Probokatzaile gaur egun ere

Ehun urte bete dira Egon Schiele margolari austriarra hil zenetik. Aurrerakoiegitzat jo zuten bere garairako, baina hark egindako lanek 2018an ere ez dituzte pasatu herrialde batzuetako galbaheak.

Bisitari bat Egon Schieleren margolan bati begira Vienako Leopold museoan. LEOPOLD MUSEOA.
Miren Garate.
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Pertsonen bulkada sexualak lehen planoan. Emakume eta nerabeak biluzik. Arreba gaztea modelo lanetan. Bere buruaren erretratuak edozein postura hartuz eta keinu eginez. Erreparoak ez zuen geldiarazi Egon Schiele margolaria (Tulln an der Donau, Austria, 1890Viena, 1918). Espresionismoaren ikur nagusitzat hartzen da. Orain. XX. mende hasierako gizarte hartan, ordea, artista degeneratu bat zen gehienentzat. «Artelan erotikoak ere badu santutasuna», idatzi zuen. Alabaina, hil eta hamarkada batzuk pasatu arte ez ziren gehiegi estimatu haren sormena eta abilezia. Aurrerakoiegia garai hartarako. Eta, duela gutxi ikusitako zenbait adibideren arabera, akaso, baita mende honetarako ere. Gaur bete dira ehun urte hil zenetik.

Tulln hirian jaio zen Schiele, eta 16 urte zituenean sartu zen Vienako Arte Ederretako Akademian.Itogarria egin zitzaion hango giroa, kontserbadoreegia, eta, akademiako arauei izkin eginez, espresionismoranzko bidea hartu zuen. Batez ere artista batek izan zuen eragina harengan: Gustav Klimt margolariak, ordurako sortuta zegoen Vienako Sezesioko—gaur egun art nouveau izenaz ezagutzen da gehiago— lehen presidentea izan zenak. Garai bakoitzari bere artea, arte bakoitzari bere askatasuna zen mugimendu horren leloa. Eta bide hari jarraitu zion Schielek ere.

Ia giza irudiak bakarrik marraztu zituen. Tentsioa, sentsualitatea eta erotismoa ageri dira haren lanetan. Interes handia zuen sexualitatean, unibertso indibiduala adierazteko modu bat zen harentzat. Ezin ahaztu garai hartako Vienan oso presente zegoela gai hori. Sigmund Freuden aroa zen, eta haren teoriek harrabots handia eragiten zuten herrialdeko burgesiaren artean. Bakardadea da Schielen lanetan oso presente dagoen beste gaietako bat. Hondorik gabe ageri ohi dira irudiak; gorputz zargalduak marrazten ditu, hezur eta azal direnak, tristeak. Era horretan, gizarte deshumanizatu eta hipokritaren gaineko salaketa egiten du artistak, bakardadeari eta gizabanakoen babes faltari buruzko hausnarketa.

Publikoki behintzat inor gutxiri gustatzen zitzaion Schielek egindako hautua, eta Vienatik alde egitea erabaki zuen, herri txiki batera, Valerie Neuzil bere modelo eta maitalearekin batera. Herrikoentzat eskandalagarria zen ezkondu gabe elkarrekin bizitzea, baina ez zen hori izan harreman baten harira Schielek bizitako lehen polemika. Nerabezaroaren aurretik biluzik margotu zuen arreba gaztea ere. Harreman berezia zuten, intzestuaren mugan zegoena batzuentzat. Askotan eragin zituen susmo txarrak haren etxera hainbeste haur joateak ere. Atxilotu ere egin zuten behin, erretiratutako militar baten alaba etxera eraman eta biluzik erretratua egitea egotzita. Hiru aste pasatu zituen espetxean, baina ez zioten bahiketa eta sexu gehiegikeriaren bat egin izanaren zantzurik aurkitu. Ezagunak dira espetxean zegoela egindako marrazkiak ere.

Gazterik hil zen, 28 urte zituela. Ezkonduta zegoen ordurako, baina ez Neuzilekin, Edith Harmsekin baizik. Burges baten alaba zen, eta Schieleren modelo lanetan aritu zen hura ere. 1918ko urriaren 28an hil zen emaztea, sei hilabeteko haurdun zegoenean, eta handik hiru egunera, senarra, biak ere Europa astindu zuen gripearen eraginez —munduan hogei milioi pertsona baino gehiago hil ziren gaitzak jota—. 2.500 marrazki eta 300 pintura inguru utzi zituen artistak.

Kartelak, zentsuratuta

Haren heriotzaren mendeurrenaren harira, Vienako Leopold museoan egon dira ikusgai artistaren lanik esanguratsuenak. Hans-Peter Wippinger museoko zuzendariaren esanetan, museoak inoiz izandako erakusketarik arrakastatsuena ari da izaten, otsailean inauguratu zutenetik 400.000 pertsona bertaratu baitira dagoeneko. Igandean ziren kentzekoak, baina beste lau hilabete luzatzea erabaki dute; gainera, beste artista batzuen lanekin osatuko dute.

Polemika eragin zuen bere garaian Schielek, eta hil eta mende batera haren lanekin egindako erakusketak ere bai. Artistak egindako irudiak erabili dira erakusketa iragartzeko, Vienan bertan ez ezik, Europako beste herrialde batzuetan ere bai. Alabaina, kartel horiek ez zuten Erresuma Batuko eta Alemaniako zenbait publizitate espaziotan jartzeko baimenik jaso. Pintura pornografikoak zirela eta genitalak publikoki erakustea ez dela etikoa. Horra emandako bi arrazoiak. Jartzekotan, tapatuta, pixelatuta ere ez. Dena den, aurkitu zuen irtenbide bat Vienako Turismo Bulegoak. «100 urte geroago ere, ausartegiak gaur egunerako» esaldiarekin estali zituen estali beharreko gorputz zatiak, eta jarraian #ToArtItsFreedom hashtaga (artearentzat hau askatasuna da), Vienako Sezesioko garai bakoitzari bere artea, arte bakoitzari bere askatasuna esalditik abiatuta.

Batzuen ustez, emakumeen sexualitateak oraindik ere eragiten duen deserosotasunaren adibide da zentsura hori. Hala ere, egon da debekua #MeToo kanpainarekin lotu duenik ere. Orain mende bat ez zen ulertu Schieleren lana, eta, itxura denez, oraindik ere ez guztiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.