KRITIKA. Musika

Zachariasen Mozart

Jesus Mari Begoña

2017ko azaroak 14

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria eta piano bakarlaria: Christian Zacharias. Non: Bilboko Euskalduna jauregia. Noiz: Azaroak 9.

Greba aldarrikapen justuak entzuten diren bitartean gure Euskadiko Orkestraren eremuetan —zergatik grebaren hasiera OLBEren operaren kaltetan, eta ez EOSen denboraldiaren kontzertu batean?—, Bilboko Orkestra Sinfonikoak musikaren legenda ekarri digu orkestra eta pianoaren aurrean jarduteko. Horixe da Christian Zacharias pianistaren kasua: klasizismo estiloan aditua da, bereziki, Mozarten piano lanetan; zuzendari bihurtu dute Suitza aldean. Zinez, klasizismotik hasita 1948an egiten zen neoklasizismora hedatu du garatutako egitaraua. Hasierako Haydnen 83.sinfoniatik —La Poule (Oiloa) izengoitiaz ezagutua—, ikusi genuen maisuak ez daukala zuzendari akademiko baten planta. Baina agintea du musikariengan: haren eskuetan, harizko eta egurrezko musikariek egundoko joaldia egin zuten, oboeek bakarka zein harizkoek lau mugimenduen barrena.

Publikoaren iguripena maisuak pianoaren aurrean egingo zuen jardunean jarrita zegoen. Eta adituak ez zuen hutsik egin. Christian Zacharias digitazio boteretsuaren jabea da: lerdentasuna eta adierazkortasuna ateratzen dizkio Mozarten kontzertuari, baita cadenza paregabeak ere. Kontzertu honetan ez daude hurrengoetan azalduko diren tirabirak, azken mugimendu fugatuan ez bada. Azkenean, jendeak txalotu egin zuen.

Nahiz eta auzokideak izan, gure artean ez dira hain ezagunak Francis Poulenc eta Les Six taldearen neoklasizismoa; atzera begirada neotonala, sinpletasun argikoa. Horrelako ildoetatik asmatua da haren Sinfonietta FP 141. Gure orkestrak ez zuen arazorik zuzendariaren agindupean, hasierako sonata itxurako Allegroa bi gaietan garatzeko; ezta ere Scherzo arinean edota Andante lirikoa kantatzeko. Nabaria da laugarren mugimenduan ematen den klasizismoaren estiloa, kasu honetan, dotoreziaz emana zuzendari eta orkestraren aldetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna