Zurbildu egin zaio aurpegia

Alavesek arazoak ditu, konfinamendu osteko lehen sei partidetan hiru puntu eskas batu baititu. Galdu egin ditu azken lau lehiak, eta bolada hori iraultzen saiatuko da gaur, Valladoliden zelaian.

Pina, Roberto eta Magallan, burumakur, Granadak gol bat sartu berritan, joan den asteazkenean. RAUL BOGAJO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Txanponaren bi aldeak ditu esku artean Josean Kerejetak, Baskonia-Alaves taldeko agintariak. Saskibaloia ageri da aurkian, Baskoniak ACB liga irabazi duen heinean. Ifrentzuan, aldiz, futbola dago. Izan ere, etenalditik ezinean itzuli da Alaves: partida bakarra irabazi eta bost galdu ditu, azken laurak jarraian, eta, hala, katramilatu egin da salbaziorako lehian. Oraindik badu aldea jaitsiera postuekin, baina, ikusitakoak ikusita, ikaratzen hasi da. Kerejetak oso analisi gordina egin zuen herenegun, instituzioek Baskoniari egindako harreraren ondotik. «Asko kezkatzen nau Alavesek. Jaitsiera arriskuan gaude, argi eta garbi. Ez bagara gai egoera iraultzeko, eta jokalariek ez badute lehiakortasunik eta profesionaltasunik erakusten, datorren urtean Bigarren Mailan izango gara».

Hortaz, entrenatzailea bainoago, jokalariak eta haien engaiamendua jarri zituen jomugan. Haiek dira, Kerejetaren esanetan, egoeraren larritasunaz ohartu eta aurrerapausoa eman behar duten lehenak. Orain arte, oso itxura makala eman dute Asier Garitanoren mutilek; «etsigarria», presidentearen hitzetan. Geldialdira sasoiko unerik gozoenean iritsi ziren, joko aldetik sendo, eta puntu aldetik oparo. Haatik, oso ahul itzuli dira konfinamendutik, lehiatzeko adorea erabat galduta. Zerikusia izan dezake jokalariek soldatak jaistearen kontura agintariekin izaniko kalapitak. Baita sailkapeneko egoera lasaiak ere. Jaitsierarekiko zazpi punturen errentarekin ekin zioten berriz lehiari, eta hamar puntura zabaldu zuten aldea Realari irabazi eta gero. Oso ondo aritu ziren orduan; hortik aurrera, aitzitik, gehiegizko patxadaz jardun dute.

Soilik hala uler daiteke Reala garaitu eta hiru egunera 6-0 galdu izana Celtaren kontra. Arabarrek oraindik ezin izan dute arantza hori kendu; kontrara, are barrurago sartu zaie. Ordezkoek itxura duina eman zuten Atleticoren zelaian, baina benetan lehiatu beharreko partidak Osasuna eta Granadaren aurkakoak ziren, Mendizorrotzan. Ia finalak ziren mailari eusteko borrokan, eta titularrek ez zuten aurpegi eman. Hainbestean lehiatu ziren lehen zatietan, baina desagertu egin ziren aurkarien kolpeak jaso ahala. Osasunaren kontra, gol bakarrak erabat atera zituen partidatik, eta, Grandaren aurka, etsiak jota gelditu ziren bigarrena jaso ondoren. Energiaz urri, eta inolako kemen zantzurik gabe.

Zerraldo erori dira kolpeen ondorioz, baina arazoa aurretik ere badator. Izan ere, kolpeak errazegi hartu dituzte. Defentsako irmotasuna zen Garitanorenen bertute nagusietakoa, eta galdu egin dute lehiara itzuli ostean: hamahiru gol jaso dituzte sei partidatan. Etxeko azken bi neurketetan, gutxirekin asko egin zieten aurkariek. Osasuna, esaterako, atera jaurtiketa bakarra eginda gailendu zitzaien. Ezohiko akatsak egin dituzte lehen guztiz fidagarriak ziren jokalariek, hala nola Pachecok, Elyk eta Laguardiak. Pozgarria izan da Robertoren agerpena, baina ez da seinale ona ordezko atezaina izatea etenaren osteko jokalari onenetakoa.

Egutegi gaiztoa aurrean

Erasoan, zaila da inor nabarmentzea. Borja Sainzen aurrerapausoa da aipatzea merezi duen gauza bakanetakoa. Lucas Perez eta Joselu ahaleginak eta bi ari dira egiten gurditik tira egiteko, baina ezinean dabiltza. Laguntzarik apenas duten, eta, hori gutxi balitz bezala, ate aurrean ez dabiltza lehen bezain fin. Hogei gol zeramatzaten bien artean, baina bakarra baino ez dute egin azken sei lehietan Joseluk, penaltiz. Aurrelarien lehortea hondamendia da Alavesentzat, jokoa sortzeko eta golak sartzeko ikaragarrizko arazoak baititu.

Oraintxe, duen errentari eta azpiko taldeen erritmo motelari heltzen die Arabako taldeak. Hori bai, egutegia ez da lasai egoteko modukoa: datozen bi asteetan, Real Madril eta Betisen kontra jokatuko du etxetik kanpo, eta Getafe eta Bartzelonaren aurka etxean. Gaur, berriz, Valladoliden zelaian ariko da. Beste estropezu batek kolokan jarriko luke taldearen etorkizuna, eta, batez ere, entrenatzailearena. Kerejetak jokalariei jaurti zizkien dardo gehienak, baina Garitanoren lanarekin ere ez dago batere pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.