Pistara ere ailegatu da eragina

Joshua Cheptegei eta Letesenbet Gidey atleten munduko markek berriz sortu dute Nikek merkaturatutako zapatilen inguruko eztabaida. Nazioarteko Federazioaren jarreran dago arreta.

Joshua Cheptegi atleta Monakon jokatutako proba batean. GILLAUME HORCAJUELO / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Asfaltoan izan zen aurrena. Nike AEBetako kirol enpresak Vaporfly zapatilak merkaturatu zituen, eta iraultza eragin zuen atletismoaren munduan. Zapatila horiekin maratoiaren munduko marka txikitu zuten Eliud Kipchoge eta Brigid Kosgei kenyarrek. 1.59.40 eta 2.14.04 markak egin zituzten. Bada, beste izen batekin, Dragonfly, pistetara ailegatu dira, eta bertan aritzen diren atletak ere hegan egiten hasi dira. Duela aste batzuk, Valentzian, Joshua Cheptegeik dardarka jarri zuen kronometroa. 26.11,00n ezarri zuen 10.000 metroko munduko errekorra. 6.53 hobetu zuen hamabost urte lehenago Kenenisa Bekelek ezarritako marka. Antzera egin zuen Letesenbet Gideyk 5.000 metroko munduko markarekin. 14.06,62an geratu zuen kronometroa, eta ia bost segundo ondu zuen Genzeba Dibaba herrikideak duela hamabi urte ezarritako marka.

Asfaltokoekin gertatu bezala, eztabaida sortu da zapatila horien erabileraren inguruan eta Nazioarteko Atletismo Federazioak egin beharko lukeenaren inguruan. Jordan Santos EHUko Fisiologian doktoreak nabarmendu du zapatilek ez dutela errepidean izan duten bezain eragin handia izango. Bi arrazoi aipatu ditu horretarako: «Araudiak 40 milimetro arteko zola erdia baimentzen du errepideko zapatiletan, eta 25 pistakoetan. Ondorioz, energiaren transmisioa ahalbidetzen duen material gutxiago erabiltzen da pistakoetan. Bestetik, errepideko zapatilek karbonozko plakak dituzte». Baina argi du mugarri bat izango direla pistan ere: «800 metrotik gorako proben markak etengabe hobetuko dira».

Zapatila horien abantaila honela azaldu du: «Oina gutxiago kargatzen da, eta asfaltoarekin inpaktua txikiagoa da. Horrek min hartzeko arriskua gutxitzen du». Abiaduraren hobekuntzaren zergatiaz ere mintzatu da. «Erabiltzen den materialak beste edozeinek baino energia elastiko gehiago itzultzen du: %10 gehiago. Malguki batzuen gainean korrika egitearen parekoa da. Oinkada handiagoa da».

Aranburu gauza batek harritu du. «Errepidekoak atera zituztenean, ikerketa bat atera zuten errendimenduan zuten eraginari buruz. Baina gero dezenteko eztabaida sortu zen, eta orain ez dute zarata handirik atera nahi izan. Ziur nago halako polemika sortu ez balitz, 25 milimetroko muga handituko zutela».

Bi hari mutur

Polemikak bi hari mutur izan ditu. Batetik, Nazioarteko Atletismo Federazioaren jokabidea, eta, bestetik, lortu diren marken balioa. Santosek atzera egin du federazioaren jarreraz hitz egiteko orduan. «Araudiak jatorrian zioen zapatilen helburu bakarra oinak babestea izan behar zuela. Eta ezin zirela izan errendimendua hobetzeko material edo egiturarik. Baina araudi hori oso malgua zen. Ez zuen gehiago zehazten, eta, zapatila hauek azaldu zirenean, araua apur bat zorroztu zuen, baina horien inguruan neurririk hartu gabe. Alderantziz, oinetako horietara egokitu zuen nolabait araudia».

Biek uste dute erabaki horren atzean Nike eta halako kirol marka batek duen indarra dagoela. «Ez dugu ahaztu behar Nike atleta garrantzitsu askoren babesle dela. Beste markaren batek merkaturatu izan balu zapatilen teknologia berri hau, ziur nago neurriak gogorragoak izango zirela». Ondorengoa erantsi du Aranburuk. «Sebastian Coe federazioko presidentea Nike markako enbaxadore nagusietako bat da.Orain, berandu izan daiteke neurriak hartzeko, zapatila horien teknologia luzarorako iritsi baita. Arraroena da beste markak ez direla horretan sartu oraingoz». Hori da, hain zuzen, neurri zorrotzagoak hartzeko Santosek ikusten duen zirrikitua: «Beste marka batek haien parekoak edo hobeak diren zapatilak sortuko balitu, egoera gehiago tenkatuko litzateke. Hala gertatu zen igeriketan, markak lortzea erraztu zuten bainujantziak azaldu zirenean».

Santosen ustez, pena litzateke neurriak ez hartzea. «Kirolaren teknologian aurrerapausoak ematea ez dut gaizki ikusten, baina betiere kirolariek berdintasunez erabiliz gero. Bidegabea da atleta batek berez hobea den beste bati irabaztea zapatilengatik. Atletismoaren esentzia galtzen da». Aranburuk berretsi du atletismoa beti izan dela kirol tradizionala. «Teknologia ez da asko sartu, batez ere korrikako probetan. Orain bai, eta mugak jarri behar dira, errealitatea zein den jakinda eta teknologiaren bilakaera kontuan hartuta».

Homologatuak izanda, balekotzat jo ditu oinetako horiekin lortu diren markak. «Meritu handia dute, are gehiago konfinamendu luze baten ostean izan direla kontuan hartuta. Baina horrek ez du esan nahi oraingo atletak lehengoak baino hobeak direnik». Ez lukete gaizki ikusiko errekorren bi zerrenda egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.