Baldintzek dakartzate emaitzak

Txuri Urdin bigarrenez sailkatu da ligako kanporaketak jokatzeko. Ezusterik ezean, Puigcerda izango du lehen aurkaria. Oihana Zaldua jokalariaren ustez, taldea «ondo jokatzen» ari da.

Txuri Urdineko jokalariak denboraldi honetan. TXURI URDIN.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Duela sei urtetik haziz joan da Txuri Urdin emakumezkoen taldea. Orain bi urte jo zuen goia, titulurako finala jokatuta. Aurreko sasoian, liga eten egin zen pandemiagatik, baina honetan ere lortu dute lehen helburua: kanporaketetarako sailkatzea. Oihana Zaldua jokalariak balio handia eman dio lortutakoari. Harrobiko jokalarien ekarpenean eta entrenatzeko baldintzetan izan dituzten hobekuntzetan jarri du arreta: «Espero dugu lortzen ari garenak balio izatea klubak bide horretan urratsak egiten segitzeko. Hala eginda emaitzak iritsi direla erakusten ari gara». Itxaropenez helduko diote, horrenbestez, denboraldiaren txanpa erabakigarriari. Pizgarriak, behintzat, ez zaizkie faltako, Liga eta Espainiako Kopa izango baitituzte jokoan.

Liga erregularra amaitzeko bi jardunaldi falta dira, eta donostiarrak bigarren dira sailkapenean. Jokatutako 11 partidetatik zortzi irabazi dituzte, eta hiru galdu. Majadahonda liderrak jokatutako hamarrak irabazi ditu, eta Txuri Urdinek baino sei puntu gehiago ditu: 30. Hirugarrenak, Puigcerdak, hemeretzi ditu.

Lehen helburua lortuta, «oso gustura» daude taldean. Bigarrenez titulurako kanporaketetan egoteko gakoak aletu ditu Zalduak, eta entrenamenduen ordutegietan izandako aldaketa izan da haren ustez garrantzitsuena: aurreko sasoira arte 23:00etan entrenatzen ziren; orain, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko asmoz ezarrita dagoen etxeratze agindua tarteko, aurreratu egin diete lan sasoien ordua. «Horrek mesede handia egin digu, lehen jokalari askok ezin zutelako entrenamendu guztietara etorri».

19:00ak eta 21:00ak bitartean izaten dituzte egun entrenamenduak. «Aurreko ordutegian entrenatzea oso gogorra zen: egun osoko nekea pilatuta iristen ginen, eta gauerdian amaitzen genuen. Baldintza horietan, partidak prestatzea zaila zen. Merezi genuen ordutegi duin batean entrenatzea».

Horrekin batera, atzerritik pare bat jokalari ekartzeko aukera izan du klubak. Horien artean dago egungo ligako golegile nagusia: Cecilia Lopez, jaiotzez kanadarra. Jokatu dituen zazpi partidetan hemezortzi gol sartu ditu: «Eskarmentua ere ematen digu. Maila handia du, eta asko ikasten da harekin entrenatzen».

Aurrelariarekin batera, atezaina da izotz hockeyko beste postu erabakigarria. Hor ere apustua egin zuen klubak, Holly Steeples ingelesa fitxatuz. «Lehen ere bagenituen atzerriko atezainak, baina gehienak ez ziren hemen bizi, eta soilik partidak jokatzera etortzen ziren. Holly, ordea, propio etorri da hona jokatzera, eta Donostian bizi da. Hala, egunero entrenatzen du gurekin, eta defentsako lana prestatzeari eta lantzeari begira oso garrantzitsua da hori, baita ere sasoiro defentsan izan dugun hobekuntza».

Presiorik gabe jokatzeak ere «lagundu» egin diela uste du: «COVID-19ak egunez egun joaten erakutsi digu, gauzak lasaiago hartzen. Helbururik gabe hasi genuen denboraldia, kontuan hartuta, gainera, jokalari asko igo zirela harrobitik. Baina sekulako maila ematen ari dira». Horri esker baikor begiratzen diote etorkizunari.

Bilakaerarekin gustura

Kanporaketetan, ezusterik ezean, Puigcerda izango dute lehen aurkari. «Beti izan da arerio gogorra eta gaiztoa. Lau aldiz jokatu dugu haien aurka, eta behin bakarrik lortu dugu irabaztea: haien aurka jokatu genuen azken partidan izan zen, duela bi aste. Beraz, arantza hori kendu ahal izan genuen. Konfiantza ematen digu garaipen horrek. Atezain oso ona dute, eta jaurtiketak ondo aukeratzean egongo da irabazteko gakoetako bat. Hori ondo landu beharko dugu».

Itxaropentsu dago Zaldua: «Taldea denboraldi osoan izaten ari den bilakaera kontuan hartuta, baikor nago. Oraintxe bertan, txisparekin, motibatuta eta ondo jokatzen ari da taldea. Horri eutsi behar diogu hurrengo asteetan».

Behin hori gaindituz gero, finala jokatuko lukete. Duela bi urte jokatutako finalarekin alderatuz, ikusten du alderik Zalduak: «Orduan, finala jokatzea sari handi bat izan zen guretzat, eta argi genuen ez genuela ia aukerarik irabazteko. Oraingo honetan, ordea, uste dut finalera iritsi ez ezik, irabazteko lehian egon gaitezkeela».

Finalerako sailkatu edo ez, garrantzi handia ematen diote bigarren denboraldiz segidan kanporaketak jokatzeari. «Aipatu bezala, entrenatzeko baldintzak kaskarrak izan dira, eta bidaiak, oso gogorrak. Horrek emozionalki asko batu eta indartu du taldea. Ni hasieratik nago taldean, eta sekulakoa da hau bizitzeko aukera izatea, eta harrobiko jokalariekin egitea. Ikusgarri ari dira». Liga bera izaten ari den bilakaeraren isla da hori. «Maila asko handitu da, batez ere teknikoki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.