Lehen galbaheak xehatu duena

Esperotako gidoia izan du Txapeldunen Ligako ligaxkak: hautagai gehienek ez dute hutsik egin, eta tarte gutxi izan da ezustekoetarako. Nagusi izan dira bost liga nagusietako taldeak.

Atalantako jokalariak, final-zortzirenetarako sailkapena ospatzen, herenegun, Kharkiven. SERGEI DOLZHENKO / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bukatu da Txapeldunen Ligako ligaxka. Urtero bezala, hamasei talde sailkatu dira final-zortzirenetarako. Europako bost liga nagusietako klubak dira denak, txapelketaren elitizazioaren erakusgarri. Hautagai nagusiek ez dute hutsik egin, Interrek eta Ajaxek salbu. Herbeheretarrak finalerdietaraino iritsi ziren iragan sasoian, baina, oraingoan, ezin izan dute ligaxka gainditu. Errazen igaro duena, berriz, Bayern Munich izan da, inoizko zenbakirik onenak lortuta. Atalantak, berriz, azken bi jardunaldietan estututa egin du aurrera. Italiarrek eman dute orain arteko ezusteko nagusia, eta ia bakarra.

ARRABOLA ALEMANIARRA
Bayern Munichen marka: 18 puntu eta 19 golen aldea

Iragan sasoiko nahigabea ahaztu nahi du Bayern Munichek. Liverpoolek final-zortzirenetan kanporatu ostean, bere onera itzultzeko asmo irmoa du Alemaniako txapeldunak. Modurik onenean ekin dio txapelketari, B multzoan jokatu dituen sei partidak irabazita. Ez edonola, gainera, 24 gol sartu eta soilik bost jaso baititu. Hala, hemezortzi puntu eta hemeretzi golen aldearekin bukatu du; inoizko zenbakirik onenak dira. Alemaniako Ligan, oso eskas dabil —zazpigarren da—, baina oso bestelako itxura ari da ematen Txapeldunen Ligan. Aurkariak zanpatu egin ditu; esaterako, 2-7garaitu zuen Tottenham.

Halako distirarik gabe bada ere,aurreikuspenak bete dituzte Bartzelonak, Juventusek eta Manchester Cityk. Faboritoak ziren beren multzoen buru izateko, eta arazo handirik gabe bete dute lana.

ESPERO BAINO APALAGO
Zailtasunak izan dituzteLiverpoolek eta Real Madrilek

Paris Saint-Germain ere lehen postuan sailkatu da, Real Madrilen ahuleziaz baliatuta. Zinedine Zidanerenek zalantzati hasi zuten sasoia, eta astindua jaso Parisen, lehen jardunaldian (3-0). Hurrengo partidan, berriz, bina berdindu zuten etxean Brujasekin. Hortik aurrera, azeleragailua zanpatu dute, baina ezin izan dute PSGren nagusitasuna ezbaian jarri, Bernabeun oso estu hartu arren: 2-2. Bederen, sailkapena erraz lortu du Real Madrilek; hori ere ez, ordea, Liverpoolek, aurreko sasoiko txapeldunak. Puntu bakarra bildu zuen Napoliren aurkako bi lehietan; eta hala, azken jardunaldian,kanporatua izateko arriskuan jokatu zuen Salzburgen aurka. Galduz gero, kanpoan zen. Kontrara, 0-2 irabazi zuen. Atletico Madril ere azkeneko partidan sailkatu zen. Juventus aise gailendu zaio lidergoaren lehian.

BI ESTROPEZU...
Ajax eta Inter, kalera

Ajaxek berriz ere amets egiteko ilusioa zuen, iragan sasoian finalaren atarian gelditu ostean. Bada, hasi eta berehala jo dio iratzargailuak, ez baita kanporaketetara igarotzeko gai izan. Lehia estua izan du Chelsearekin eta Valentziarekin, eta, azken jardunaldira lider iritsi arren, hirugarren izan da azkenean. Garesti ordaindu ditu Amsterdam Arenan Ingalaterrako eta Herrialde Katalanetako taldeen aurka galdutako partidak. Halaber, gogoan izango du Stamford Bridgeko partida. 1-4 ari zen irabazten Frank Lamparden taldearen kontra, baina launa berdindu zuten azkenean.

Inter Milanek ere oso multzo zaila zuen, Bartzelona eta Borussia Dortmund baitzituen aurkari aurreneko bi postuen lehian. Italiarrak sendotu egin dira sasoi honi begira, entrenatzaile kargua Antonio Conteri eman, eta izen handiko jokalariak fitxatuta. Italiako Ligan fin dabiltza —lider dira, Juventusen aurretik—, baina kale egin dute Europan. Bigarren postuan iritsi ziren azken jardunaldira, baina 1-2 galdu zuten jada sailkatuta zegoen Bartzelonaren aurka; hala, aurrea hartu zien Borussia Dortmundek.

...ETA MIRARI BAT
Atalantak balentria egin du bere lehen parte hartzean

Oso hasiera txarra izan arren, final-zortzirenetan sartu da Atalanta. Esku hutsik bukatu zituen lehen hiru lehiak, akaso urduritasunaren ondorioz. Izan ere, Italiako taldeak aurreneko aldia du Txapeldunen Ligan. Haatik, sekulako susperraldia izan du azken hiru partidetan: aurrenekoa berdindu du, eta azken biak irabazi egin ditu; hala, miraria gauzatu du. Hori horrela, astelehenean Nyonen (Suitza) egingo den zozketako talderik apalena izango da, teorian, bederen. G multzoan sailkatu diren Leipzig eta Olympique Lyon ere aurkari estimatuak izango dira.

EZUSTEKO GOLEGILEA
Zortzi gol sartu dituErling Braut Haalandek

Bakarkako jardunari erreparatuta, Robert Lewandowski Bayerneko aurrelari poloniarrak sartu du gol gehien ligaxkan: bost partidatan hamar gol sartu ditu. Haren atzetik, Erling Braut Haaland norvegiarra ageri da, Salzburgorekin zortzi gol sartuta. Kopuru itzela da, batik bat 19 urte eskas dituelako, eta estreinakoz aritu delako Txapeldunen Ligan. Garaia, abila eta azkarra da, eta, bistan denez, golerako sen handia du. Aurrelari osoa da, alegia, eta talderik ahaltsuenen arreta piztu du jada. Orain, Europa ligan jarraitu beharko du golak sartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.