5.0 gizarterako pasabidean

4.0 industria gizartea eraldatzeko gai izan daitekeela dio Japoniako Gobernuak, eta '5.0 gizartea' izendatu duen proiektuaren oinarriak jartzeko saio betean da, puntako teknologia baliatuta.

Gazte japoniar batzuk Tokioko kale batean, sarera konektaturik. TORU HANAI.
xabier martin
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Industria gizarte eraldaketaren motor berriro. Bigarren sektoreko azken iraultzari 4.0 Industry esan diote, baina puntako teknologia baliatzen duen egikera industrial berriak bere isla dauka gizarte arloan ere. Japonia izan da industria berri horrek bultzatuko lukeen gizarte eraldatuari izena jartzen lehena: 5.0 Society.

Aurrerakada digitalak banakoen egunerokoan txertatzeak gizartea berritzeko parada eman dezake. Hala uste du Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak, eta buru-belarri dabil haren gobernua Japoniako gizartea aro berri batera eramateko saioan. Tokiok sustatzen duen 5.0 gizarte berri horren zantzuak bertatik bertara ikusi ahal izan zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak, urrian. Industria goitik behera eraldatzeak ekoizpen esparru bera gaindituko duela iragarri zuten aspaldian, eta herrialde nipondarrak jarri du datorrenaren lehen aztarna.

Izan ere, 4.0 industriak desberdintasun sozialak areagotzeko arriskua baduela ohartarazi dute orain baino lehen hainbat ahotsek, enpleguan eragin negatiboa izan dezakeelako kopuruari begira. Industriaren olatu berria nola jarri gizartearen alde, hori da kezka handienetakoa Europan, eta Tokio bide bat urratzen hasi da.

Gizarte oso adimenduna

Lehenik eta behin gizarte oso adimenduna sortu nahi du, ziberespazioa eta mundu fisikoa uztartuz. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak dira bitartekoak helburu hori lortzeko. Finean, enpresen ataletik harago baliatu nahi du Japoniak 4.0 teknologia.

Arantxa Tapia sailburuak Keidanren patronalaren ideiak jaso zituen gizarte berrituaren inguruan. Etekin sozialak ahalik eta ondoen baliatzeko saio bat nahi du Japoniako 1.376 enpresa biltzen dituen erakundeak. Digitala eta fisikoa soka berean jarrita gizartearen ongizatea handitzea da xedea. «Lehen, soluziorik ez zuten arazoei soluziobideak emateko gai gara orain. Aro berri honetan dena dago konektatua, teknologiek bat egiten dutelako. Horri esaten diogu 5.0 gizartea». Robotikak urrats handia egin duen herrialdeko gobernuburuak azaldu du ideia hori,Shinzo Abek.

Elkarrizketa (apal) bat edukitzeko gai diren robot humanoideak garatu ditu, esaterako, Unicast konpainiak. Nork daki hotel baten sarreran jarriko ote dituzten aurki lanean. «Ez dut uste lanposturik kenduko dutenik. Kontua da pertsonak beharrezkoak ez diren eginkizunetan jardun dezaketela, eta pertsonak gauza garrantzitsuagotan aritu daitezke», dio konpainiaren fundatzaile Yuta Mitsuborik.

Gizartea eraldatzeko soluziobideak nahi ditu Keidanren enpresa erakundeak. Eguneroko eginkizun tradizionalak azkarrago, eraginkorrago eta akatsik gabe egiteko proiektua abian dauka, prozesuak une oro monitorizatuz. Eta hortik dator benetako jauzia: egiteko modu horrek zer egin eta nola egin aldatzen ari dela uste dute.

Administrazio publikoan eragin nahi dute, lege sisteman, enpresetan, enpleguan, hezkuntzan... 4.0 teknologiak luze gabe esparru horietan eraldaketa sakonak ekarriko dituela diote, eta aldaketa horiek 5.0 gizartea ekarriko dutela, ekartzen ari direla jada.

Gauzen Internet

Japoniaren plana da gauzak sarera konektatzea, gailu horien sistema berriak sortzeko, eta haien artean hartu-emanak sustatzeko. Sistema desberdinak uztartu nahi dituzte, halaber. 2020rako 30 milioi gailu Internetera loturik egongo dira Japonian; Gauzen Internet esaten dioten kontzeptua garatuagoa egongo da, alegia. Gailu horien guztien datuak jaso, aztertu eta aplikazio berriak sortzeko modua izango da, egunerokoa errazteko, eta azken finean, aldatzeko.

Negozio lerro tradizional bakoitzak bere baliokide digitala daukala dio Tokioren planak. Enplegu berri ugari sortzen ari dira esparru digitalean, baina benetako galdera da ekonomia tradizionalean galtzen ari diren bezainbeste ote diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.