Zuten apurra ere kendu diete

Esteban Gaubekak, Xabier Ibargaraik eta Pablo Fustok ezin dute palan jokatu itxialdiagatik. Pala profesionalak bizitzeko adina ez die ematen; aurrera egiteko beste ogibide bat dute.

Esteban Gaubeka, banakako finalaren pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Itxialdiaren ondorioz, ikusgarritasun handia duten kirolen egoera samurra ez bada, are ilunagoa izaten ari da isiltasunera kondenatuak dauden kirol txikienena. Pala profesionalaren kasua da horren erakusle. «Egoera zinez gogorra izaten ari da». Xabier Ibargarai pilotariaren aitorpena da. Binakako Urrezko Pala Txapelketa martxoaren 13an zen hastekoa, Mungian (Bizkaia), baina koronabirusa ez hedatzeko ezarritako konfinamendua dela eta, bertan behera utzi zuten. Ibargarai, Esteban Gaubeka, eta Pablo Fusto palistek «penaz» azaldu dute euren egoera.

Innpala enpresak oraindik ez daki zehazki noiz izango diren denboraldiari berrekiteko moduan. «Erakundeek zer esango diguten zain gaude, eta horrek denoi ziurgabetasuna eragiten digu», azaldu du Josu Urkijo enpresako arduradunak. Hori gutxi ez, eta, etenaldiagatik Innpalak datozen hilabeteetan irabazi ekonomikorik izango ez dituenez, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri zien pilotariei. Urkijok aitortu du inoren gustukoa ez den egoera dela. Palisten iritziz, enpresaren hautua «zuzena eta ulergarria» izan da. «Txarren-txarrenean ez gaituzte kaleratu. Gu baino okerrago pasatzen ari den askoz jende gehiago dago», adierazi du Gaubekak. Ibargarairi, berriz, egoerak «amorrua» ematen dio, «baina ez eragin ekonomikoagatik, palan jokatzeko ezinagatik baizik».

Pala profesionalean nahiko luketen baino diru gutxiago mugitzen denez, palista ia guztiek beste ogibide bat dute. Ibargarai argi mintzo da: «Palaz ezin gara bizi». Erratzuarrak Iruñeko Arcelor Mittalen egiten du lan. «04:00etan esnatzen naiz. Bazkalordurako etxera itzuli, umeekin apur bat egon eta entrenatzera joaten naiz. Tristea den arren, egoeraz ez naiz kexatzen». Gaubekak, berriz, Bizkaiko Kirol Federazioko aholkularitzan dihardu. Egun hauetan, telelanean ari da. «Palari esker, beste soldata bat dugu, baina badakigu bizitza osorako ez dugula edukiko. Horregatik, beste ogibide bat dugu».

Ezberdina da Fustoren egoera. «Palaz bizi naiz, baina ez erabat; ogibide osagarri bat dut». Palako ikastaroak ematen ditu, Bizkaiko Pilota Federazioak sustatuta. Itxialdiagatik, ordea, geldirik dago. «Argi izpi baten zain gaude». Fusto, bestalde, argentinarra izanik, jaioterrian du familia. Aste Santuko egunetan bisita egitera joateko asmoa zuen, baina Euskal Herrian geratu behar izan du. «Garai zaila bizitzen ari naiz, baina zorionez, gaitzak hemen baino ahulago jo du Argentina».

Palistek ez dakite euren kontratuekin zer gertatuko den. Gaubeka eta Ibargarai, behinik behin, egoera horretan daude. Gaubekari uztail amaieran amaituko zaio kontratua, eta uste du arrazoiak badituela gutxienez beste urtebetez jarraitzeko. «Buruz buruko egungo txapelduna naiz, eta oso ondo sentitzen naiz». Seigarren txapela eskuratu zuen [Faustok adina], Ibargarairen aurka zehazki. Ibargarairi, berriz, abuztuaren 31n bukatuko zaio kontratua. «Okerrik ezean, uste dut pilotarioi kontratuak berrituko dizkigutela». Innpalako arduradunak aditzera eman duenez, palista koadroarekin jarraitzeko «asmoa» dute.

Ikuslea, funtsezko

Egoera argitu bitartean, palistak etxean «hala moduz» ari dira entrenatzen. Hori bai, denbora libre gehiago edukitzeagatik, oharkabean, behar baino ordu gehiago sartzen dituztela diote hirurek. Gaubekak, esaterako, etxean horma txiki bat du, eta noizean behin semearekin pilotan jokatzen du. «Baina ez da berdina». Frontoian pilotari zartako galant bat emateko «amorratzen» daude. Ibargaraik aitortu duenez, orain dela hemeretzi urte palan jokatzen hasi zenetik, inoiz ez zen egon hilabete baino gehiago frontoira joan gabe. «Laster bi hilabete egingo ditugu etxean sartuta, eta gaizki moldatzen ari naiz. Pasioz bizi dugu pala; gure barrua husten dugu, baina hori kendu egin digute».

Konfinamendua amaituta, badakite zaleei kosta egingo zaiela pilotalekura gerturatzea. «Pilotazaleak mesfidati egongo dira», zehaztu du Gaubekak. Beraz, nahiago dute ateak itxita jokatu beharrean, harmailetan jende kopuru «egokia» egon arte itxaron. «Telebistan ia ez gara ateratzen; beraz, zertarako jokatu ikuslerik ez badago? Ez dauka zentzurik», arrazoitu du Fustok. Bat dator Ibargarai ere: «Berez, pala txapelketetara jende gutxi joaten da, eta, ateak ixten badituzu, pentsa. Jendearen beharra daukagu, giro bero horrek kaiolan hazten laguntzen baitigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.