Orri berri bat idaztera

Osasunak Sevilla hartuko du gaur, Sadarren bide onera itzultzeko asmoz. Berriz ere jokalari garrantzitsuak faltako ditu atzeko lerroan

enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Bizilegea da: hasten den oro bukatu egiten da. Baina, era berean, amaiera bakoitza hasiera berri bat da. Edo, bederen, itxaropen hori du Osasunak. Sadarreko bolada historikoa historia bilakatu zen Athleticen aurkako derbian, eta, gaur, etxean beste orri distiratsu bat idazten hasteko erronka izango dute gorritxoek, Sevillaren aurka. Horretarako, pasatu zena alde batera uztea da lehen gauza, alderaketak kalterako izango baitira beti. Orriak zuria behar du izan; lumak, ordea, betiko bera. Estilo grinatsu eta ausarta izan zen aurreko kapitulu arrakastatsuaren gako nagusietakoa, eta horrek ez du aldatu behar. Sevilla eta halako aurkari handien aurka ere ez.

Indartsu dabil Julen Lopetegiren taldea. Asteasuarrak Monchi kirol zuzendariaren proiektu berriaren buru izateko ardura hartu du, eta orain arte, nahieran atera zaizkio gauzak. Izan ere, sailkapenean hirugarren dago Sevilla, Bartzelonaren eta Real Madrilen atzetik. Osasunak baino zortzi puntu gehiago ditu; konfiantza aldetik, ordea, apenas dagoen alderik bi taldeen artean. Nafarrek kolpe gogorra jaso zuten Athleticen aurka, baina oinazea ahaztu dute jada, Espanyoli modu ikusgarrian irabazi ondotik. Kataluniarren kontrako bigarren zatian ikusi zenez, gorritxoek kemenez beterik segitzen dute. Norgehiagoka bost minutu eskasean irauli zuten, eta, azken ordu erdian jokalari bat gutxiagorekin aritu arren, ez zioten eraso egiteari muzin egin. Gaur izaera errebelde eta bipil horri eusten saiatuko dira.

Lesioek eragindako faltak behar bezala betetzeko gaitasuna ere erakutsi zuten azken neurketan. Sergio Herrerak partida hasi ere ez zuen egin, eta Nacho Vidalek bigarren zatian utzi behar izan zuen zelaia. Juan Perezek eta Moncayolak ordeztu zituzten; baita ondo ordeztu ere. Gaur ere, atzeko lerroa halabeharrez moldatu beharko du Jagoba Arrasatek. Vidalek min hartuta jarraitzen du, Aridanek bezalaxe, eta Roncaglia zigortuta dago. Argentinarraren kasuan, nahiko garbi dago Raul Navasek ordeztuko duela. Eskuin hegalean, berriz, berriz ere Moncayola aritu liteke Vidalen tokian. Aurreko jardunaldian, harrobikoak erakustaldia eman zuen postu horretan. Lillo hegaleko petoa da, baina deialditik kanpo utzi du Arrasatek.

Atepean, berriz, Herrera ez da garaiz osatu. Hobera egin du azken egunetan, baina oraindik ez dago jokatzeko prest. Hala, Juan Perez titular izango da berriro.

OSASUNA-SEVILLA

Osasuna. Juan Perez; Moncayola, Navas, D. Garcia, Estupiñan; Torres, Oier, Merida, Ruben; Villar eta Chimy Avila.

Sevilla. Vaclik; Navas, Kounde, Diego Carlos, Reguilon; Jordan, Gudelj, Banega; Vazquez, Nolito eta De Jong.

Epailea. Estrada Fernandez.

Lekua. Sadar (18.375 ikusle).

Ordua. 21:00etan (M. LaLiga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.