Aurkari zuzenen arteko derbia

IDK Euskotrenek eta Lointek Gernikak elkarren aurka jokatuko dute gaur ligako 11. jardunaldia, Donostian. Garaipen bat gehiago bakarrik daukate bizkaitarrek gipuzkoarren aldean.

IDK eta Gernikaren arteko partida, iazko abenduan, Gernikako Maloste kiroldegian. JAZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Derbiak beti dira derbiak; ikuslerik gabe jokatzen direnean ere bai. Iritzi horretakoak dira saskibaloiko bi jokalari: Lara Gonzalez (Donostia, 1994) eta Naiara Diez (Altsasu, Nafarroa, 1987). Gaur ere elkarren parean jarriko dira, bata bestearen aurka jokatuko duten «auskalo zenbatgarren» derbian: «Ez dut inoiz kontatu zenbat partida jokatu ditugun gure artean», diote biek. IDK Euskotren eta Lointek Gernika ariko dira Donostian, Josean Gasca kiroldegian (18:00). Gonzalez etxekoa izango da gaur, eta Diez, kanpokoa.

«Beti da polita derbiak jokatzea», esan dute bi kapitainek, joko antolatzaile gipuzkoarrak eta hegaleko nafarrak: «Bereziak dira», gehitu dute. Diezentzat, honegatik: «Lara eta biok txikitatik jokatu dugu elkarren aurka, baita elkarrekin ere Euskal Selekzioan. Gauza asko egin ditugu elkarrekin pistetatik kanpo ere. Politena da pistan aurkariak izatea, baina gero, lagunak». Ñabardura batekin gogoratu da segituan, hala ere, eta, erdi txantxetan, gehitu du: «Ez da hain polita Lararen aurka jokatzea, oso jokalari ona delako». Gonzalezek onartu du zer pentsatuko duen Diez gaur parean ikustean, bestearen txantxari modu berean erantzunez: «Berriz ere hemen da hau, pentsatuko dut».

Broma gutxiko partida izango dela ez da zalantzarik, aurkari zuzenak baitira bi taldeak: seigarren da Gernika, sei garaipenekin, eta postu bat beherago dago IDK, bost garaipenekin. Gonzalezek «aurkari zuzentzat» dauka Gernika: «Gure ligakoen aurkako partidak irabazten saiatu behar dugu». Diezek ez du nahi IDK-k aurkari zuzen izaten segitzea, baina: «Atzetik dauzkagun taldeak gehiago atzeratzen saiatu behar dugu, eta horregatik, oso garrantzitsua da guretzat bihar [gaur] irabaztea. Baita aurreko taldeak harrapatzen hasteko ere».

Bi jokalariek aurreikusten dute partida estua eta parekatua izango dela, «gogorra», alde horretatik. Talde bakoitzak berea ondo egiteari aparteko garrantzia eman diote, baita aurkariaren ezaugarri onenak geratzen saiatzeari ere. Gonzalezek «shooter» hitza erabili du bizkaitarren indarguneaz hitz egiterakoan: «Jaurtitzaile shooter oso onak dauzka, eta haiek geratu beharko ditugu». Diezek, kanpotik barrura aldatu du begirada, IDKren jokoaren ardatza xehatzerakoan: «Oso jokalari onak dauzka barruko jokoan. Saiatuko dira horiei baloiak ematen». Xehetasunen gainetik, hala ere, bestearen talde izaerari eman diote garrantzia. Diezentzat, IDK «talde sendoa» da; Gonzalentzat, Gernika «talde orekatua» da.

Partida garrantzitsua da ez bakarrik derbia delako, eta ia elkarren parean direlako sailkapenean; Espainiako Kopara sailkatzeko txartelak lortzeko bidean ere zeresana izan dezake gaurkoak. Izan ere, lehen itzuliko aurreneko zortzi taldeek jokatuko dute, eta, gaurkoaren ondoren, lau partida baino ez zaizkie geratuko lan erdiak osatzeko.

Badituzte, hala ere, beste asmo batzuk ere denboraldi honetan. Gonzalezek, lehenik eta behin mailari eustea bota du, baina onartuz «ia egina» dutela, bai behintzat orain arteko emaitza onei eutsiz gero. Baiezkoan da: baietz, segituko dutela horrela, eta, ondorioz, bigarren itzulian jarri du begia: «Berdin segituz gero, aukerak izango ditugu titulurako kanporaketak jokatzeko». Diezek helburu orokorrago bat aipatu du, emaitza jakinak alde batera utzita: «Kluba hazten ari da, eta taldeak horrela segitu behar du. Irabazi egin nahi dugu, baina ez edozein moduz, ondo irabazten dugula erakutsiz baizik». Gero bai, gero aipatu du helburu zehatzago bat: «Goian ibili nahi dugu».

Gonzalezek zehaztutako helburuek ondo islatzen dute Donostiako taldeak sasoi honetan duen konfiantza, eta ez dira hitz hutsak. Aurreko sasoian baino hobeto ari da taldea: «Iazkoa arraroa izan zen pixka bat. Orain, taldea elkar hartuta dabil; aldaketak ondo barneratu ditugu. Pozik eta gogo handiarekin gabiltza».

Gernika, berriz, ez ote dabilen aurreikuspenetan azaltzen zena baino apalago. Baietz dio Diezek, baita azalpenak eman ere: «Lehenik, jokalari berri asko dauzkagu, eta egokitu egin behar dugu denok. Bigarrenik, ligaren maila igo egin da, talde guztiak direlako lehiakorrak. Hirugarrenik, gure jokatzeko modua ez da erraza. Bagenekien ez ginela ondo hasiko». Baina mezu baikorra orain: «Oso ondo ari gara lanean, etairitsiko da gure mailarik onena».

Araski ere gaur ariko da

Kutxabank Araskik Valentziaren aurka jokatuko du gaur, 18:30ean, Mendizorrotzan. Bigarren doa aurkaria; hamabigarren Araski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.