Donostia 2016 Kultur Hiriburutza. Proiektuaren balantzea

ZUBIAK ETA HARRIAK

Bihar beteko da urtebete Donostian 'Elkarbizitzarako zubia' egin zutela. Kritika ugari eragin zuen Europako hiriburutza urtearen inaugurazio ekitaldi nagusi hark. Kritikak jasotzen zailduta zeuden ordurako Donostia 2016ko lantaldekoak. 2011tik, izan ere, etengabeak ziren jasotako kritikak eta presioa. Harri bihurtzeraino.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Besarkada bat Madrilen. Juan Karlos Izagirreren (Bildu) eta Odon Elorzaren (PSE-EE), Donostiako alkate izendatu berriaren eta aurrekoaren artekoa. 2011ko ekainak 28 egun zituen, eta ofiziala zen: 2016ko Europako kultur hiriburu izango zen Donostia, Poloniako Wroclawekin batera. Elorzak abiarazitako proiektua Izagirrek gauzatu beharko zuen azkenean —bi aste bete berri zituen karguan—. «Guztiak ziren hautagaitza onak, baina Donostiak zerbait gehiago zeukan. Indarkeriaren kontrako konpromiso handia eta kultura konpromiso horretan erabiltzeko ideia, besteak beste», esan zuen Manfred Gaulhofek, hiriburutzarako hautagai onenak aukeratzeko epaimahaiko buruak.

«Akats itzela» zela esan zuen Rosa Aguilarrek, orduko Espainiako Ingurumen ministro eta hautagaien artean zegoen Cordoba hiriko alkate ohiak. Beste hitz bat darabil Santi Erasok hiriburutza Donostiari egokitu zitzaion baldintzetan —hau da, Bildu agintean zela— egokitu izana azaltzeko: anomalia. «Bilduk agintea hartzea ez zen aurreikusten, eta ordenak anomalia gisa ulertu zuen. Bildu sartu zenean, inork ez zuen aurreikusten guk irabaztea. Zer emango zion Madrilgo ministroak Izagirreri eskua! Ezinezkotzat jotzen zuten. Anomaliatzat zutena gertatu zen, bada, eta hura desagerrarazteko edozein gauza egitea erabaki zuen ordenak. Gauza bera gertatu da Espainiako estatuan, M-15etik sortutako indarrek agintea hartu duten tokietan».

Beren proiektua oso politikoa zela bazekitela nabarmendu du Erasok, baina politikoa izatea gauza bat dela, eta beste bat ikuspegi «partidista» edukitzea. «Proiektua alderdikeriaz instrumentalizatu dute. Inor ez da gauza izan bere alderdi eta erakundeen interesen gainetik aritzeko. Betiko kontua da; ezintasun agerikoa egon da maila guztietan hau denontzako aukera bat zela ulertzeko».

Eraso ere Madrilen zen besarkadaren egunean, alderdiez gaindiko zubiaren argazkia zirudienari begira, proiektuaren zuzendari kultural gisa. Urruti zegoen 2008a, Odon Elorzak hautagaitza aurkezteko asmoa azaldu zionekoa. «Orduan esan nion onena zuela ez aurkeztea, kultur hiriburutzak kapitalaren Europaren, turismoari begira sortutako marka-hirien sorrera eta transmisio zinta besterik ez direla». Hautagaitzaren ideiari eutsi zion Elorzak, hala ere, eta, ikuspegi kritiko horretatik abiatuta, proposamen bat egiteko eskatu zion atzera Erasori. Hala etorri ziren ideia trukaketarako 2009ko mintegi sorta eta ondorioz findutako behin-behineko proiektuaren marrazketa. Donostia 2016 Miarritzetik Zumaiara bitarteko zazpi itsasargiren inguruan garatuko zela esan, eta hiru esaldi eman zituzten 2010eko uztailean: «Elkarrekin bizi, bakearen kulturan eta balioen hezkuntzan»; «Hitz egin, hitzen, hizkuntzen eta lengoaien hirian»; eta «Bat egin, euskal eurohiri kulturalean».

2011ko besarkadarako, herritarren parte hartzeari, teknologiari, euskarari, naturari eta arteari eta sorkuntzari lotutako bost laborategi martxan jartzeari buruz mintzo ziren proiektuaren gidariak; eta hamarkada bateko epeaz. «8-10 urteko prozesua nahi genuen, hiriaren sistema soziokulturala pentsatzeko, lehendik ere bazegoenaz gain. Donostiako urteroko ekimen handien paraleloan pentsatu nahi genuen, bigarren azala bezala, kultur sistema bat, ziklo horretan zenbait gauza —kudeaketa ereduak, batez ere— aldatzea ahalbidetuko ligukeena», dio Erasok.

Madrilera joan zirenerako, esana ei zien Izagirreri eta Elorzari egitasmoa utziko zuela, eta baita utzi ere, egitarauko Bake Itunak proiektuaren koordinazioari heldu bazion ere. Arrazoi askorengatik utzi omen zuen. Proiektuaren kudeaketa ereduagatik, besteak beste. «Kudeaketa ereduaren arazo handienetako bat da proiektua instituzionalizatutako egitura batetik egin dela, makinaria oso burokratizatu, oso administratibista, oso astunetik. Horixe da kultur estatuaren alderik txarrena. Bazegoen aukera antolaketa beste era batera pentsatzeko, eta ez da egin».

Zergatik? Erantzuna garbi du Ainara Martinek: «Gertatu den gauza ukaezina da politika aldaketa bat egon zela irabazi eta berehala. Ingerentzia politiko handia izan zen proiektuan. Kulturaren gaitz handi bat da hori». Erasok proiektua utzi ondoren, ordura arte zuzendari artistiko izan zen Martinek zuzendari kultural kargua hartu zuen.

2012ko urtarrilaren 26an, Donostia 2016 Fundazioa eratu zuten, erakunde publiko desberdinetako ordezkariak bertako patronatuan sartuta. 2012ko maiatzean, Martinek ere dimisioa eman zuen. «Proiektu bat gelditzeko modu asko daude. Nahikoa da etengabe galderak egiten aritzea, sei hilabete proiektua behin eta berriro esplikatzen galtzea. Horrekin, nik ulertu nuen ez zutela nahi proiektua bere horretan egitea. Eta beste testuinguru batean zilegi izan daiteke, baina egitasmo jakin batek irabazi zuen kasu honetan, eta nolabaiteko kontratu moral bat bazela uste dut nik».

Jarraipenik eza izan da D2016ren arazo nagusia Martinen ustez, hain zuzen ere: «Etenek min handia egin diote proiektuari. Hautagaitza irabazi bezain pronto, inplementazio fasera jauzi egin behar zuena berriro hasi zen, nolabait. Etengabe aritu da berriro hasten». Eta erakundeen benetako apustu falta ere nabarmena izan da, erantsi duenez: «Kultura garatzeko, beste edozein sektore garatzeko bezalaxe, dirua behar da, eta ezin da burua makurtu 'gutxiagorekin egingo dugu' esanez».

Datu objektiboa da: hasiera batean, 89 milioi euroko aurrekontua zeukan D2016k; krisialdia tarteko, 46,8 milioi izan ditu azkenean, abiadura handiko trenaren kilometro eta erdik adina. «Lau urtean ez zen babesle bat lortu, aizu; eta zergatik, eta Bildu zelako!», nabarmendu du Erasok. Antzeko hitzak erabili ditu Fernando Bernues antzerkilariak ere. Azken horrek bete zuen Martinen hutsunea hiriburutzaren zuzendaritza artistikoan. «Oso egitasmo gutxi egon dira eta daude hau bezain jomugan. Egurra jaso du etengabean. Zenbaitetan, arrazoiarekin; baina beste hainbatetan... Urtarrilaren 23ko inaugurazio ekitaldiak aurreikuspenak ez zituela bete-eta, asko hitz egin zen, baina askoz gehiago kezkatzen nau ni beldurrak eragindako arriskatzeko eta gauza berriak saiatzeko ekimenik ezak», zehaztu du.

Irakaspenak

Kudeaketa arazoez mintzo da Bernues ere, bere aurrekoak bezala. Eta politikariez: «Nik ikasi dut, besteak beste, patronatu eta fundazio publikoetan teknikari eta aditu askoz gehiago egon behar direla. Kontrol politikoa gauza bat da; egunero-egunero dena fiskalizatzen aritzea, beste bat. Arazoaren iturburu handienetako bat kudeaketa politikoa izan da. Eta ez naiz ari zentsura kontu bakar batez. ETAk lehendabiziko guardia zibila hil zueneko eta Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta hil zueneko tokiak giza kate batekin lotzeko ideia izan zuen behin Jorge Oteizak; ideia hori berreskuratzeko proposamena egin zen D2016an; horrek ere beldur eman zuen, hainbesteraino zegoen lotuta jendea. Arduradun teknikoek lasaitasun handiagoarekin lan egin behar lukete».

Zeri eman nahi zaion lasaitasuna eta arnasa. «Bere guraso sentitu ez direnen eskuetan egon den umea izan da proiektua», Erasoren ustez. «Duela urte eta erdira arte, proiektuak eman gabe, abian jarri gabe zeuden ia, eta gurekin lanean aritutako jendea, desesperatuta. Erantzuleak asko dira, geruza askotan daude».

Martinen aburuz, proiektua ez zen erraza, eta aukera handia zekarren berekin eraldaketarako. Azkenean, sektorea atomizatu eta prekarizatu duen kultur burbuila bat sortu dela deritzo. «Ez dut uste proiektua ulertu denik. Garaiz kanpo aurkeztu genuen. Oso ausarta zen, bertan geunden pertsonetan eta gure pentsamenduetan eta egiteko eretan oso oinarrituta. Geuk ere zenbait ideia oso itxita geneuzkan seguruenik».

Proiektua ulertarazteko eta gizarteratzeko prozesuan hedabideek jokatu duten rola ere nabarmendu du Erasok: «Tratu txarra eman zaio». Bat dator harekinBernues: «Patronatuko kideekin bilera egin, konfidentzialtasuna eskatu, eta hurrengo egunean prentsan ikusten zenituen gure artean hitz egindakoak. Eta gezurrak zabaltzen ziren, Europak esan gabekoak esan zituela eta beste zioten».

Bernuesek ere dimisioa eman zuen, 2013ko abenduaren 12an. Ez zen azkena izan. Zuzenean ezagututako tentsio politiko «izugarriaz» mintzo da: «Bilduren bi erakunderekin eta PPren eta PSEren beste banarekin aritu behar genuen. Patronatuaren bilera ostean plazaratu beharreko prentsa oharrak adostea bera gurutze bidea izan ohi zen. Patronatuko kideetako batek salaketa jarri zuen-eta Kontseiluarekin egindako hitzarmenaren aurka!». Jarrera politikoez gain, baina, kudeaketa mekanikak ere erabakigarriak izan direla nabarmendu du antzerkilariak: «Proiektuak, seguruenik, salbuespeneko mekanika bat behar zuen lan egiteko eran, baina burokrazia oztopo ikaragarriak egon dira. Kontzeptuak gutxiago inporta zuen inertzia batera jo da. D2016ko langileak bizkar gainean harria balute bezala ikusi ditut». Zubiak eraitsita, zubi harriak geratu zaizkio bizikidetzaren hiriburutzari.

Aginte politikoan ere egon ziren aldaketak: 2015eko maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan EAJk ordezkatu zuen Bildu Donostiako alkatetzan eta Gipuzkoako Aldundian.

Krtikak kritika, dena ez da txarrerako izan Martinen ustez. Ez du zalantzarik D2016k arrastoa utziko duela, badaudela proiektutik tira egiteko hariak. «Jendeak ere, kulturaz hitz egiten zaionean, baditu lehen ez zituen kontzeptu eta oihartzun batzuk buruan. Eta zalantzarik ez dut proiektuaren muina jasotzen duen aldizkari txostenean Euskal Herrirako kultura politika aurreratu baterako zume ederrak daudela. Garatzea da kontua».

Bernuesek ere ikusten du gauza onik: «Arte eszenikoetan, esaterako, ehun bat garatu eta hiriburutzak ekarri dituen baliabideengatik ez balitz planteatu ere egingo ez liratekeen gauzak egin dira. Horrekin, arte eszenikoetan daukagun ahalmenaren neurria azaleratu da». Kultura motore gisa ikusarazteko ere balio izan du proiektuak, dioenez. «Eta zenbait eztabaida pizteko ere bai! Kudeaketaz, beldurraz, trakeskeriaz, arriskatzen utzi ez zaion ekitaldi batez, guztiaren erabilera politikoaz...». Zubiez, harriez, kulturaz, politikaz, kultura politikaz, kultura politikoaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.