«Posible da ametsak betetzea»

Badira bi hilabete pasatxo Lauren Cox IDK Euskotren taldera heldu zela. WNBAn jokatu du, Indianan eta Los Angelesen, eta NCAA irabazi zuen aurretik. Diabetesa du zazpi urte zituenetik.

Lauren Cox IDKo Euskotreneko jokalari estatubatuarra, Josean Gaska kiroldegiaren kanpoaldean. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Saskibaloiko izar bat bizi da Donostian abendu amaieratik: Lauren Cox (Flower Mound, Texas, AEB, 1998). IDK Euskotrenek deitu zion Europan jokatzeko aukera emanez, eta baiezkoa eman zuen. Aurreikuspenak betetzen ari da hegal-pibota: 9,8 puntu sartu ditu bederatzi partidatan, eta 5,8 errebote harrapatu.

Josean Gaska kiroldegiaren kanpoan dago, argazkilariarekin argazkiak ateratzen. Entrenamenduko arropa du jantzia 1,93 metro luzeko kirolariak, handik gutxira taldekideekin batera entrenamendua duelako. Klubeko jokalari garrantzitsu ohi bat dauka alboan: Julene Olaberria. Egituran dago sartuta orain. Kiroldegiaren barruan, bulegoan sartu da, eta Coxek pistarako bidea hartu du, aulkietan esertzeko.

Eroso jarri da, eta antzera dago Donostian. Aitortu du etorri aurretik ez zuela ezagutzen: «Interneten begira hasi nintzen, eta ikusi nuen zeinen ederra den hiria, eta nolako hondartza polita daukan». IDKren eskaintzari baietz esateko, baina, beste zerbait ere behar zuen, hiriaren ezaugarriez harago: «Banuen Espainiako saskibaloiaren berri, eta oso lehiakorra dela banekien».

Horrela heldu zen Euskal Herrira, eta Donostiarekin gertatu zitzaion bezala, ezer gutxi zekien, nahiz eta bazuen zerbait entzuna edo irakurria: «Sarean aurkitu nituen Euskal Herriari [Basque Country izena erabili du] buruzko erreferentziak, eta jakin nuen jende askok bi hizkuntza hitz egiten dituela: euskara eta gaztelania». Irribarre batez erantzun du esan zaionean euskarazko egunkari bakarrean aterako dela bere bizipenen berri ematen.

Keinu berdintsua marraztu du hemen zer moduz bizi den galderari erantzun dionean: «Oso pozik bizi naiz». Egunerokoa nola betetzen duen azkar asko azaldu du: «Entrenamendu bat edo bi izaten ditugu egunero, eta, hortik kanpo, taldekideekin afaltzera joaten naiz. Etxean egon zalea ere banaiz, gorputzari atseden emateko, oso nekatuta bukatzen ditut-eta partidak». Ez da atera Donostiatik: «Ez ditut ezagutzen inguruko herriak».

Gorputzaren eta nekearen oinarrian badago azalpen gordin bat: «Diabetesa antzeman zidaten zazpi urte nituela. Egun batetik bestera geratu nintzen indarrik eta abiadurarik gabe kirola egiten ari nintzela, eta probetan azaldu zen gaitz hori nuela». Baina ez zuen amore eman, eta umetako ametsari segika jarraitu zuen: «Erakutsi nahi dut posible dela ametsak eta helburuak betetzea oztopoen gainetik ere». Onartu du, hala ere, bizitza erabat aldatu zitzaiola: «Eguneroko ohiturak moldatu behar izan nituen, eta arduratsu izatera eraman ninduen». Bizitzak beste kolpe bat ere eman zion hainbat urte geroago: 2019an, NCAAko unibertsitateen arteko txapelketaren finalean,lesio larria izan zuen belaunean.

Txapelketa irabazi zuen Lady Baylor unibertsitateko talde ezagunarekin, eta taldekideek Coxi eskaini zioten garaipena, ez baitzuen partida bukatu sasoiko jokalari onena izendatu zutenak: gurpil aulkian eta negar betean utzi zuen pista. Garaipen hark bezainbat balio du harentzat denboraldi haren hasierako partida batek: «Denboraldi-aurrean, ahizparen aurka jokatu nuen. Hark ere nire gaitz bera dauka. 17 urterekin atzeman zioten». Ez du berehala ahaztuko egun hori: «Lagunak eta senideak etorri ziren ikustera. Batzuk nire taldearen koloreak soinean, eta besteak ahizparen taldearenak». Bi ahizpek sari garrantzitsu bat ere jaso zuten gaitzari aurre egiteko jarreragatik.

Hurrengo urtean, 2020an, WNBAko draft-ean hirugarren lekuan hautatu zuen Indiana Feverrek, eta han egin zuen denboraldia. Geroko sasoia, Donostiara etorri aurrekoa, Los Angeles Sparksekin jokatu zuen. Bere herrialdeko liga profesionala maiatzetik irailera jokatzen da, eta hara itzuli bitartean ari da Donostian. Baina buruan dauka Europara itzultzea irailean, eta ez du baztertu IDK: «Gerta daiteke hona itzultzea edo beste norabait joatea. Orain, denboraldi honetan daukat jarria arreta».

Gaur, Gironaren aurka

Arretaz gain, direnak eta bi egitea beharko du ziurrenik gaur IDK-k Girona talde indartsua menderatzeko. Gaskan da partida, 24. jardunaldikoa (20:15), eta Ohorezko Mailako laugarren eta bosgarren sailkatua (etxekoak) jarriko dira parez pare. Coxek ez die beldurrik kataluniarrei: «Talde handia dira, jakina, baina gu ere bai». Ez da alferrik lehiazalea: «Oso lehiakorra naiz», bota du.

Taldekideak ere halakoak dira, eta denen ekarpenarekin dotore dabil Azu Muguruzaren taldea. Denak famatu ditu estatubatuarrak: «Oso gustura nago haiekin; asko maite ditut». Eta haiengana joan da gero. Entrenamendua daukate zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.