KRITIKA. MUSIKA

Amaiera indartsua

2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun

BOS

Zuzendaria: Carlos Miguel Prieto. Sopranoa: Measha Brueggergosman.Egitaraua: Richard Strauss eta Ludwig Van Beethovenen lanak.Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia.Eguna: Ekainak 5.

Bukatu da BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoaren denboraldia, egitarau oso eta zorrotzarekin. Antzokira jende andana bezain heterogeneoa bildu zen, eta pertsona bakoitzak atseginez aditu zuen entzun nahi zuena. Hau da, musikan adituagoa denak Richard Straussen poema sinfoniko eta azken liederrak aditu ahal izan zituen; eta hainbeste ko ezagutza ez duenak, berriz, Beethoven-en Bosgarren sinfonia-rekin gozatzeko parada eduki zuen. Izan ere, orkestrak arriskua hartu zuen kontzertuaren hasieran Straussen Heriotza eta itxuraldaketa poema sinfonikoa jotzean. Konplexua baita sufrimenduaren bitartez ( heriotza) irudikatzea artista baten erredentzioa ( itxuraldaketa). Hori guztia testu idealista batean oinarriturik, Fran Lizsten musika programatikoan inspiraturik, eta Richard Wagnerren drama musikalaren eraginarekin. Bada, gure orkestrak nahiko ondo gainditu zituen ia zailtasun guztiak —lanaren sakontasunerako oraindik eduki badute bidea egiteke—, Carlos Miguel Prietoren zuzendaritza prestu eta adierazkorrarekin.

Baina, beharbada, bikaintasunetik gertu ibili zen orkestra, Strauss berberaren azken liederrak laguntza gisa eskaini zizkionean Measha Brueggergosman sopranoari. Konpositorearen heriotza baino hilabete arinago asmatutakoak, erromantizismo klasizistaren barruan daude malenkoniaz eta tristeziaz beterik, eta maila artistikoari dagokionean zoragarriak dira. Horretan ez du hutsik egin Kanadako sopranoak. Ahots polita adierazi zuen batez ere behe erregistroan: fraseoa eta arnasketa akatsgabekoak, musikaltasuna eta vibrato atseginak, afinazioa eta adierazgarritasuna. Akaso bolumen pixka bat eskatuko genioke une batzuetan... Txalo zaparrada eskertzeko beste lieder bat eskaini zigun, kantatu behar zuena «alaiagoa» zela esanez.

Erabateko kontzertuaren bigarren zatian, Ludwig Van Beethovenen Bosgarren sinfonia aski ezagunak asebete zuen lehengo tristurarekin harriturik geratu zen publiko zabala. Horretan, BOSek bere onena eman zuen, interpretazio klasiko eta zuzena eskainiz. Asko gustatu zitzaigun zuzendariaren lan erritmikoa: indartsua eta entregatua. Beraren eskuetan, musikariek ondo interpretatu zuten hasierako zelula erritmikoa, partitura osora zabaltzen dena. Esaterako, lehenengo mugimenduan figura laguntzaileekin, hirugarrenean tronpekin, eta laugarrenean doinua bertan sartua. Taldekide guztiak nabarmendu ziren zuzendari handiarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.