ez zeukan esanahi berezirik. Ez dut esango beste estropada bat zenik, konturatzen bainintzen bazuela beste zerbait, mugitzen duen jendeagatik, inoiz irabazi ez zuten taldekideak banderarekin negarrez ikusteagatik». Urteen joanarekin joan da handituz Kontxari ematen dion garrantzia:«Urte asko daramat zuen artean, hemengo ohiturak hartu ditut, eta, orain bai, orain jabetu naiz zein garrantzitsua den».

Udabek ere ikuspuntu berezia du Kontxarekin: «Arraunean hasi nintzenean, burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten estropada honetan arraun egitea. Gero, denbora pasatu ahala, jokatu nezakeen ilusioa piztu zitzaidan. Jokatu eta gero, ohorezko txandan aritzeko grina, eta, orain, bandera gertu izanda, ikaragarria izango litzateke, niretzat, irabaztea; gainera, Hondarribiarekin, etxeko hamar arraunlarirekin, klubaren filosofia honekin».

Irabazi. Horra aditz nagusia. Subjektua behar, baina. Edo Zierbena edo Hondarribia. Batek edo besteak emango dio indarra aditzari bihar eguerdian, 13:00 aldera. «Ez dut uste aurreko igandekoa bezain estu joango denik gauza», bota du Udabek: «Iruditzen zait badia barruan sartzerako erabakita egongo dela; ez bietako batek sekulako danbatekoa emango diolako besteari, ez. Bietako bat atzean geratu orduko, behera egiten hasiko delako bestea, burua lanean hasiko zaielako arraunlariei, galdutzat ikusita. Ez dira hamabost segundo egongo tartean, baina bai batzuk».

Salvagno ez da hainbeste busti: «Guri kosta egin zaigu bizi hastea estropada onenak egin ditugunean. Baina abilak gara atzetik aurrera egiten, amore ez ematen. Bihar ere saiatuko gara une onenean muturra sartzen». Biek bat egin dute beste honetan: «Guk gurea egiten badugu, hor ibiliko gara», Salvagnok, eta Udabek: «Aurkari txarra izango gara gurea emanez gero, igandean bezala».

Alboko kalean nahi

Egundoko ikusmina izango da bihar goizean goiz ere, kale zozketan. Salvagnok «erdikoak nahiago», eta Udabek, «guretzat laugarrena eta haientzat lehenengoa», esan du barrezka. Serio jarrita, hau gehitu du: «Aukeran, elkarren alboan izatea nahi dut. Ez dut uste lehen kalea iaz bezain txarra izango denik». Salvagno bat dator: «Ondoan joanda, hobe».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna