Asier Minondo. Ekonomia katedraduna Deustuko Unibertsitatean

«Bidenek oso kontuan hartu beharko du 'America first' mezua»

Joe Biden Etxe Zurian sartu aurretik jarri nahi ditu martxan Bruselak AEBetako produktu batzuen aurkako tarifa bereziak. Presidenteak garaipen gisa saldu ahalko du itun bat 2021ean, Minondoren arabera.

DEUSTUKO UNIBERTSITATEA.
xabier martin
Donostia
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Asier Minondok (Hondarribia, Gipuzkoa, 1969) uste du Europaren eta AEBen arteko harreman komertziala hobea izango dela Joe Bidenekin, baina horrek ez duela esan nahi posizio protekzionistak amaituko direnik. Hala ere, akordioak etor daitezke luze gabe, potentzia biek dutelako interesa aliantza sendo bat eraikitzeko.

Bidenekin betiko normaltasunera itzultzea baztertzen duzu?

Harreman komertziala lasaiagoa izango dela uste dut. Trumpekin ez zegoen jakiterik zer egingo zuen egun batetik bestera. Maila horretan, ezin da okerrera joan harreman hori. Bidenen agendan merkataritza harremana ez dago gatazkarako markatua, propio. Ez da lehentasuna izango gobernu berriarentzat, ez behintzat laster. Osasuna, COVIDa alegia, lehenago doa, baita azpiegitura berriak eraikitzea ere. Kamala Harrisekin batera, klima aldaketa eta arrazakeria ere sartuko dira agenda horretan.

EBk, ordea, muga zergak iragarri ditu AEBetako produktuen aurka. Bidenek ez du beta handirik auzi hori negoziatzeko, ezta?

Batasunak negoziatzeko tresna gisa jarriko ditu indarrean tarifa berezi horiek, Biden iristean harekin negoziatzeko. Akordioa ez da zaila izango, eta Bidenek saldu ahal izango du garaipen bat gisa, beharbada.

Trumpen aldebakarreko politika iragana izango dela esan daiteke, orduan?

Baietz esango nuke. Bidenek Europa aliatu bezala behar du Txinaren aurrean fronte bat eraikitzeko, Japoniarekin batera. Bidea egiten joan beharko dute biek, eta Airbus-Boeing gatazka konpontzen joango da, seguruenera.

Hirugarren lehiakide ekonomiko eta politiko sendo bati muga jarri nahi izatea izan daiteke Europa eta AEBak elkartuko dituena?

Lagunduko du, dudarik gabe. Txinaren hedapen hori harreman komertzialen gida berri batean bridatu nahi dute biek. Txinaren enpresa handiak dopaturik daude, haien atzean dagoelako estatua, era batera edo bestera. Lehia desleial horrek kalte egiten die Europako zein AEBetako enpresei. Baita Japoniakoei ere.

Bidenen ibilbidea nolakoa izan den ikusteak akordiorako aukera zabaltzen du?

Adostasuna lantzen aurrera egindako politikaria da, eta izaera politiko hori esperantzako arrazoi bat gehiago da. Aldebakarreko neurrietara jotzen badu, aurreikus daiteke nazioarteko legediaren oinarriarekin egingo duela. Trumpekin zerikusirik ez.

Bruselak eta Washingtonek bideratu behar duten beste auzi bat da Google tasa, eta ez da makala. Frantzia prest dago aplikatzen hasteko OCDEko saioak porrot egin ondoren.

Frantziak garbi du, horrela da, eta Trumpek muga zergekin erantzun du berriro. Kontua da OCDEko saio hori izozturik dagoela, eta urtarrila badatorrela. Galdera da zer egingo duten AEBek Parisek aplikatzen badu tasa berri hori. Trump Etxe Zurian balego erantzuna argia litzateke. Bidenek egingo duena ez daki inork, baina azken hilabeteetan mesfidantza erakutsi dute hala demokratek nola errepublikanoek konpainia handi horiekiko. Monopolioen praktikak eta pribatutasunaren arloko arazoak tarteko, mesfidantza hori gora doa, eta, agian, ez litzateke hain arraroa izango Washingtonek ere tasa baten alde egitea handi horientzat. Bidenek enpresek zerga gehiago pagatu behar dituztela esan du kanpainan, ez alferrik. Bere hitzaldi batean Amazon aipatu zuen zerga gutxi pagatzen dituztenen adibide gisa.

Bidenek onartuko du Europan Google tasa aplikatzea, besterik gabe?

Batek daki; ezin da jakin hori oraindik. Baina Bidenek barneraturik dauka zerbait egin behar dela erraldoi horiekin zergen atalean, eta Europaren ikuspuntura hurbiltzen ari dira AEBetan, jakinda betiere konpainia horiek AEBetakoak direla.

Protekzionismoaren aroaren amaieran daude munduko merkatuak?

Ez nuke hori esango. Bidenek badaki Trumpen America first mezuak jarraitzaile ugari dituela AEBetan, eta aurrerantzean oso kontuan hartu beharko dute aldagai hori, bai errepublikanoek baina baita demokratek ere. Demokraten arima bat merkataritza askearen aldekoa da, baina beste arima hori ere badute. Denak hartu beharko ditu kontuan presidenteak. Ez du istilurik nahi gai honetan.

Eta Txinarekin zer?

Hori da benetako arazoa AEBentzat. Bidenek nekez galduko du Trumpek atera duen abantaila. Nagusitasun ekonomikoa eskuratzeko aurrez aurreko horrek jarraituko du, eta Europa AEBen alde lerrokatuz gero, AEBekin dituen arazoek soluzioa izan dezakete datozen urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.