Oasia basamortu erdian

Alavesek erabateko menpekotasuna du Lucas Perez eta Joselurekin; haienak izan dira golen %75. Erdilariak hasi dira agertzen, baina bigarren lerroak ekarpen handiagoa egin beharko luke.

Lucas Perez Alaveseko jokalaria gol bat ospatzen, Mendizorrotzan. JUANAN RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Golak egiteko daude aurrelariak. Presioan lagundu dezakete, jokoari argitasuna eman diezaiokete, hutsuneak sor ditzakete, baina, normalean, baloiak sareratzeko duten gaitasunaren arabera neurtzen da haien jarduna. Alde horretatik, pozik egon daiteke Alaves, Espainiako ligako bikoterik emankorrenetakoa baitauka puntaren puntan; Joseluk eta Lucas Perezek osatzen dutena. Aurrelari galiziarrek azken sasoietan galdutako distira berreskuratu dute Gasteizen, dagoeneko hamabost gol egin baitituzte bien artean. Soilik Messik eta Suarezek osatutako bikoak sartu ditu gehiago (24). Ordea, golak ez dira soilik aurrelarien kontua. Bigarren lerroko jokalariek ere ekarpena egin behar dute, eta hor, hutsunea dauka Alavesek.

Datuak garbi mintzo dira: arabarrek orain arte egindako golen %75ek Lucasen eta Joseluren sinadura izan dute. Batak zortzi sartu ditu, eta besteak, zazpi. Gehiegizkoa da haiekiko menpekotasuna, eta, Betisen aurka jokatu aurretik, Asier Garitano kezkatuta agertu zen: «Oso arriskutsua da golak soilik aurrelariek egitea. Jokalari guztien laguntza behar dugu. Onena, hegalekoek, erdilariek eta atzelariek ere ekarpena egitea litzateke, bakoitzak bizpahiru gol sartuta». Orain arte, soilik bost jokalarik lagundu diete aurrelariei zakua betetzen, ale banarekin. Azken bi lehietan, ate aurrean asmatu dute Ponsek eta Vidalek, eta aurrez, beste horrenbeste zuten egina Magallanek, Laguardiak eta Pinak.

Aurrelariek sekulako meritua dute. Alavesek egundoko arazoak ditu erasoan jokoa ehuntzeko, eta, hala ere, azken sasoietan Gasteizko taldean izan den bikoterik eraginkorrena da. Iragan sasoian hamalau gol egin zituzten Callerik eta Bastonek, eta bat gutxiago Munirrek eta Guidettik orain dela bi denboraldi. Bada, kopuru horiek gainditu dituzte jada Lucasek eta Joseluk. Hori bai, ez daukate aurreko sasoietan aurrelari titularrek izandako sostengu bera; iaz, esaterako, bestelako jokalariak izan ziren taldeak sartutako golen %64ren egileak. Aurrealdeko bikotea alde batera utzita, guztira hamabi jokalarik lortu zuten gutxienez ale bat, orain dela bi denboraldi bezalaxe. Orduan, golen %68 sartu zituzten gainontzeko jokalariek.

Denboraldi honetako beherakada xehatzerakoan, arabarren sormen arazoak aipatu behar dira lehendabizi. Oso gutxi ari dira iristen aurkarien areara. Gainera, geldikako jokaldiak ere ez dira aurreko sasoietan bezain ondo baliatzen ari. Buruz ondo moldatzen diren zenbait jokalarik oraindik ez dute golik sartu: kasurako, Manu Garciak, Rodrigo Elyk eta Ximo Navarrok. Horrekin batera, agerikoa da Jonyk eta Ibai Gomezek hegaletan utzitako hutsunea. Taldearen jokoa pizteaz gain, finak ziren ate aurrean; espainiarrak lau gol egin zituen iaz, eta bizkaitarrak hamabost Gasteizen emaniko hiru urteetan. Haien tokian Vidal eta Rioja dabiltza orain, eta, azken jardunaldira arte, bietako inork ez zuen gol bat bera ere sartu. Burkek eta Borja Sainzek ez dute oraindik asmatu.

Komodin baten premia

Bada beste arazo bat: Lucasek eta Joseluk ez dute ordezkorik. Guidetti da taldeko hirugarren aurrelaria, baina haren ekarpena hutsaren hurrengoa ari da izaten: 94 minutu besterik ez ditu jokatu orain arte, eta ez du golik egiterik izan. Iragan sasoian hasi zen suediarraren gainbehera, eta bazter utzita gelditu da azkenean. Aurrelaria udako merkatuan saltzeko asmoa zuen Arabako klubak, baina oztopo izan zen haren soldata. Hala, tokirik gabe gelditu zen Ermedin Demirovic. Bosniarrak ondo bete zezakeen ordezkoaren papera; ordea, utzita atera zen, Suitzako ligako St. Gallenera.

Hori horrela, ikusteko dago Alavesek zer jarrera hartuko duen neguko azokan. Zelai erdia indartu du Victor Camarasa eta Ismael Gutierrezekin, baina aurrean nahiz hegaletan aritu daitekeen norbaiten bila ere badabil. Aurreko sasoietan, Ruben Sobrinok bete zuen eginkizun hori, baita ondo bete ere. Alabaina, Valentziara joan zen iazko urtarrilean, ondoen zegoen momentuan, eta haren irteerak utzitako zuloak zabalik dirau oraindik. Gasteiztarrek Diego Rollan fitxatu zuten hasiera batean, baina oker jo zien kukuak. Deportivok utzita aritu zen, eta hara itzuli zen denboraldia bukatu orduko. Bide bera egin zuen Inuik, Betisera itzulita.

Sasoi honi begira, ia lotuta izan zuten Abdul Majeed Waris, Portoko erdi-punta, baina azkenean ez zen gauzatu fitxaketa. Orain, merkatua arakatzen ari da Sergio Fernandez kirol zuzendaria. Mauka gutxi izaten da, ordea, neguko azokan. Gainera, jokalaririk irten ezean, nekez iritsiko da maila oneko inor, soldaten muga dela-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.