Zalantzaz betetako itzulera

Koronabirusaren test azkarrak eta serologikoak egin dizkiete Espainiako Lehen Mailan lehiatzen diren bost euskal taldeetako jokalariei. Hala, entrenatzen hasteko lehen urratsa egin dute.

Athleticeko jokalariei atzo egin zizkieten Lezaman koronabirusaren testak. ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ia bi hilabetez itxita egon eta gero, berriro ere zabalik dira Espainiako Lehen Mailan jokatzen duten bost euskal taldeetako kirol hiriak. Oraindik zelaiak hutsik dira, baina azken egunetan haietatik igaro dira jokalari, teknikari eta langileak, koronabirusaren testak egin eta entrenamenduetara itzultzeko, Futbol Liga Profesionalak egindako protokoloa betetzen hasteko. Zalantzaz beteta egin dute. Izan ere, Osasun Ministerioak entrenatzen hasteko baimena eman du. Eta lehia itzultzekotan, ateak itxita izango da, eta osasun pandemiaren bilakaera kontuan hartuta. Baina zer gertatutako da jokalariren bat kutsatzen bada? Hori da beste zalantza nagusia, hainbat futbolarik bueltatzeko protokoloaren inguruan azaldu duten ezinegonarekin batera.

Hain zuzen ere, Eibarreko jokalariek adierazpen bateratu bat argitaratu zuten aste honetan. Bertan zioten futbolarien gainetik pertsonak direla, eta kezkatuta daudela. «Beste langile asko gu baino osasun baliabide eta arreta gutxiagorekin itzuli behar izan dute lanera. Ez da bidezkoa. Jakitun gara pribilegiatu batzuk garela. Baina beldur gara, gure jardueran ezin delako gomendatzen den distantzia fisikoa bete, eta gu edo gure senide eta lagunak kutsatzeko arriskua dago». Arduraz jokatzea eskatu zuten. «Lehentasuna osasunak izan behar du, ez bakarrik hitzetan, baita ekintzetan ere». AFE futbolarien sindikatuak ere ez du begi onez ikusten protokoloa. «Ez da argitzen zer pasatuko den positibo bat egonez gero, eta hainbat puntu konstituzioaren aurkakoak izan daitezke, lan hitzarmena urratzen baitute».

Protokoloa Futbol Liga profesionalak egin du, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak kirolariprofesionalen jardueraren itzulerarako egindakoa oinarri hartuta. 23 orrialde ditu, eta lau fasetan banatzen ditu egin beharreko urratsak.

Lehena jada egin dute, testak egitearena. Itzulerako fase bakoitza hasi aurretik beste test serologiko bat egingo diete, eta hainbat test azkar. Lehen kontrol hauetan positibo emanez gero, ezingo dira entrenatzen hasi, eta positibo kasuetarako ohiko neurriak jarraitu beharko dituzte. Hurrengo faseetan emamez gero, klub gehienek egonaldiak egingo dituztenez euren kirol hirietan, positibo eman duen jokalari hori bakartu egin beharko dute gune batean, berrogeialdia egin dezan. Kontaktua izan duen beste pertsonei berriro ere testak egingo dizkiete, eta azpiegitura guztiak berriro desinfektatu beharko dituzte.

Bigarren fasean bakarka entrenatzen hasiko dira futbolariak,oso neurri zorrotzekin. Jokalariek telematikoki jasoko dute bezperan egin beharko duten lana, eta kirol hirira joateko ordutegia. Autoz joango dira, beti ibilgailu berean. Kirol arropa jantzita joan beharko dute, baita maskararekin eta eskularruekin ere. Kirol hirian higiene neurri zorrotzak ezarriko dituzte, eta hango langileek ere maskara eta eskularruak eraman beharko dituzte. Jokalariak txandaka iritsiko dira, eta, gutxienez, hamabost minutuko aldearekin. Gehienez hamabi jokalari egon ahalko dira bertan aldi berean, eta zelai bakoitzean gehienez sei. Lan guztiak bakarka egingo dituzte, aire librean, segurtasun distantziak are gehiago betez, eta ahal dela objekturik erabili gabe. Eginez gero, desinfektatu egin beharko dira.Gimnasioa gehienez bi jokalarik erabili ahal izango dute aldi berean, eta fisioterapeuta bakarra egongo da. Amaitzean, etxera joan beharko dute. Aurretik hurrengo egunerako kirol arropa emango zaie, poltsa biodegradagarri batean. Arropa klubak garbituko du. Jokalariei gomendatu diete ahalik eta gutxien irtetea etxetik, eta haien etxera ere kanpoko inor ez joateko.

Saioak multzo txikitan

Behin aldi hori igarota, jokalariak talde txikitan hasiko dira entrenatzen. Hori kontuan hartuta, etakutsatze arriskua gutxitze aldera, kirol hirian edo hotel batean egonaldiak egiteko gomendioa egin diete klubei. Egonaldi horietan beharrezkoak diren pertsonak baino ez dira egongo.

Taldeak 24 jokalariz osatuta daudenez, zortzi jokalariko hiru multzo egingo dituzte. Multzo bakoitzeko entrenamendurako hiru aldagela erabiliko dira, bakoitzean gehienez hiru egoteko. Bertan, prest izango dute entrenatzeko arropa eta botak. Amaitzean, bakoitza bere aldagelan dutxatuko da, eta han propio jarriko dieten gune batzuetan utzi beharko dute erabilitako arropa. Multzo bakoitzak fisioterapeuta bat izango du. Otorduak banakako poltsetan banatuko zaizkie jokolariei. Jantokian jan ahalko dute, baina ezingo dute batera egin. Entrenamenduetarako ezarritako multzoak errespetatu beharko dituzte. Lan saio eta otorduetatik harago, gomendioa logeletan egotea da.

Laugarren fasean talde osoko entrenamenduak egingo dira. Klubek dituzten aldagela guztiak jarri beharko dituzte jokalarien eskura, aurreko fasean bezala dutxatzeko orduan multzo txikitan egin ahal izateko, berdin gimnasio eta fisioterapia guneekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.