Arantza Gutierrez.
IRRATIA

0 Km

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Sare sozialak eta Internet jende askorentzako informazio iturri nagusietako bat bilakatu dira gaur egun. Baina ezin ukatu gure inguru hurbilena ezagutzeko tokian tokiko hedabideek garrantzi handia dutela, komunitatea eraikitzeko, bertako zerbitzu, agenda eta merkataritzara hurbiltzeko, eta baita herritarren parte hartzeko gunea eta komunikazio-eskola eskaintzeko ere.

1980ko hamarkadan, Iberiar penintsulan garaturiko udal irratien fenomenoa heldu zen Hego Euskal Herrira, baina Hego Euskal Herrian ez dute Andaluzian, Galizian edo Katalunian izandako garapena izan. Euskal Herrian lehenengo udal irratia Zornotzakoa izan zen: 1981ean emititzen hasi zen, eta Bizkaian legalizazioaren aldeko mugimendua bultzatu zuten hainbat udaletan. 1991n Espainiako legeak eta Nafarroako zein EAEko 1992 eta 1994ko dekretuek, hurrenez hurren, bide legala eman zuten arren, unerik oparoenean hogei euskal udalek bultzatu zuten irrati bat. Kontuan hartzen badugu Hego Euskal Herrian 523 udalerri daudela, ondoriozta dezakegu oso udal gutxik erabaki dutela irrati bat izatea.

Oso ehuneko mugatua bazen ere, Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko dekretuan lehenengo aldiz jasotzen zen euskararen erabileraren gutxieneko bat komunikabide publikoetan. Hala ere, soilik Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean garaturiko udal irratiek emititu dute euskara hutsez; Bizkaian, ordea, gaztelania gailendu da programazioetan, eta askotan hizkuntza kopurua betetzeko Euskadi Irratitik edo tokiko plataformetako saioak eskaini dituzte.

Beste alde batetik, kudeaketa zuzeneko proiektu batzuk izan badira ere, udal gehienek hautatu zuten elkarte edo enpresa baten bidez kontzesioa ematea.

Gaur, berriz, oso udal irrati gutxi geratzen dira. Faktore asko izan ziren udal irratien mugimenduaren porrota eragin zutenak: legeak ezarritako baldintzak betetzeko zailtasunak, edukien kontrolaren inguruko alderdien arteko gatazkak, bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko zailtasunak... , baina, zalantzarik gabe, faktore erabakigarria izan da beste irrati batzuek, hirugarren sektorekoek bereziki, bete dutela kokatzen diren auzo eta herrietako komunitatearen bozgorailua izatearen papera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.