Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Urtearen argi-ilunak

2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Urteroko erradiografiak maite ditut; aitzitik, aurtengoari beldur nion, egia esan. Pandemiaren arrastoak oraindik bizi-bizirik daude, eta berriki txertoaren oasiaren eraginpean, banekien bihotza uzkurtuko zitzaidala Euskadi Irratiko Faktoria-ko rememberra entzutean: alarma egoera, itxialdia, telelana, maskarak, musukoak, testak, probak, PCRak, immunitatea, txertoa. Honatx 2020ak emandako uztaren mintzagai zenbait, usuenik errepikatuenak, seguru asko.

Txertoaren nondik norakoez jabetzeko, Euskadi Irratiko Osasun Etxea entzun nuen igandean. Duela gutxi jaso zuen saioak Rikardo Arregi Kazetaritza Saria—kalitatezko zerbitzu publiko eredugarria nabarmendu zuen epaimahaiak—. Hain justu, Felix Zubia, Donostia Ospitaleko zainketa berezien unitateko medikua, abian jarri den txertaketaren inguruan mintzatu zen, mekanismoak nola funtzionatzen duen azalduz. Horretaz gain, entzuleen bestelako galderak eta zalantzak erantzun zituen.

Irratsaioa aditzean konturatu nintzen zein garrantzitsua den gizarteari osasun eta zientzia gaiak argiro azaltzea, denok uler ditzagun. Hartu-eman hori irratiaren bitartez egitea bitxia iruditu zitzaidan, baina modu berean, eraginkorra. Hain zuzen kontsulta batek izan beharko lukeena: hurbila, zehatza eta zuhurra.

COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainaz aritu ziren ere, asteartean, Izortze Santin eta Koldo Gartzia ikertzaileak, Naiz irratian. Urtearen akaberan iritsi da txertoa, munduaren azken nahia izango balitz bezala. Baina kanpaina oso luzea izango da, eta indarrean dauden neurriak betetzen jarraitu behar dugu, hau da, itxaropena bai, baina ahal bestean. Helarazitako mezua ezinbestekoa iruditu zitzaidan, oso zaila baita mezu zentzudunekin gizartearen desirei eustea, hots, jendea desmoralizatu gabe, errealitatea bere horretan agertzea.

Urteko azken egunean, SER kateko La ventana irratsaioa jarri eta galdera txundigarria entzun nion esatariari: «Eta zuri, zer gertatu zaizu 2020. urtean?». Nondik hasi. Jakina, testuingurua falta zitzaidan. Izan ere, urteko afera positiboak nabarmendu nahian, entzule batzuek kontatu zituzten aurten jazotako euren bizitzako gertakari gogoangarrienak: ongi burututako organoen transplante bat, adopzio bat, kasurako. Iluntasun amaigabearen argi-printzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.