Ezinegotzi dohakabearen ikarazkoa

Koldo Izagirre
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Kutsatu elkartasuna eta bukatu gosearekin, gobernurik gabeko erakundearen publizitatea markesinaren beiran. Hausnarrean hasi da hitzok murtxikatuz, noiz ere zementu zaku baten astunaz ezarri zaion Eskua sorbaldan.

Ez du lehen aldia, Ezinegotzia bihurtu denez geroztik hasi zaizkio astunkilo guztiak adosgintzan. Baina harro dago daraman politikaz, eta ez du etsiko.

Bazkaritara gonbidatu du Eskuak, lasai hitz egin ahal izateko.

— Lasai hitz egiteko lekua udaletxean dut nik.

Leihoak ketutako Mercedes bat gelditu da autobusarena den geltoki eremuan. Atea zabaldu da, atzekoa, amuruski.

Hotsandiko Jan Jauregia izenekora heldu da, onik, egoera ergonomikoari buruzkoak entzuki. Urliak —maila goreneko izen bat aipatu dio Eskuak— hemen erosten omen du jakia bere zakurrentzat.

Mintzaira eslaboren bat izan litekeen marmarra entzun du inguruan.

— Ikara gaitzala eskatu diot chefari.

Kartan ageri dena platerekoa ekarri bitartean hautatzeko bide da. Dastañoa agintzeko, atzamarra zerrendaren zazpigarren lerroan ipini du Eskuak.

Ber gauza agindu du Ezinegotzi dohakabeak.

Maitreak gosearen libertitzeko kartakarpetak jasotzera egin duelarik, bertan uzteko eskatu dio Eskuak otoi, beharko omen du gero ere.

— Zer da beraz, lasai hitz egin beharreko hori?

Ez entzuna egin dio Eskuak, mezularritzan ari da. Ezinegotziak badaki —espero du, erantzuna prest dauka—, Golan Gainan asentamentu hautak egiteko bahimenarena aipatuko diola Eskuak.

Maitreak destainez kokatu ditu mahaian dastañoak.

Xardea hartuta platerekoari ekiteko dela, besotik heldu du Eskuak.

— Hau ez da guk agindu duguna.

Noski, guk eta dugu horiek izan litezke lasai hitz egiten hasteko seinalea, hurbiltzeko taktika.

Zapia ezpainetara jaso du Eskuak eta maitrea hurreratu zaie mahaisuki.

— Hau ez da guk agindu duguna.

Kartakarpeta zabaldu eta atzamarra tinkatu du Eskuak Haragizko piper beteak dioen lerroaren azpian.

Maisuak, ordea, zer esan ez dakiela dirudi.

— Izarrezko sukaldaria, non hago!

Ozen, ozar, ozpin, Eskua bere larderia zabar erakusten.

Tupinak sutan utzita etorri behar izan du izerdizko chefak, Eskuaren orroek eslabo guztiak kategabetu aitzin.

— Guk hau eskatu dugu —atzamarra kartakarpetako zazpigarren lerroan—, eta zure robot honek —atzamarra maitreari tiroka— beste hau ekarri digu —atzamarra platerean dauden piper tristeak salatuz.

— Barka ezazu, haragizko piper beteak dira, neuk bete ditut, bertako haragia erabiltzen dugu, piperra Lodosakoa da, gure produktuak...

— Sinesten dizut, baina guk haragizko piperrak espero genituen, haragizko piperrak eskatu ditugulako.

Noski, guk eta ditugu horiek adosgintzaren sinboloak datezke, besarkatzeko taktika.

— Haragizko piper hutsak dira ba.

— Nola hutsak! Hezurrak agerian al dituzte?

— Barka ezazu, jauna, ez dizut ulertzen.

— Haragiz betetako piperrak ez dira haragizko piperrak. Guk haragizko piperrak espero genituen Jan Jauregian!

Eskuak eta Sukaldariak antolatu fartsa bat ikusten ari delako susmoa egin zaio Ezinegotziari.

— Zure espezialitatea ez al da esperimentazioa? Non da izarrezko chefaren ikaragarria? Zain gaude!

— Arrazoia duzue.

Ezinegotzi dohakabeak piperrik esan ez duenez, duzue hori entzule objektiboaren sententzia dateke, noski.

Kartakarpetaren hegalen artean sartuta eraman ditu platerak chefak berak, maitrearen irriño burlaireari jaramon egin barik.

— Gosetua nago oraintxe!

— Kutsa iezaiozu elkartasuna, horixe omen da onena gosearekin bukatzeko.

— Nik ez dut gosearekin bukatu nahi, nik ase eginda bukatu nahi dut!

Platerak esku banatan ekarri ditu sukaldariak, metalezko kupulak dirdiran. Jelosiaz kiskaltzen jiratu dute burua Mafia eslaboaren lilirik finenek.

Mahai gainean utzi, kupulak jaso...

— Hau al da sorpresa?

— Bai, zuentzat egina berariaz.

Platerak hutsik daude, minimalismoaren gailurra jo du une honetan euskal kulturak, hauxe jenialtasuna jenialtasunik bada: platerak berak dira jaki!

— Uste dut gosearekin bukatu behar dugula —irten zaio Ezinegotziari. Dugula, bai. Dohakabea.

— Nik gosea egotzi egiten dut ordea! Begira lasai, eta ikasi lasai!

Hartu du Eskuak platera, jaso du, zabaldu du ahoa...

Fartsa bat, fartsa merke bat.

Txalo eta oihu eta irrintzi ere egin dute Jan Jauregiara leihoak ketutako Mercedes beltzetan etorri diren eslabo guztiek Eskuak plater ezinjana haginka triskatu eta irentsi egin duenean plazerezko asebetean.

— Txipiroizko plater beteak —esplikatu dio chefak—, ez al da ikaragarria?

Bahimena bahimen, Golan Gaineko asentamentu berria saldu die Eskuak eslabo liberatuei. Ezinegotzia arrunt ikaratua bizi da geroztik, ez ote duen izenaren letra bat galduko, dohakabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.