Binakakoaren erradiografia

Binakako Txapelketako parte hartzaileen adinaren batez bestekoak lehen aldiz egin du gora 2013tik. Batez beste, 26,1 urte dituzte, iaz baino urte erdi gehiago. Zenbait aldaketaren eragina da.
Binakako Txapelketan ariko diren pilotarietako batzuk, iragan asteartean, aurkezpenean.
Binakako Txapelketan ariko diren pilotarietako batzuk, iragan asteartean, aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 23
Gaur hasiko da EPELen Binakako Txapelketa, Altuna-Martijak eta Ezkurdia-Ladis Galarzak Amezketan (Gipuzkoa) jokatuko duten partidarekin. Txapelketaren nondik norakoak, ordea, joan zen asteartean eman zituzten, aurkezpenean. Modu orokorrean eman zituzten datu gehienak, baina, pixka bat sakonduz gero, zenbaki interesgarri gehiago aurki daitezke. Hona hemen Binakako Txapelketaren erradiografia.

ZAHARRAGOAK

Binakako Txapelketako parte hartzaileen adina 26,1 urte da, iaz baino 0,6 urte zaharragoa. Kalkulua zifra absolutuekin egina da, hilabeteak kontuan hartu gabe. Horrela, 2013az geroztik zegoen joera eten da, urtero gaztetzen ari zelako. Dena den, urrun gelditu da 2013an parte hartzaileek zuten 29,5 urteko batez bestekoa, eta are urrunago 2011ko 30,9 urtekoa. Aurten, batez besteko adina igo izanaren gakoa jarraitutasuna da. Hamasei parte hartzaileetatik hamahiruk iaz ere jokatu zuten, eta urtebete zaharragoak dira. Aimar Olaizola da zaharrena, 39 urterekin, Oinatz Bengoetxea zaharrenetan bigarrena baino bost gehiago (34), eta Mikel Urrutikoetxea hirugarrena baino hamar gehiago (29). Asegarcekoak dira hirurak. Asegarcekoa da gazteena ere, Jon Mariezkurrena: 19 urte ditu.

OLAIZOLA II.AREN HOGEIGARREN BINAKAKOA

Olaizola II.ak hogeigarren aldiz hartuko du parte Binakako Txapelketan. 2000n jokatu zuen aurrenekoz, eta, orduan, Mariezkurrenak sei hilabete baino ez zituen. Berriozarko atzelaria da, hain zuzen, txapelketa estreinakoz jokatuko duen pilotari bakarra. Parte hartze gehien dituen bigarren pilotaria, berriz, Bengoetxea da, —hamabost aldiz—, eta hirugarrena Albisu —zazpi besterik ez—. Zentzu horretan, aldeak oso handiak dira. Azken sei urteetan, ia txapelketako pilotari koadro osoari eman zaio buelta, Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a baitira 2012ko txapelketan parte hartu zuten eta aurten ere ariko diren pilotari bakarrak.

ZAZPI TXAPELDUN LEHIAN

Hamasei parte hartzaileetatik hamalau sei aldiz baino gutxiagotan aritu dira. Hala ere, txapeldun izandako zazpi pilotari daude: Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a, Urrutikoetxea, Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta, Iker Irribarria eta Beñat Rezusta. Kopuru handia da, eta azken urteetan debuta egin duten pilotarien mailaren erakusgarri da. Aldiz, hamar dira finala jokatu dutenak, zazpi txapeldunak, Jon Ander Albisu, Danel Elezkano eta Andoni Aretxabaleta.

PILOTARI GARAIAK: 1,86 METRO BATEZ BESTE

Txapelketaren aurkezpenean deigarria izan zen beste datu bat pilotarien altuera izan zen. Ez zen gutxiagorako, lau 1,90 metrotik gora baitaude: Aretxabaleta eta Mariezkurrena 1,95 metro luze dira, Rezusta 1,92, eta Ezkurdia 1,91. Pilotari guztien batez besteko altuera 1,86 metro da. Bengoetxea VI.a da txikiena: 1,78 metro da luze.

SISTEMA FINKATUA

Binakako Txapelketak 21 aste irauten du, ia bost hilabete. Finalera iristen diren bikoteek hemezortzi partida jokatuko dituzte. Bere garaian, hainbat kritika eragin zituen, luzeegia zelako eta lehen urtean ordezkapen asko egon zirelako. Baina jada erabat finkatuta dago. 2012an erabili zuten lehenbizikoz gaur egungo sistema, eta aurtengoa zortzigarren aldia izango da.

ETA GASTEIZ?

Enpresen Ligak 27 partida non jokatuko diren jakinarazi zuen aurkezpenean, lehen itzuliko guztiak, Ezkurdia-Galarzak eta Irribarria-Zabaletak abenduaren 7an jokatuko dutena izan ezik. Ohi legez, Eibarren (Gipuzkoa) eta Iruñean jokatuko dituzte lehia gehien. Aldiz, Gasteiz ez da ageri. Dena den, ez da harritzekoa, iaz lehen ligaxkako partida bakarra jokatu baitzuten Ogetan. Logroño (Espainia) ere ez da ageri. Errioxako pilotaririk gabe, enpresek bizkarra eman diote Adarragari.

FINALA, BETIKO TOKIAN

Bilboko pilotalekua duela zortzi urte ireki zuten, eta, ordutik, hantxe jokatu da beti finala. Custom Sport pilotalekua kudeatzen duen enpresa behartuta dago urtero final bat hara eramatera, eta normalean binakakoarekin bete izan du hori. Espero zen oraingoan ere hala izatea, jende gehien mugitzen duen finala baita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna