Atera izan da lehen ere tuneletik

Osasunak beste hirutan ere kateatu ditu garaipenik gabeko hamabi lehia, eta bitan onik atera da: 2000-2001 eta 2004-2005eko sasoietan. Azken sasoi horretan, gainera, Kopako finalera iritsi zen.

Osasunak Athleticen aurka lortu zuen azken garaipena. Irudian, jokalariak gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ia hiru hilabete daramatza Osasunak Ligan garaipenik lortu gabe. Urriaren 24an eskuratu zuen azkena,Athleticen aurka jokaturiko mendeurreneko partidan (1-0). Modurik onenean ospatu zuen horren data berezia, baina biharamuna ez datorkio batere samurra. Izan ere, nafarrek hamabi jardunaldi daramatzate irabazi gabe, eta ezinbestean, amildu egin dira sailkapenean: bederatzi postu egin dute atzera, hamargarrenetik hemeretzigarrenera. Salbazioa hiru puntura dutela, erreakzioak berandu gabe iritsi behar du. Egoera kezkagarria da, baina ez da berria, beste bi aldiz ere kateatu baitituzte garaipenik gabeko hamabi neurketa. Eta bi kasuetan, gorritxoek onik ateratzea lortu zuten.

Osasunak behin baino ez du izan orain baino idorte latzagoa elitean. 2016-2017ko sasoian 21 partida eman zituen irabazi ezinik: bederatzigarren jardunalditik 30.era. Orduan, ezin izan zuen ezer egin jaitsiera eragozteko. Ordea, bestelakoa izan zen amaiera 2000-2001 eta 2004-2005eko denboraldietan. Bietan hamabi jardunaldi luzez egin zion ihes garaipenak, orain bezala, eta halere, ez zuen Bigarren Mailan bukatu azkenean.

2000-2001ean elitera igo berriak ziren nafarrak, Miguel Angel Lotinaren eskutik, eta gauzak oso zail jarri zitzaizkien berehala: bigarren jardunaldian Espanyoli 1-2 irabazi ondotik, hamabosgarren jardunaldira arte itxaron behar izan zuten berriz ere irabazteko. Sadarren Numantziari 2-0 irabazita hartu zuten arnasa, baina bolada txarraren ondorioz, iltzatuta gelditu ziren azken postuan. Haatik, kapazak izan ziren ataka horretatik ateratzeko. Hamazazpi punturekin bukatu zuten lehen itzulia egun dituzten puntuak baino bi gehiago, eta 42rekin denboraldia. Hots, suspertu egin ziren bigarren zatian, eta 15. postuan bukatu zuten liga, jaisteko postuekiko puntu bakarraren aldearekin.

Orduan Osasunak egindako ibilbidea inspirazio iturri izan daiteke gaur egungo taldearentzat. Edonola ere, zalerik baikorrenek 2004-2005eko denboraldia dute erreferentzia. Javier Aguirrek bigarren sasoia zuen Osasunaren aulkian, eta dena nahieran atera zitzaien lehen itzulian: 28 puntu lortu zituzten, eta hamar puntuko arrakala zabaldu zuten jaisteko postuekin. Alabaina, gauzak okertzen hasi ziren 18. jardunaldian, hain justu, Numantziari etxean 2-0 irabazi ostean. Iruindarrei ahaztu egin zitzaien partidak irabazteko bidea, eta ez zuten beste garaipenik lortu 31. jardunaldian Racingi 1-0 nagusitu zitzaizkion arte. Txakalaldiarengatik, zortzigarren izateari utzi, eta hamaseigarren bihurtu ziren.

Garaipen haren ondoren beste hiru etorri ziren segidan, eta, hala, salbazioa bideratuta utzi zuten. Gainera, Espainiako Kopan aurrera egin zuten bolada txarrak iraun bitartean, gaur egun bezalaxe. Ligan ahul aritu arren, finalaren atarira heldu ziren Kopan, Getafe eta Sevilla kanporatuta. Final-aurrekoak bolada gozoagoan iritsi zitzaizkien, eta balentria gauzatu zuten, Atletico Madril kaleratu, eta finalerako sailkatuta. Orduan lorturikoa berritzea, edonola, ameskeria baino ez da oraingoz. Izan ere, Kopan, final-zortzirenetan dago oraindik.

Beste susperraldi batzuk

Ligan, Osasuna gaur iritsiko da lan erdietara, Valentziaren zelaian. Galduko balu, mende honetako hirugarren lehen itzulirik txarrena berdinduko luke; 2012-2013koan ere hamabost puntu zituen lan erdietan, eta azkena zen sailkapenean. Bada, 24 puntu lortu zituen bigarren itzulian, eta, horri esker, hamaseigarren postuan bukatu zuen liga. 2008-2009koan ere lortu zuen mailari eustea, lehen itzulia hamahiru punturekin finitu arren. Salbazioak ezinezkoa zirudien, zazpi puntura baitzeukan Camachok zuzenduriko taldeak. Ordea, 30 puntu lortu zituen hortik aurrera, eta hamabosgarren izan zen bukaeran.

Baina itxaropena zelaian hauspotu behar da. Hartara, nafarrek Valentzia azpiratu nahi dute gaur (19:00, La Liga. Hutsune garrantzitsuak izango dituzte: min hartuta dago Aridane, eta zigortuta David Garcia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.