Tradizioak moldatzearen alde topa

Londresko Truman's Social Cluben gela erraldoi bat jarri dute Europako Txapelketako partidak ikusteko. Emakumeen futbola lortzen ari den ikusgaitasuna nabarmendu dute zaleek.

Zaleak Ingalaterraren eta Norvegiaren arteko partida ikusten, Trumans Social Cluben. NAGORE ODRIOZOLA.
Nagore Odriozola Juaristi.
Londres
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Blackhorse Road geldiunea azken-bigarrena da Londresko metroan ipar-ekialderantz doan Victoria linea hartuz gero. Stratford auzoa eta Elizabeth Erreginaren Olinpiar Parkea mapan kokatuz gero, iparralderantz abiatuta, hamabost bat minutura geratzen da autoz. Minutu gutxi batzuk ibili ostean, pabiloi industrial moduko batzuk begiztatzen dira, eta bertan, «sarrera eraikinaren beste aldean» ipintzen duen kartel horia. Han dago Truman's Social kluba.

Merezi du bertan geratu eta, London East-eko bihotza izan zenaren arrastoez inguratuta, etxeko garagardo bat —edo bi— edatea. Londreseko pub tradizionalen kanpoaldeei erreparatuz gero, hainbat aldiz «Truman's» irakur daiteke. Bada, horren arrazoia ulertzeko 1666ra joan behar da, ekialdera, Bricklane auzoa oso ezberdina zen garaira. Zona horretan hain justu, Truman's garagardotegia sortu zen, eta XIX. mendearen hasieran munduko handiena izan zen. 1980ko hamarkadaren amaieran saldu egin behar izan zuten, baina arrastoak jendartean jarraitu du.

2010ean, Londreseko bi garagardogileri otu zitzaien Truman's biziberritu beharra zegoela, komunitateak behar zuela. 2012ko Olinpiar Jokoek ekialdera ekarri zuten hazkundearen eta modernizazioaren olatuan, orain ezagutzen den Truman's Social Club sortu zen. Garagardotegia eta puba, biak batean elkartzen zituen proiektuak. Bertan adi ikusten ari dira Eurokopako nondik norakoak.

Txapelketako posterra dute atean, eta barruan gela erraldoi bat jarri dute neurketak ikusteko. Txapelketan parte hartzen ari diren herrialdeen banderak dituzte zoruan, pantaila erraldoi bat eta edarietarako barra. Futbolina ere badute txoko batean, baita ping-pongeko mahai bat ere. Guztia prest zuten herenegun Ingalaterra-Norvegia partida ikusteko.

Jake eta Gemma Randell izan ziren lehenengoetarikoak iristen, biak ala biak Londresen jaioak. Jakek futbolean jokatu izan du bizi osoan, lesio batek uztera behartu zuen arte; Gemmak, berriz, igandeetan, lagunartean. «Futbola ikusten dugu, bere osoan: berdin zaigu emakumeak ala gizonak. Pena handia ematen dit Alexia Putellas ikusi ezin izateak. Izugarrizko jokalaria da», azpimarratu zuen Jakek. «Emakumezkoen Txapeldunen Ligari adi erreparatu diogu, eta ederra da ikustea emakumeen futbola nola ari den hazten. Esan nahi dut: Old Trafford bete zuten gureek lehenengo egunean. Old Trafford!». Harro nabari zitzaion hitz egiterakoan. «Gauzak aurrerantz doazen seinale. Guk gure babesa ematen jarraituko dugu», erantsi zuen Gemmak.

Guztira 50 bat zale bildu ziren euren selekzioa animatzeko. Asteburua izanez gero ehun bat izan daitezkeela nabarmendu zuen zerbitzari batek. Garagardo bana eskuan, giro ederrean gozatu zuten partidaz. Selekzioak batzen zituen.

Beste zaleetako bat Alice Nutman zen. Ingalaterraren elastiko zuria zeraman. Aspaldikoa zirudien, armarria beste garai batean josia balitz bezala, esanahi berezikoa ziurrenik. Londresen jaioa da, eta Clapton Community FC taldean jokatzen du. Betidanik izan da emakumezkoen futbolaren jarraitzailea. Pantaila handian, bitartean, Ingalaterrak seigarren gola sartu zion Norvegiari —8-0 amaitu zen partida—. Nutmanen arabera, multzoko faseko partidarik gogorra zen. Ez berak eta ez ondoan eserita zeukan Trenna Sharpe neska lagunak ez zuten ulertzen zer gertatzen ari den. «Egia da Europako Txapelketa honetara konfiantzaz zetorrela taldea, baina hau...»,esan zuen, barrez.

Sharpek denbora darama Londresen bizitzen, baina Ameriketako Estatu Batuetakoa da. «Hango emakumeen selekzioak 1999an Munduko Kopa irabazi zuen, eta ni horren ondoren hasi nintzen futbolean jokatzen. Ordutik, nolabait, ohitua egon naiz emakumezkoen futbolari babesa ematen zaiola ikustera, eta hona etortzeanharritu egin ninduen ikusteak babes hori txikiagoa zela. Hala ere, goraka ari dela uste dut, eta amerikarren hegemonia amaitzea positiboa da».

Arrakasta izatea nahi dute

Duela ehun urte, Ingalaterrako Futbol Elkarteak emakumeek futbolean baldintza onetan joka zezaten debekatu zuen. Horrela izan zen 50 urtez. Berezia da, beraz, Eurokopa bertan jokatzea. Garagardo gorria hartu bitartean, Ingalaterraren golak ospatu zituen bikoteak. Baina Nutmanek argi eta garbi zituen bere lehentasunak: «Nik benetan nahi dudana da Europako Txapelketa honek arrakasta izatea, jendeak sarrerak erostea, emakumeak jokatzen ikustera joatea... Hori guztia askoz ere gehiago axola zait Ingalaterra irabazten ikustea baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.