Aro bat, historia eginez amaitzera

Max Verstappenen eta Lewis Hamiltonen arteko lehia ikusgarria espero da gaurtik aurrera, Abu Dhabin. Sasoiko azken lasterketa, eta saririk handiena jokoan: munduko txapeldun izatea.

Max Verstappen eta Lewis Hamilton, parez parez, Austingo zirkuituan. HAWN THEW / EFE.
Laurentzi Garmendia
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Puntutan berdinduta iritsiko dira Max Verstappen (Red Bull) eta Lewis Hamilton (Mercedes) 1 Formulako Munduko Txapelketako urteko azken lasterketara, Abu Dhabira: 369,5. Bien arteko lehia estua izan da denboraldi osoan, batak ez dio besteari puntu askorik atera inoiz, eta beti egondira lasterketa batera baino gutxiagora elkarrengandik. Bederatzi garaipen eta hamazazpi podium lortu ditu Verstappenek, eta zortzi garaipen eta hamasei podium Hamiltonek. Buruz buruko ikusgarria espero da asteburuan. Atzo, entrenamendu libreetan, Hamilton izan zen onena.

Ez da lehen aldia txapelketa azken lasterketan erabakiko dena, azken hamarkadan bai baitaude halako adibideak; eta ez bi bakarrik. Hainbat gidari iritsi izan dira azken lasterketara txapelketa irabazteko aukerarekin: Kimi Raikkonen, Fernando Alonso eta Lewis Hamilton, 2007an; eta Sebastian Vettel, Max Webber, Alonso eta Hamilton, 2010ean.

Lehia estua izan zen, batez ere Alonsoren eta Hamiltonen artean. McLarenen zeuden biak. Baita Vettelen eta Webberren artean ere, Red Bullen. Baina titulu batek ohikoa duen ezaugarria da hori, talde bereko gidariak tarteko direnean. Halako adibiderik nabarmenena Ayrton Sennaren eta Alain Prosten artekoa izan zen. Bi urtez jarraian izan ziren lehia gordinean, eta bietan modu traketsean erabaki ziren txapelketak, elkarren artean tupust eginda. Verstappenen eta Hamiltonen artekoa horien parekoa da gutxienez.

Prosten eta Sennaren arteko lehia oso sutsua izan zen, 1989an eta 1990ean. Garai hartan, puntuazio sistema desberdina zen. Garaileak bederatzi lortzen zituelako, 25 punturen ordez , eta soilik denboraldiko 11 emaitza onenak hartzen ziren kontuan puntuak kalkulatzeko. Puntuazio sistema hori tarteko, Prosten eta Sennaren arteko lehian badira gako batzuk. Bi urte haietan, Suzukan (Japonia) erabaki zen txapelketa, nahiz eta hura ez zen sasoiko azken lasterketa izan. Lasterketa guztiak kontuan hartu izan balira, txapelketak beste itxura bat izango luke. Azken lasterketara titulua erabakita iristeak gidari bat nagusi izan dela erakusten du, titulua modu garbiago edo traketsagoan zigilatuta ere.

Horrek egiten du aurtengoa hain erakargarri eta historiko. Aurtengo sasoia 22 lasterketez dago osatua, eta, azkena falta dela, puntutan berdinduta iristea ia sinestezina da. Berdintasunaren isla da. Talde bereko gidarien artean gertatu zen lehia hori 1989an, Senna eta Prost McLarenen baitziren. Hurrengo urtean,Sennak McLarenen jarraitu zuen, eta Prostek Ferrarirekin fitxatu zuen. Berriro Suzukan erabaki zen txapelketa, Sennak eragindako istripu batekin. Lehenago, Ferrariren eta McLarenen arteko lehiak pistatik bulegoetara jauzi egin zuen, baita prentsara ere. Guztiak balio zuen desoreka eragiteko, eta ingurugiro horrek zeresana izan zuen halako amaiera zikina behartzeko. Saudi Arabian horren ispilua ikusi ahal izan genuen, egungo arauetara egokitua.

Verstappenen eta Hamiltonen arteko lehiak badu historiko bilakatzeko osagai nahikoa. Baina gidarien gainetik dauden lasterketa taldeak beren indar eta makineria guztia engranatzen ari dira erabakigarri izan daitezkeen faktoreak euren mesedetara makurtzeko. Michael Massi lasterketa zuzendaria bilakatu da bien helburu, bai lasterketan bertan harengana etengabe joaz, baita astean zehar adierazpenak eginez ere.

Trantsizio urtea zirudien aurtengoak, 2022an baitatoz aldaketa handiak, eta horietara ongien egokitzen denak urte batzuetarako nagusitasuna izango du, ia ziur, 2014 aro hibridoan Mercedesek asmatu zuenaren pareko. Aurtengoa aro horren amaiera bada ere, bientzat garrantzi handia hartu du. MercedesekHamiltoni zortzigarren titulua eman dion talde bezala gogoratzea nahi du, eta Red Bullek hainbeste urteren ondoren, lehen postura itzuli. Biak dira helburu garrantzitsuak.

Aldaketa zirkuituan

Hori erabakitzeko jolasgunea Abu Dhabi izango da. Urteetan zehar Mercedesen aldeko zirkuitua izan da, baina iaz Verstappenek aise irabazi zuen. Hamilton COVID-19tik osatzen ari zen

Aurten aldaketa batzuk egin dituzte zirkuituan, itzuliko 10-15 segundo azkarrago da zirkuitua aldaketa horiekin. Hau da, guztiz bestelako zirkuitua izango da. Ikusteko dago zein autorentzat den egokiagoa. Lehia Hamiltonen eta Verstappenen artekoa izango da soilik. Saudi Arabian bezala, besteengandik urrun, eta elkarrengandik gertu. Bien arteko talkarik gertatuz gero, titulua Verstappenena litzateke, garaipen bat gehiago baitu. Bestela, aurretik sailkatzen dena izango da munduko txapelduna.

Bi estiloren arteko lehia da, adinean urrun daudenak, baina abiaduran oso gertu. Verstappen sistemaren mugan mugitzen ari da, batez ere aurreratzeko orduan. Aurkari oso sendoa da, ikusgarria bezain efektiboa. Karting garaiko lehia estiloa hartu du 1 Formulan, libreago arituz. Ezin dira konparatu, ordea, kartingean eta 1 Formulan dauden interesak. Horrek behartzen du guztia gehiago arautzera, zoritxarrez gehiegi ere bai.

Debate hori balekoa bada ere, onartezina litzateke titulua talka baten ondorioz erabakitzea. denboraldi izugarri hau ezin da horrela amaitu, inori ez baitio mesede egiten. Bietariko edonor merezitako txapeldun izango da, beti ere garbi jokatzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.