Etendako ametsak maletetan

Bertan behera gelditu dira bidaiarien joanak. Ez ihesaldi, eta ez arnas hartze. Ziurgabetasuna eta mesfidantza sortu ditu pandemiak. Bidaia agentzia asko itxi egin dituzte. Segitzen duten batzuek euren poltsikotik itzuli dizkiete bezeroei egin ez zituzten bidaien gastuak. Zorpetu egin dira asko. Laguntzen zain eta udaren peskizan daude gehienak.

CC0.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ametsak zintzilik daude argazkien paretetan. Ilusioa hautsak hartuta etxeko maletetan. Ihesa bertan behera geldituta aireportuko paneletan. Mugak eta debekuak. Kanpotik ezarriak eta norbere buruari beldurrez jarriak. Etenda daude bidaiak. Hozkailuan itsatsitako postalekin, ordenagailuko idazmahaian gordetako argazkiekin, edo sakelako sare sozialean salto egindako oroitzapenekin bakarrik egin daiteke une batez hegan mundu haietara. Eta ahaztu. Eta galdu. Bidaiarik ezak eten egin ditu askoren barne joanak, baina erabat apurtu ere bai sektoreko langile askoren bizitzak, jardunak eta beharrak.

Aitziber Artuzamonoak astelehenean ireki zuen bulegoa lau hilabetez itxita eduki ostean. Fernando Duartek behin betiko itxi du berea, eta asteartean entregatu zituen salmentan jarritako altzariak. Felipe Uriarte aldi baterako erregulazioan dago joan den udatik. Sektore berean ari dira, baina hiru errealitate ezberdin dira.

Andoaingo (Gipuzkoa) B The Travel Brand agentziako bulegoan zuzendaria da Artuzamonoa. Herri berean zuen Viajemania agentziaren bulegoa Duartek. Herriak eta Mendiak agentziaren sortzaile eta mendi gidaria da Felipe Uriarte. Pandemiak hankaz gora jarri du haien jarduna.

Sarrerako txirrina isilik dago aspaldian B The Travel Branden bulegoan. Irribarrerik galdu gabe ari da Artuzamonoa, baina egoeraz gordin mintzo da: «Psikologikoki osoa gogorra ari da izaten hau». Gabonen jiran itxi zuen, eta ez du aste honetara arte ireki. Jornada erdiz ireki du: «Ea udarako zerbait mugitzen den».

Pandemiak gogor kolpatu du sektorea. Artuzamonoaren agentziak, esaterako, hamabost frankizia zituen Gipuzkoan, eta zortzi baino ez dira gelditzen. Alokairurik ordaindu ezinda, bulegoko gastuei eta langileenei aurre egin ezinda, 20 urtez bete-betean aritutako bulegoak itxi egin dituzte. Ez dute erraztasunik izan. «Jaurlaritzaren laguntzetan ez gara sartzen, frankizia garenez. Guk saltzen duguna saltzen dugu B The Travel Brandeko [Barcelo-ko] titulu lizentziarekin. Eta hori Palma de Mallorcan dago aterata. Gu paperetan Barceloko sukurtsal gisara agertzen gara. Ordaintzeko ez dago arazorik, horretarako hemengoak gara, baina laguntzak jasotzeko kanpokoak».

Jendea mesfidati dago. Ziurgabetasuna erabatekoa da. Iaz gertatutakoa dute askok buruan. Aurrera urratsa egin eta nola egin behar izan zuten gero atzera. Eta gastuak errekuperatzeko arazoak, eta askatu ezinezko korapiloak. Eta tartean preso agentziako behargina. Handik tira eta hemendik bultza. Ahalegina «sekulakoa» izan dela diote, eta ordaina ere bai: «Guk bezeroei dirua itzultzeko maileguak eskatu ditugu, guk itzuli dugulako guri itzuli baino lehen. Baina hau asko ari da luzatzen, eta mailegu horiek ere amaitzen ari dira. Eta jendea mugara ari da iristen. Joaten zara beste mailegu bat eskatzera eta ezetz esaten dizute: 'Pasa duzun urtearekin, nola emango dizut beste mailegu bat?'». Baina aurrera egitea erabaki dute: «Gure diruarekin. Baina noiz arte? Esaten badigute ekainera arte dela, bada, jarraituko dugu gure diruarekin; gurasoek utzi dizutenarekin. Baina hortik aurrera ere honek jarraitzen badu? Ez dakigunez, muga-mugan daude».

Egun gogorrak

Artuzamonoak gogoan du mahaiaren gainean denbora luzez izan zuen erreserben sorta hura [eskuekin mendi handi bat irudikatzen du]: «Horrelako sorta bat, dena bertan behera utzita. 300.000 euro. Dena. Etxetik lanean, egun osoan telefonoan, bertan behera utzitako bidaiekin eta bezeroekin. Martxoan deika ekainean itsas bidaia bat zeukatenak, martxoan deika uztailerako dena lotuta zutenak... Bezeroek dena bertan behera utzi nahi zuten, baina martxoan bertan behera uzten bazenuen maiatzeko edo ekaineko bidaia bat, gastuak zeuden. Itxaroteko esaten nion jendeari. Alarma egoeran ez zegoelako gasturik. Eta horrela egunero, jendeari azalpenak eta gomendioak ematen».

Azaldu du agentzietako beharginei eskatu zaiela medikuak izateko: «Kanarietara bidaia bat daukat, baina beldurra ematen dit joateak. Zer diozu?». Eskatu zaiela igarleak izateko: «Zer esaten didazu udarako?». Artuzamunoak argi dauka: «Jendeak erreserbatu egin nahi du, baina jakinda ez duela dirurik galduko. Orduan gomendatzen diet erreserbatzeko zerbait, baina hegazkinik gabe. Eta hotel bat aukera ematen duena dena bertan behera uzteko ia bezperara arte. 'Bai, baina nik Kanarietara joan nahi dut'. Bada, horrek arrisku bat dauka. Hegaldi bat erosten ari zara, hegaldiak jaulki egiten dira, eta oso litekeena da gastuak egotea».

Horregatik hartu du erabakia Fernando Duartek: «Salduko dudan guztia izango da astebete lehenagora arte bertan behera utzi daitekeena; gasturik gabe. Bezeroak ez dezala galdu euro bakar bat ere, eta nik ere ez». Gordin dio: «Eskatutako mailegu guztia itzulketetan joan zait. Hasiko zaizkit mailegu horien interesak kobratzen, eta nik jarraitzen dut euro madarikatu bat sortu gabe. Garbi daukat: ez naiz gehiago zorpetuko. Ezin dut. Zorpetu naiteke tunelaren amaieran argia ikusiko banu, baina ez denez ikusten...».

Hogei urteko eskarmentua

Pertsiana behera jaitsita du aspaldian Duarteren bulegoak, baina argi dio ez duela agentzia itxi. Ekintzaile sena izan du beti. Viajemania eta Mas de Cuatro agentzien sortzailea eta burua da. Azken hori, familia ugariei zerbitzua ematen da espezializatua, Duarteren familiaren esperientziatik abiatuta. Hogei urteko eskarmentua du sektorean. Internetez ari da orain lanean, etxetik. Goratu ditu, eta bidaia agentziek egin duten ahalegina nabarmendu du Duartek. Aldarrikatu du, ziurgabetasun garaiotan, «konfiantza sortzea», badela kontuan hartu beharreko «abal» bat: «Jendeak ikusi du agentzietako jendeak nola erantzun duen, zer-nolako lana egin dugun. Nola aritu garen jo eta su lanean. Ez sinestekoa da jendeak egin duen ahalegina bezeroa zaintzeko, eta nola borrokatu den dirurik galdu ez zezan. Jendeak pentsatzen du erreserba bat bertan behera uztea botoi bati ematea dela, eta ez da hala. Beste aldean dagoenak ez dizu kasurik egiten, ez dago inor beste aldean askotan, aldi baterako erregulazioan daudelako asko, baldintza negargarrietan ari direlako lanean beste asko. Erabateko agonia izan da. Oso gogorra. Ari zarelako borrokan ez irabazteko; galtzeko, baizik. Zure dirua balitz bezala. Berez, nik gehiago lortu dut nire bezeroentzat niretzat baino».

Duarterena ez da frankizia bat, eta izan du aukera diru laguntzak jasotzeko. Andoaingo Udalarena jaso zuen iaz, baina ezin izan du aurten, publikoari irekitako lokala izatea eskatzen ziotelako, eta berak itxi egin duelako berea. Jaurlaritzak ateratako lehen laguntza onartu zioten, eta kobratzeko zain dago. Azkena atera duen laguntzarako ere eman du izena. Aitortzen du, onartuko baliote, «arnasa» irabaziko lukeela. Garbi dauka: «Jendeak badauka bidaiatzeko gogoa. Ahaztekoa. Errealitatetik aldentzekoa. Ilusio apur bat edukitzekoa. Planak egitekoa. Baina azken unera arte ez dute erabaki nahi».

Felipe Uriartek 1974an sortu zuen Mendiak eta Herriak agentzia, Euskal Herriko mendizaleak Pirinioetara, Alpeetara, Andeetara eta Himalaiara eramateko. Beste molde bateko agentzia da, eta beste molde bateko bezeroak ditu. Egoeraren larria berbera da, ordea: «Hau oso beltza da guretzako. Mugikortasunik gabe, gure jarduera desagertu egiten da. Ez dugu inolako aukerarik. Urtebete egitera goaz. Udan atera ginen une batez aldi baterako lan erregulaziotik, sortu zelako lan apur bat, baina udazkenean eta orain lan erregulazioan gaude oraindik ere. Jaurlaritzak laguntza lerro bat ireki du, eta emango dugu izena hor ea eskuratu dezakegun zerbait, baina elkartea gaizki dago».

Beste mezu mota bat

Uriartek dio, hala ere, «langa bakarra» ez dela mugikortasuna, gizartea «beldurtuta» dagoela. Beste mezu bat eman nahi du berak: «Mendizaleak larre motzean ohitutakoak gara. Gure lana urte hauetan zaintza izan da. Gurekin zetorren jendea zaintzea. Hori era naturalean ateratzen zaigu. Eta pandemia garaian ere gure jarrera oso lasaia da. Patxadaz hartu dugu. Gure papera hori ere bada. Jarrera horrek ere gizartea nolabait zaindu egiten du. Garai txarra ari gara bizitzen. Jendea hiltzen ari da, eta elkar zaindu behar dugu. Etorriko dira garai hobeak».

Bidaia ez baita berez helmuga eta helburu. «Egin dezakezu bidaiarik luzeena eta politena, baina ez badago barne bidaiarik, ez dago bidaiarik. Bidaia hasieratik hasten da: prestaketekin, pentsatzearekin. Horrela ibili garenoi beste ikuspegi bat ematen digu honek. Eta ohartzea kanpoan topatu izan ditugun gauza asko etxean ere baditugula».

Uriartek, horregatik, proposamen bat dauka: agintariek diruz lagundutako mendi ibilaldiak antolatzea. «Adituek garbi esan dute distantzia-eta zainduta, naturan, mendian, ia ezinezkoa dela kutsatzea. Aukera bat ari gara galtzen. Ez dira ari profitatzen gure gaitasuna. Aralarren, Aizkorrin... gidari aditu baten aginduetara taldetxo bat. Gaur egun dugun presio hori arinduko luke».

Barne bidaiatzen segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.