Lukas Marxten 'Imperial Irrigation' filmak jaso du Zinebiko sari nagusia

Lur Olaizolaren 'Zerua blu' euskarazko dokumentalari Espainiako film labur onenaren saria eman dio jaialdiko nazioarteko epaimahaiak

Lur Olaizola zinemagilearen Zerua blu film dokumentalaren une bat erakusten duen irudia. ZINEBI.
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
1951. urtean herriko zinema aretoan proiektatutako Amerikako zeru urdinaren eta Cadillac auto baten irudi ederrek piztu zioten AEBetara joateko lehen grina Mamaddi Jaunarena ortzaiztarrari. Zeluloideak erein zuen bidaiaren lehen hazia, beraz. Eta detaile horretatik dator Lur Olaizola zuzendariak bere film dokumental laburrari jarritako izenburua: Zerua blu. Jaunarenak New Yorkera itsasontziz egindako bidaiaren eta han neskame egindako garaiaren oroitzapenekin osatu du lana zinemagileak, Baigorri (Nafarroa Beherea) inguruko doinua daraman euskara hutsez, eta Espainiako Film Laburrik Onenaren saria eman dio orain Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko nazioarteko epaimahaiak. 5.000 euro jasoko ditu horri esker. Polvo Somos fikziozko laburrak jaso du, bestalde, Euskadiko Film Laburrik Onenaren saria, eta Lukas Marxt zuzendari austriarraren Imperial Irrigation dokumentalak, berriz, jaialdiko garaikur nagusia. 5.000 euroko eta 7.000 euroko sari bana izango dute azken biek, hurrenez hurren.

Erdiz digitala eta erdiz presentziala izan da aurten jaialdia, eta ohi baino laburragoa. Aurreko ostiralean hasi zen programazioa, eta atzo eman zuten sarituen berri.

Kaliforniako estatuan dagoen Salton itsasoa du ardatz Marxtek zuzendutako film dokumental laburrak, jaialdiko sari nagusia jaso duenak. AEBetako armadak bertan egindako bonba nuklearraren probengatik da, batez ere, ezaguna inguru hori, eta behin baino gehiagotan jo du bertara zinemagileak. Imperial Valley izeneko dokumentala filmatu zuen bertan 2017an, eta bigarrenez jo du leku berera Bilboko jaialdiak saritu berri duen 20 minutuko filmean. Zuzendariaren hitzetan, edonola ere, alienazio digitala lantzea da film esperimentalaren beste asmoetako bat.

Sundance berretsiz

Paul Eluard poetaren bertsolerroa du izenburu Zinebiko First Film Sari Nagusia jaso duen filmak: The Earth is Blue as an Orange. Iryna Tsilyk zinemagile ukrainarrak zuzendu du, eta 11.000 euro jasoko ditu sariaren aitortzarekin batera. Sundance jaialdiko dokumentalen kategoriako zuzendaritzarik onenaren saria ere jaso zuen aurten lan beragatik. Gerrako gune batean bizitzeak eragiten duen eguneroko traumari aurre egiteko, beren bizitzari buruzko film bat egiten ari diren Annaren eta haren alabaren saiakera kontatzen du 77 minutuko dokumentalak.

Genero bakoitzeko Mikeldi sari bana ere eman du jaialdiak. Zhenia Kazankinaren Rio lanak jaso du fikziozko film laburrik onenaren saria; Paul Heintzek sortutako Shanzhai Screens lanak film labur dokumental onenaren saria; eta Kangmin Kim korearraren Kkum-ek, berriz, animaziozko film laburrik onenarena.

Gazte Epaimahaiko kideek Andre Guiomarren A nossa terra, o nosso altar saritu dute, 2.000 eurorekin. SGAE Fundazioak Polvo somos filmari eman dio 3.000 euroko Euskal Gidoi Onenaren Saria. EITB Publikoaren Saria, 3.000 eurokoa, Aitor Gametxoren Hemen. Gaur. Berriz dokumentalarentzat izan da. Eta Pablo Hernandoren El Ruido Solar filma zein Marit Weerheijm zuzendariaren En Route ere saritu dituzte.

Etorriko diren proiektuak ere babesten ditu Zinebik, eta 10.000 euroko laguntza jasoko du Amaia Remirezek Bayo Bayo Baby izeneko proiektua burutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.