Albistea entzun

Gazte, onerako zein txarrerako

Mailari eusteko helburuarekin bueltatu zen Getxo Ohorezko Mailara. Denboraldiaren hasieran maila horren exijentzia nabaritu bazuten ere, bizkaitarrak hainbestean aritu dira orain arte.
Getxoko jokalariak lehian, denboraldi honetako norgehiagoka batean.
Getxoko jokalariak lehian, denboraldi honetako norgehiagoka batean. JORDI BLASI Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2021eko otsailak 19 - Herria

Bi asteko etenaldia izan berri du Espainiako errugbiko Ohorezko Mailak. Orain, lehen itzuliko azken jardunaldia eta atzeratutako partidak jokatu ostean, bi multzotan berrantolatuko da liga: aurreneko sei sailkatuek ligako titulua izango dute jokoan, eta beste sei taldeek mailari eusteko egingo dute borroka. Azken sailkatua zuzenean jaitsiko da, eta azken-aurrekoak ez jaisteko kanporaketa jokatuko du bigarren mailako talde baten aurka. Bigarren multzo horretan arituko da aurrerantzean Getxo. Ezbairik gabe, mailari eustea da erronka. «Ea posible den azken bi postu horiek ekiditea. Taldeko jokalari gehienak ikasleak gara, eta azterketa garaian jokatu beharko genuke jaisteko kanporaketa. Ez dakit nola moldatuko ginatekeen», azaldu du Peio Larrinaga jokalariak.

Garaipen bat, bi berdinketa eta zazpi porrot erdietsita, sailkapeneko hamargarren tokian dago Getxo. Independiente aurkari zuzenaren aurka lortu zuten garaipena, eta berdindu egin zuten Ciencias eta Les Abellesen aurka. Getxoko jokalariak aitortu du «irabazteko partidak» izan zirela: «Iruditzen zait esperientzia gutxi izategatik ihes egin zigutela bi garaipen horiek. Amorru pixka bat ematen du, baina, orokorrean, gauzak ondo egiten ari gara».

Gorengo mailan jokatzeko beharrezkoa den esperientzia falta hori igarri dute batez ere getxoztarrek denboraldiaren hasiera honetan. Gari Gallastegi bigarren taldeko bigarren entrenatzailea da, eta 1990eko hamarkadan, Getxo errugbi taldearen urrezko aroan, jokalari izan zen. Larrinagaren iritzi berekoa da: «Gaztetasunaren gorabeherak nabaritzen dira. Jokalarien izaera oraindik erabat osatu gabe dago, eta izaera gogor hori ezinbestekoa da 80 minutuko partida bat hasieratik amaierara arte lehiatzeko. Maila oneko jokalariak daude, baina talde gazte guztietan gertatu ohi den bezala, erlaxazio momentuak dauzkate».

Porrot mingarri batzuk izan badituzte ere, Gallastegik dio taldea ez dela sekula aurkaria baino «askoz ere gutxiago» izan, eta sinetsita dago «detaile txikietan» egon dela gakoa. Larrinagak uste du hori konpondu behar dutela, puntu asko «despiste txikiengatik» jasotzen dituztelako: «Ezin gara eskematik irten. Akats txikiena entsegu batekin ordaintzen da. Guretzat, talde gisa jokatzea funtsezkoa da».

Esperientzia falta hori kaltegarria den arren, gaztetasuna taldearen indargune handiena ere bada: «Daukaten gogoa ikaragarria da; dedikazio oso handia dute. Gehiago edo gutxiago asmatuko dute; jokatzeko modua hobea edo txarragoa izango da, baina errugbian jokatzeko gogo itzela dute, eta hori asko da», azpimarratu du Gallastegik.

Aurpegi berria

Esperientzia gehitze aldera, etenaldi hau baliatu du klubak Brad Linklater Zeelanda Berriko jokalariaren itzulera iragartzeko: 2010 eta 2015 artean Getxoko jokalari izan zen. «Guretzat, talde oso gaztea izanik, uste dut Brad etortzea motibazio itzela dela. Oso garrantzitsua izango da taldearentzat», esan du Larrinagak. Kanpotik norbait ekartzea beharrezkoa bada, horrelako fitxaketa baten aldekoa da Gallastegi: «Etxeko jokalariekin aritzearen aldekoa naiz, baina, norbait ekartzekotan, horrelako figura bat ekarri behar da. Bradek leku estrategiko batean jokatzen du; jokoa antolatu eta taldea zuzentzeko gai da; asko erakutsiko die gainontzekoei».

Zazpigarren jardunaldian denboraldiko lehen garaipena lortu ostean taldea «askatu» egin da, eta hori mugarri izatea nahi du Larrinagak: «Lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Garaipen horren ostean talde bilera bat egin genuen, eta ikusi genuen kapazak ginela maila honetan aritzeko».

Ligako sistema berriarekin, multzo bereko aurkarien aurka lehenengo zein bigarren fasean lortutako puntuek balio dute. Hortaz, asteburuko partidaren faltan, dagoeneko zortzi puntu poltsikoan dauzka Getxok.

Etenaldia atseden hartzeko ez ezik, bihar arratsaldean Cisneros aurkari zuzenaren aurka jokatu behar duen partida ondo prestatzeko ere baliatu du Juan Carlos Badoren taldeak. Mailari eusteko urrats handia litzateke sasoiko bigarren garaipena eskuratzea biharko neurketan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Adnan Januzaj eta Alexander Sorloth, elkar besarkatzen, Realeko atzoko bi golegileak, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Nagusitasunez irabazita egin du aurrera

Jon Ander De la Hoz

Realak Atletico Madrili irabazi dio, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan ariko da. Txuri-urdinek neurketa osoa jokatu dute, eta arazorik gabe lortu dute gailentzea

Iñaki Williams eta Iker Muniain Athleticeko jokalariak. ©Julio Muñoz / EFE

Athleticek Kopan sendatu nahi du Superkopako zauria

Ainara Arratibel Gascon

Zuri-gorriek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute gaur, Bartzelonaren kontra. Marcelinok aldaketak iragarri ditu hamaikakoan

Budimir eta Moncayola Osasunako jokalariak, burumakur, atzo, Celtaren aurkako partidan, Balaidosen. ©SALVADOR SAS / EFE

Zalantzati segitzen du oraindik

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bigunegi aritu da Celtaren zelaian, eta esku hutsik gelditu. Ongi ekin dio lehiari, baina ez da gai izan Mallo eta Minaren golei erantzuteko

Fausto Mota kopilotua, eskuinean, haren taldekide Rui Oliveirarekin, Dakar rallyan. ©FAUSTO MOTA

«Orientazio sena izan behar du kopilotuak»

Mikel O. Iribar

Mota kopilotu gisa aritu da lehendabizikoz Dakar rallyan, aurretik motoetan sei alditan parte hartu eta gero. Hamaseigarren amaitu du, haren taldekidearekin batera, T4 kategorian. «Asko gozatu dut», aitortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.