Ametsa betetzeko tenorea

Alaves denboraldiari ginga jartzen saiatuko da azken txanpan, gutxienez Europa Ligan sartuta. Hiru dira arabarren mehatxu nagusiak: aurkari zuzenen maila, egutegia eta erregai falta.

Laguardia, Maripan eta Manu Garcia Vila-Reali sartutako goletako bat ospatzen. DOMENECH CASTELLO / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Denboraldiko azken etenaldira konfiantzaz gainezka iritsi da Alaves. Iragan larunbatean Huescaren zelaian berretsi zuenez, ez dio zorabiorik eragiten Europako txapelketetarako sailkatzeko aukerak. Liga ia osoa darama sailkapeneko lehen sei taldeen artean 28 jardunalditatik 23, eta ahulezia zantzu gutxi erakutsi ditu orain arte. Makal ekin zion bigarren itzuliari, aurreneko hiru partidak galdu baitzituen, baina zeharo ahantzia du dagoeneko beheraldi hori. Izan ere, azken sei neurketetatik hiru irabazi eta beste hirurak berdindu egin ditu. Alegia, indar betean helduko dio azken txanpari.

Hamar jardunaldi falta dira, eta Arabako taldeak ez dio ezeri uko egin nahi. Bosgarren dago orain, Valentziak, Europako postuetatik kanpo dagoen lehen taldeak, baino lau puntu gehiagorekin. Hau da, ondo kokatuta dago sasoia Europa Ligako postuetan bukatzeko. Edonola, ez du zertan horrekin konformatu, bi puntu eskasera baititu Txapeldunen Ligako postuak. Anbizioa erakutsi beharko lukete arabarrek, alde handia baitago bi txapelketen artean. Itzela, ikaragarria litzateke Europa Ligarako sailkatzea, baina beste maila batean dago Txapeldunen Liga, kirol arloari zein arlo ekonomikoari erreparatuta. Beraz, sailkatzeko aukera duen bitartean, urratu egin behar du Alavesek.

Bistan da ez dela erraza izango, Sevilla eta Valentzia talde ahaltsuak baitabiltza egun Getaferen esku dagoen laugarren postuaren peskizan. Gainera, egutegi gogorra izango du Alavesek. Geldialditik itzuli ostean, astebetean Atletico Madrilen eta Sevillaren aurka jokatu beharko du. Gero, teorian errazagoak izan beharko luketen hiru norgehiagoka izango ditu, Leganesen, Espanyol eta Valladoliden aurka. Eta, bukatzeko, aldapa oso pikoa izango du: Bartzelonaren, Athleticen, Realaren, Valentziaren eta Gironaren aurka neurtuko ditu indarrak azken bost jardunaldietan.

Gakoa, neurri handi batean, Mendizorrotzako partidetan egongo da. Izan ere, etxeko sendotasuna du oinarri Abelardoren taldeak; orain arte, lehia bakarra galdu du bertan. Hori bai, azkenaldian lanak ari da izaten zaleen aurrean puntuak hirunaka batzeko: azken zazpi partidetatik bi baino ez ditu irabazi. Hori horrela, etxean garaipenaren ildora itzultzea komeni zaie arabarrei. Erraza da esatea, baina nekezagoa izango da egitea, besteak beste Atletico, Bartzelona eta Reala pasatuko baitira Gasteizetik. Hori bai, Alavesek jada erakutsi du bere onena emanez gero gai dela Mendizorrotzan edonori irabazteko; horren lekuko dira Real Madril eta Valentzia.

Eta etxetik kanpoko jardunari dagokionez, azken jardunaldietako bolada onari eusten saiatuko da. Zazpi puntu batu ditu kanpoan jokaturiko azken hiru partidetan, Betisen aurka berdindu eta Vila-reali eta Huescari gailenduta. Ohiko joko pragmatikoaren bidetik lortu ditu emaitza on horiek. Sufritzeko gaitasuna erakutsi du, baita aurkariak modu eraginkorrean kolpatzekoa ere. Bada, ezaugarri horiek nahitaezko izango ditu Sevilla, Athletic eta Valentziaren zelaietan.

Orno berrien premia

Abelardok fede itsua du taldearen bizkarrezurrean,; hala, minutu gehienak jokalari gutxi batzuen artean ari da banatzen. Dagoeneko 2.000 minutu baino gehiago jokatu dute Pachecok, Laguardiak, Duartek, Jonyk eta Callerik, eta 1.500 minutuen langa gainditua dute Ximok, Martinek, Manu Garciak, Pinak eta Maripanek. Hein batean, ondo dago konfiantzazko multzo gogor bat edukitzea, baina horrek, luzera begira, gainkarga arazoak sor ditzake. Gasteiztarrek eskertuko dute asteburuan partidarik ezedukitzea.

Nekeaz eta min hartzeko arriskuaz landa, badira jokalari jakin batzuekiko menpekotasunak ekar ditzakeen beste buruhauste batzuk; hala nola jokalari horiek bolada txarrean direnean sortzen den hutsunea. Gaitz hori aurrealdean izan du berriki Alavesek. Callerik eta Bastonek denbora asko pasatu dute ate aurrean asmatu ezinda, eta, ondorioz, Alavesek golak sartzeko dezenteko arazoak izan ditu. Horretan erdilariek eta defentsek emaniko aurrerapausoari esker atera da onik.

Orno berriak behar ditu Alavesen bizkarrezurrak, azken txanpan suerta daitezkeen ezbeharrei aurre egiteko. Berriz ere aurrelarien kasuari helduta, Guidetti jokalari baliagarria izan daiteke hemendik sasoia bukatu bitarte. Suediarra ia oharkabean igaro da orain arte, baina denboraldiko lehen gola sartu zuen Huescaren aurka, eta, oraindik zeresana eman dezakeela erakutsi. Elyk, berriz, lehia eskain diezaieke Laguardia eta Maripani, betiere erritmo egokia hartzen badu. Ez dirudi Twumasik, Vigarayk, Marinek, Rolanek eta Blancok aukera asko izango dituztenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.