«Denok izan ginen irabazleak»

Arraunean egun historikoa izango da 2021eko maiatzaren 1a: lehen aldiz jokatu zen emakumeen zortziko ontzien Gipuzkoako Txapelketa, Orion. Bide luze baten hasiera beharko luke.

Santiagotarrakeko arraunlariak, larunbatean, Orioko estropadan. JOXE MARI OLASAGASTI.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Orion estropada asko jokatzen dira aulki mugikorrean urtean zehar, baina aurreko larunbatekoak aparteko lekua hartuko du arraunaren historian: lehen aldiz jokatu zen emakumezkoen zortzikoen (lemazainarekin) Gipuzkoako Txapelketa. Hiru ontzi luze lehiatu ziren: Santiagotarrak, Hondarribia eta Arraun Lagunak. Hurrenkera horretan helmugaratu ziren, eta urrezko domina Irungo klubak eraman zuen, horrenbestez. Baina hiru taldeetako hiru arraunlarik nabarmendu dutenez, «denok izan ginen irabazleak».

«Bazen garaia», adierazi dute Ainhoa Zapiainek (Irun, Gipuzkoa, 2001), Ane Marcosek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1998) eta Sonia Bartolomek (Donostia, 1998). Santiagotarrak taldean ari da Zapiain, eta honela atera du barruan daraman ustea: «Aspalditik egon behar zen Gipuzkoako Txapelketa, baina herrialdeko federazioan ez da gauza handirik egin». Azalpena gehitu dio aurrekoari: «Zortzikoa nola den ontzi edo maila garrantzitsuena, gizonezkoen txapelketa aparte egiten da beste mailetatik, baina emakumezkoei ez zaigu aukera hori eman orain arte, taldeak egon bageunden ere». Marcos Hondarribia taldeko arraunlariak ez dio azalpenik ikusten hainbesteko atzerapenari: «Galdera ona da zergatik pasatu den hainbeste urte». Azkenik, Bartolomek, Arraun Lagunak-eko arraunlariak, beste bide batetik jo du Zapiainen aldean: «Traineruak dauka indar handia, eta nola prestakuntzak eragin dezakeen udako modalitate horretan, klubak ez dira animatzen».

Txapelketa jokoan egonik, ez da dudarik lehiak leku handia hartu zuela arraunlariengan, baina, aldi berean, jakitun ziren ez zela ohiko estropada: «Konturatzen nintzen zerbait historikoa egiten ari ginela», azaldu du Marcosek. Bartolome estropada ondoren hasi zen jabetzen berezitasun horretaz: «Arraunean ari nintzela, ez nintzen konturatu, beste estropada bat bezalakoa zen, baina bukatu ondoren hasi nintzen pentsatzen hura beste zerbait ere bazela». Zapiainen ontzia zen faboritoa, Santiagotarrak delako hiru taldeen artean aulki mugikorra soilik egiten duena, eta tituluaren bila ere atera zirela azaldu du: «Gogo handia geneukan txapelketa jokatzeko behingoagatik, eta nola Gipuzkoako titulua zegoen jokoan, horren bila atera ginen».

Aurreneko zipriztina atera diote ibaiari, eta hemendik aurrera, itsaso bilakatzea da asmoa: segida izatea txapelketak. Bartolome beste klubei begira jarri da: «Ea hasiera honek klub gehiago animatzen dituen, eta talde gehiago elkartzen garen». Beste horrenbeste egin du Zapiainek ere, eta gainera, klubei izena ere jarri die: «Segida izatea espero dut. Klub gehiago animatu daitezke, Orio, eta Donostiarra, adibidez». Marcosek ere aurrerapausoak ematen segitzea nahi luke: «Honek segida izan behar du». Beste ñabardura bat gehitu du: «Hondarribiko arraun elkartearen helburua da haurrek ikus dezatela seniorretan ere badela zortziko ontzia, eta ez bakarrik trainerua. Mugikorra gazteei gehien gustatzen zaiena denez, aukera izan dezatela segitzeko, eta ez bat-batean uzteko, seniorretan zortzikorik ez dagoelako».

Atera da dikotomia ematen duena, baina berez horrela izan beharko ez lukeena, baldin eta arraun munduko egutegiak moldatzeko borondatea balute federazioek eta ligek: trainerua eta aulki mugikorra bateragarriak al dira? Marcosek garbi du baietz: «Egutegietan zerbait moldatuz gero, agian gehiago animatuko lirateke beste taldeak, bateragarriak direlako bi modalitateak prestakuntzan, nahiz eta teknikoki ezberdinak izan».

Euskadikoa orain, berez

Datorren urtera arte zain egon gabe, Gipuzkoako Txapelketa berriz jokatuko den edo ez, beste aukera bat izan dezakete zortzikoek: Euskadiko Txapelketa. Ekainaren 12an eta 13an da Legutioko urtegian. Gipuzkoakoan izan ziren hiru taldeetatik parte hartzea ziurtzat daukan bakarra Santiagotarrak da: «Han izango gara», esan du Zapiainek. Zalantzak, ordea, Arraunek eta Hondarribiak: egutegia, trainerua... «Hor gabiltza», esan du Bartolomek: «Egutegia nola dagoen ere begiratu egin behar». Trainerillak egitekoak dira Hondarribia taldekokoak: «Horretan geratu ginen, baina gustara egingo nuke Euskadikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.