Iazkoari segida emanez hasi dira

Beti Gaztek bikain ekin dio Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketen sasoiari. Lesakarrek jantzi dute 680 kiloko mailako txapela, eta sailkapenaren lehen postuan daude 640 kiloko kategoriako ligaxkan.

Beti Gazteko tiralariak, joan den asteburuko tiraldietako batean. Jokatutako denak irabazi zituzten. XAGU LESAKA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Txapelak lehengo buruetan daudela abiatu dira Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketak. Beti Gaztek iazko joerari eutsi dio, eta gizonezkoen saileko garaipenak batuz hasi dusasoia. Iaz, haiek izan ziren nagusi, jokoan izandako txapel guztiak eskuratuta, eta aurtengoan ere bide beretik hasi dute lehia, 680 kiloetako txapelketa irabazita. Joan den larunbatean jokatu zen hura, Ibarran (Gipuzkoa), jardunaldi bakarrera, eta Beti Gazte tiraldi guztietan nagusituta izan zen txapeldun.

Lehen asteburuari ezin hobeto ekin dio Lesakako zortzikoak. 680 kiloetako garaipena erdietsi eta biharamunean ekin zitzaion 640 kiloetako txapelketari, Abadiñon (Bizkaia). Hiru jardunalditara jokatuko da, eta estreinakoan aise aritu ziren berdezkoak. Bezperan nola, tiraldi guztietan irabazi zuten, eta sailkapeneko lehen postua lortu. Iaz bezala, pisu handienetan eroso ari dira nafarrak.

Halako emaitzak bilduta eta lehendabiziko txapela jantzita, sasoi hasiera ona egin du Beti Gaztek. «Gustura» daude lesakarrak, Beñat Ordoki taldeko tiratzaileak azaldu duenez. Zer esanik ez multzoa osatzeko izan dituzten zailtasunak kontuan hartuta: «Gaizki hasi gara jende aldetik. Hutsune batzuk izan ditugu, lesio dezente ere bai, eta kosta egin zaigu entrenatzen hastea. Azken momentuan ere min hartu dute batzuek, eta ni ere besotik gaizki egon naiz».

Egoera horrek azken orduko aldaketak egitera behartu ditu Beti Gaztekoak, «ezustean», baina txapelketetako estreinaldiari erreparatuta, balorazio positiboa egin du Ordokik: «Nagusitasun handia kanpotik ikusiko zen; barrutik ez ginen sobran nagusi ikusten, baina ongi. Beti dago ondo egiteko esperantza, eta beti joan behar da irabaztera».

Halere, tiratzaileak azaldu du taldekideen hutsuneak «zalantza batzuk» sortzen dituela, aldaketak eragiten dituelako: «Multzoa, luzeran nola erantzun behar dugun... Aldatu egiten da tiratzeko manera, eta segurtasun hori aldatu egiten da».

Larunbatean—680 kiloetako txapelketan— lau puntu lortuta gailendu zen Beti Gazte. Zuraide izan zen bigarren, hiru batuta, eta haien atzetik sailkatu ziren Ibarra eta Ñapurrak. Kontrarioen inguruan galdetuta, Ordokik azaldu duenez, «bistakoa» da Zuraidek aurrerako jauzi handia egin duela, tiraldia luzatzerakoan batez ere, eta Ibarrakoak, beti bezala, punta-puntan» aritu zirela.

Estreinaldi onari bigarren eguneko maila ona gehitu diete Beti Gaztekoek. Abadiñon ere tiraldi guztiak irabazi zituzten lesakarrek, eta abantaila hartu: «Denon helburua izaten da txapel guztiak irabaztea, edo ahalik eta ondoan jokatzea. Uste dut 640 kiloetan ere lehia emango dugula. Taldea aldatuko dugu pixka bat, pisua jaisteko, eta betiko taldea ariko da».

Igandeko jardunaldian Ibarra sailkatu zen bigarren postuan, eta Amaiurrek eskuratu zuen hirugarren tokia. Hura izan zen eguneko berritasuna; zenbait urtez Euskal Herriko txapelketetan lehiatu gabe egon da, eta aurten berriz hartu du txapelketaren soka, joan zen urrian Nafarroakoan itzuli eta gero: «Nahiz eta urte dezentez ez diren tiratzen aritu, nabaritu da badakitela. Segidan ikusi zen izugarrizko planta dutela, eta lehia emango dutela. Hori argi dago».

Etzi jokatuko da 640 kiloetako bigarren jardunaldia, Bilboko Casillan, eta jaialdi berean hasiko da emakumezkoen lehia ere. Haiek jokatuko duten estreinako txapelketa 540 kiloetako pisuan izango da. Kategoria horiez gain, gizonezkoen 600 eta 560 kiloetako tiraldiak nahiz emakumezkoen 500 kiloetakoak egingo dira sasoian, baita modalitate mistoko 520 kiloetakoa ere.

Munduko txapelketarik ez

Herri kirolariek sasoia gustura hasi badute ere, urteko txapelketa nagusia bertan behera utzi izanak apur bat mingostu du tiratzaileen aldartea: «Mundukoa jokatzen den urteetan igarri egiten da. Beste txip bat edukitzen da hura prestatzeko, eta hemengo txapelketetan beste maila bat egoten da». Hasieran martxoaren hasieran jokatzekoa bazen ere, osasun egoerarengatik ez jokatzea erabaki du TWIF Nazioarteko Sokatira Federazioak. Apirilean beste batzar bat egingo du erakunde horrek, aurrerago jokatu ahal daitekeen erabakitzeko: «Pena handia ematen du. Euskal Herrikoan Mundukoari begira aritzen gara, baina aurten taldea nola dugun ikusita, aurreratzea ere ondo etor diezaguke. Jende aldetik justu gabiltza aurten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.