Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Berdintasun politikak. Josebe Iturrioz. Plaz-eko hautagaia

«Feminismoa funtsezkoa da aldaketarako»

Donostiako Udala feminismotik eraldatzeko beharra dago, Plazeko hautagaiaren ustez; pertsonak udal politiken erdigunean jartzeko garaia heldu dela aldarrikatu du.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Nagore Ares Amaya -

2015eko maiatzak 19 - Donostia

Donostiako Plaz hautagaitza feministako alkategaia da Josebe Iturrioz (Ordizia, Gipuzkoa, 1978). «Gizarte bidezkoagoa» lortu nahi dutela dio, eta, horretarako, pertsonak politiken erdigunean jarri behar direla. Azaldu duenez, udala «feminismotik eraldatzeak» egingo du bidea.

Plazandreok-en hautagaitza feministaren oinordekoa da Plaz. Izena aldatzeaz gain, beste ezer aldatu al da?

Prozesua aldatu da. Plazandreok-en hogei urte baino gehiago daramatzate lanean, eta hauteskunde hauetarako ireki egin dute proiektua. Jende berria sartzeaz gain, eduki berriak ere sartu dira: feminismotik egon diren eztabaidak txertatu dira. Feminismoa emakumeen gauza bakarrik ez dela diogu, munduari begiratzeko modu bat baizik.

Zer gabezia ditu Donostiako Udalak berdintasunaren alorrean?

Esan behar dugu azkeneko bi legealdietan aurrerapauso handiak eman dituela. Baina oso esanguratsua da aurrekontuaren %0,1 erabiltzen dela berdintasun politiketarako. Udal politiken transbertsalitateari begiratuko bagenio, ikusiko genuke udalak ez duela berdintasun legea betetzen. Gauza bera gertatzen da ia udal guztiekin. Behar ditugun egiturazko aldaketak ez dira gertatu.

Zer egin daiteke horretarako?

Udal departamenduak hobeto koordinatu behar dira, eta, agian, transbertsalitatearen zuzendaritza berri bat sortu, departamenduen arteko harremanak bermatzeko. Bestetik, eta hau ez du inork egiten, transbertsalitateak helburuak aldatzea eskatzen du. Adibidez, geure buruei galdetu beharko genieke nola erabili kirola indarkeriari aurre egiteko, galdetu beharrean mutilek futbolean egin dezaten nola sustatu. Bestalde, ekonomia eta gizarte politikak uztartu behar dira, eta pertsonak erdigunean jarri.

Nola eragingo lioke hiriari aurrekontu guztiak ikuspegi feministatik lantzeak?

Lehentasunak aldatuko lirateke. Aurrekontuen eragina zein den jakiteko lan egingo dugu. Gure susmoa da aurrekontuetatik dirua ateratzen duten gehienak ez direla, sarri, behar handiena dutenak: zenbat diru jasotzen dute elkarte gastronomikoek? Azpikontratak ere arazo bat dira. Donostian zerbitzu asko azpikontratatu egiten dira; esaterako, garbiketa lanetan aritzen diren emakumeak, eta oso diru gutxi kobratzen dute. Hor badago bitartekari bat diru pila bat irabazten duena.

Plazandreok hainbat hauteskundetara aurkeztu izan da, baina ez du inoiz zinegotzirik lortu. Plazek zinegotzirik lortzea espero duzue?

Boto gehiago jasotzea espero dugu, lan asko eta polita egiten ari garelako. Zinegotzi bat atera dezakegu? Baietz pentsatuz aurkezten gara, baina badakigu feminismoak oso prentsa txarra duela.

Zergatik da hori?

Nahiz eta feminismoa izan historia garaikidean eskubide gehien lortu dituen mugimendua, satanizazio bat egin da haren kontra; gehien bat, boterea zalantzan jartzen duelako. Jendea ez da konturatzen matxismoa oso ideologia indartsua dela, eta badirela pertsona asko gizon izateagatik boterea dutenak. Adibidez, indarkeria matxistari dagokionez, estatuan 30 emakumetik gora hil dituzte aurten. Momentu honetan ETAk hainbeste pertsona hilko balitu, nola egongo ginateke? Normaltasunez bizi gara indarkeria horrekin. Nola da posible? Uste dut feminismoa funtsezkoa dela aldaketarako.

Zer leku dute gizonek Plazen?

Zerrendetan ditugun gizonezkoek harreman estua dute feminismoarekin. Bestetik, gure helburua da apurtzea gizon zuri, heterosexual, autonomoaren eredua, fikzio bat delako. Gizon guztiak, emakumeak bezala, ahulak izan daitezke, gaixotu egiten dira, zaintza behar dute nahiz eta ez gaixotu... Kapitalismoak eta administrazioek sortu duten eredu hori oso gaiztoa da.

Zinegotzirik lortzen baduzue, nori emango diozue babesa?

Argi daukagu: ezkertiarra den alderdi bati; gure proiektu feminista errespetatzen duen talde bati, eta lehentasuna emango dionari. Oso garrantzitsua da moral bikoitza ez duen alderdi bati ematea. Esate baterako, oso larria da Hondarribian eta Irunen [Gipuzkoa] alardeen inguruan dagoen egoera: hor daude bi alderdi herrietan jarrera bat mantentzen dutenak eta beste bat orokorrean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Foru Hobekuntza: osatu edo berritu

Jon O. Urain

Txibitek uste du ez dela garaia Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko, hura «garatzeko» baizik. Barkosek dio legea «bete gabe» dagoela eta «itun politiko berri bat» beharrezkoa dela

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.
IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.