Premier-eko borroka, Europara

Multzoen fasea jokatuta, Ingalaterrako taldeak eta Municheko Bayernek erakutsi dute Txapeldunen Liga irabazteko hautagai nagusiak direla. Bartzelona txapelketatik at geratu da.

PSGko Achraf Hakimi eta Manchester Cityko Joao Cancelo, baloia eskuratzeko lehian. PETER POWEL / EFE.
Iñaki Berastegi.
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Astelehenean egingo dute Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako zozketa, eta talde guztiek ziur Premier League txapelketako ordezkariak eta Municheko Bayern ekidin nahiko dituztela. PSG eta Chelsea ere ez dira aurkari gustagarriak, baina, bigarren postuan amaitu dutenez, multzo buruen kontra jokatuko dituzte kanporaketak. Era berean, zozketan izango dira Real Madril, Juventus eta Milango Inter historikoak, Atletico Madril multzoen fasea ozta-ozta gainditu dute eta Ajax lehen fase honetako ezustekoa izan da. Alta, hutsune handi bat izango da zozketan, Bartzelonak Europa Ligarako bidea hartu baitu. Egoera berean daude Sevilla, Borussia Dortmund eta Porto, besteak beste. Milan, berriz, Europako lehiaketetatik kanpo geratu da. Otsailean hasiko da benetako lehia.

HAUTAGAIAK
Ingelesen nagusitasuna


Manchester City eta Liverpool izan dira emaitzarik onenak eta jokorik ikusgarriena lortu dituzten bi taldeak. Borroka estua izango dute Premier League txapelketa irabazteko, eta baliteke lehia hori Txapeldunen Ligara ere eramatea. Chelsea ere borroka horretan dagoen arren, Thomas Tuchelen taldeak behera egin du azken asteetan. Hala, eta urtero bezala, Bayern Munich da kontuan hartzeko beste hautagai nagusia. Julian Nagelsmannen taldea sendo ari da Alemanian, eta multzoen faseko neurketa guztiak irabazi ditu. Talderik osoenak hiru horiek dira.

Koxka bat beherago daude Real Madril, Juventus, Atletico Madril eta PSG. Bikaintasunetik urrun dago Messiren, Neymarren eta Mbapperen PSG. Hiru izarrek taldearen defentsako lana erabat baldintzatzen dutenez, hirurak zelaian mantenduz oreka eman diezaioken formularen bila ari da Mauricio Pochettino entrenatzailea. Aurkituko balu, hautagai nagusienaren pare jarriko litzateke.

DEZEPZIOAK
Bartzelonaren desastrea


Zalantzarik gabe, Bartzelonarentzat kolpe handia izan da Txapeldunen Ligatik kanpo geratzea, bai kirol arloan, bai ekonomikoan: 2000-2001eko denboraldian gelditu zen azkenekoz kanporaketetara igaro gabe. Bi gol baino ez ditu sartu multzoen fase osoan, eta biak Dinamo Kieven aurkako garaipenetan. Xavi Hernandezekin taldearen jokoak hobera egin arren, emaitzak Ronald Koemanen garaikoak dira. Europa Ligako doikuntza kanporaketa jokatuko du. Dramatikoa, baina aurreikus zitekeen. «Hau da dagoena», Koemanek esango lukeen moduan.

Milan, Sevilla eta Borussia Dortmundengandik ere gehiago espero zen. Alemaniarrak faboritoak ziren multzoko lehenengo postuan amaitzeko, baina Ajax eta Sporting Portugal izan ditu aurretik. Bundesligan ondo ari dira, baina talde hauskorra da atzealdean. Gauza bera esan daiteke Julen Lopetegiren Sevillaz. Denboraldi hasiera irregularra egiten ari da. Hasieran multzo erraza zuela zirudien, baina hirugarren postuan amaitu du. Etxeko partidetan egin du kale. Bartzelonak bezala, Europa Ligako final-zortzirenetara sailkatzeko kanporaketa bat jokatu beharko dute. Hori ere ez du lortu Milanek. Multzoko azkena izan da, eta Europatik at geratu da.

EZUSTEKOAK
Ajaxen erakustaldia


Erik Ten Hagek zuzendutako Ajax izan da multzoen faseko ezusteko nagusia. Ohikoa duen talde joko alaiari esker, jokatu dituen neurketa guztiak irabazteko gai izan da Amsterdameko taldea, eta multzoko lidergoa eskuratu du. Hogei gol sartu ditu, eta bost baino ez dizkiote egin Borussia Dortmunden, Sportingen eta Besiktasen multzoan. Johan Cruyff pozik legoke. Benficaren eta Salzburgoren sailkapenek ere meritu handia dute.

Sailkatu ez bada ere, Tiraspolgo Sheriffen balentria luzaroan gogoratzeko modukoa izan da. Transnistriako taldeak zazpi puntu egin ditu, eta multzoko hirugarren amaitu du, baina hori baino harrigarriagoa da Santiago Bernabeun lortutako garaipena: 1-2 menderatu zuten Real Madril. Ez zirudien talde hasiberria zenik ere.

JOKALARIAK
Haller izan da izarra


Historian arrastoa utziz egin du debuta Sebastien Haller Ajaxeko aurrelariak Txapeldunen Ligan. Multzoen faseko neurketa guztietan egin ditu golak: denera hamar sartu ditu. Lehenengo aldia da Txapeldunen Ligan debuta egiten duen jokalari batek haren aurreneko sei neurketetan, guztietan, gutxienez gol bat egiten duela. Ez hori bakarrik, Cristiano Ronaldoren markatik—11 gol egin zituen 2015-2016ko denboraldiko lehen fasean— gol bakarrera geratu da.

Aurrelari frantziarrarekin batera, beste hainbat nabarmendu dira. Esaterako, Robert Lewandowski eta Mohamed Salah izan dira beren taldeetako liderrak. Atletico Madril final-zortzirenetarako sailkatu bada, hein handi batean Antoine Griezmanni esker izan da, espainiarrek multzoen fasean sartu dituzten bost goletatik lau egin baititu frantziarrak.

Ohi bezala, jokalari erabakigarrien zerrendan Cristiano Ronaldo ere badago, Atalanta eta Vila-realen kontra egindako golei esker sailkatu baitira deabru gorriak. Benficako Nicolas Otamendik, Portoko Luis Diazek, Leipzigeko Christopher Nkunkuk, eta Real Madrileko David Alabak eta Karim Benzemak ere aipamena merezi dute beren taldeei egindako ekarpenagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.