Mikel Zumeta.
HERTZAK

Gauerdiko hausnarketak

2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Aste honetan podcastetatik harago joatea da asmoa. Irratitik datorren formatua izanda ere, hastapenetan dago podcastgintza; nahasketa, berrasmaketa eta hibridazio prozesu etengabean dagoela esan daiteke. Podcastak audio estekak dira, batzuetan jatorrian bideo eduki batetik askatutakoak izan daitezke, besteetan espresuki sortutako irratsaioak. Badira alderantzizko bidea egin dutenak: audio formatutik bideora jauzia eginez, The midnight gospel telesaila, kasurako.

The midnight gospel animaziozko telesail bat da. Sortzaileak Pendleton Ward eta Duncan Trussell dira, biak ala biak Adventure time marrazki bizidunen sortzaileak —marrazkilaria bata eta gidoilaria bestea, hurrenez hurren—. Trussell The Duncan Trussell family hour podcastaren sortzaile eta gidaria da. Bertan, gonbidatu bereziak elkarrizketatzen ditu, eta askotan galdera eta gai transzendentalei heltzen die. Meditazioa, budismoa eta mistizismoarekin lotutako gaiak umorearekin uztartzen ditu, elkarrizketatuekin mintzatzen delarik. Podcastak dagoeneko 500 atal baino gehiago ditu, eta haren webgunean zein sarean daude eskuragarri. Elkarrizketa, gonbidatu eta galdera metafisiko eta filosofiko horien artean, ordu luze eta informazio itsaso horretan, galdera akaso erantzunezinei erantzun nahi izan horren harira sortu zen The midnight gospel.

Elkarrizketa hautatuetako audioak aukeratu, sailkatu eta egokitu dituzte telesailean. Bertan, Clancy dugu protagonista, Podcaster kosmikoa. Multibertsoak birsortzen dituen makinaren laguntzaz mundu irudikatuetara bidaiatuko du, eta hango biztanleak ezagutu eta elkarrizketatuko ditu.

Sci-fi postmodernoaren sitcom-a dela esan daiteke. Atal bakoitzean gai sakon bati helduko zaizkio: heriotza, barkamena, drogen kontsumoa, kontsumismoa, mina, existentzialismoa izango dira, besteak beste, landuko diren gaiak. Kontuan hartu audioa dela lehendabiziko pieza buru-hausgarri horretan. Gainean animazio geruza atxiki zaio. Emaitza: artelan potolo eta erotzeko modukoa. Istorioa abiada bizian jarraitzen dugun bitartean, entzungo dugunak eta ikusiko dugunak bi mundu desberdinetara eramango gaituelako. Biak batu eta elkarrizketa osatuko dute batzuetan, besteetan garuna tenkatu ia eztanda egin arte. Ez galdu, beraz, Trusellen eta Warden lanaz gozatzeko parada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.