«Denbora-pasa dela uste duzu, baina, ohartu gabe, harrapatu egiten zaitu»

Javi Cuevas. 48 urterekin hasi zen Cuevas txanpon makinekin. Ohartu zenerako, zorrez lepo zegoen. Hasieran, «penitentzia» gisa hartu zuen terapia; gerora ohartu zen adikzio bat zeukala.

Ibai Maruri Bilbao.
Barakaldo
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Egoera ekonomiko ona daukazu, zeure dirua, tabernan zaude gin-tonica hartzen, txanpon makina ikusten duzu, eta, jolas modura, txanpon batzuk botatzen dituzu. Uste duzu denbora-pasa hutsa dela hori, baina, ohartu gabe, harrapatu egiten zaitu, eta ez dakizu nola gelditu». 48 urte zituela hasi zen Javi Cuevas tabernetako txanpon makinetan jokatzen. 65 dauzka orain. Lana zela medio, astean bizpahiru egunetan Donostiara, Gasteizera edo Iruñera joan behar izaten zuen Bizkaitik. Horri esker, ezkutuan jokatzeko erraztasunak izaten zituen. Etxean gezurrak esaten hasi zen, zorrak pilatzen, eta haiei aurre egiteko maileguak eskatzen. «Uste dut zortzi edo bederatzi hilabete aritu nintzela jolasean. Badakizu gaizki ari zarela, baina ez duzu ezer esateko adorerik. Uste duzu zeuk konponduko duzula arazoa. Txanpon makinekin ez da egundoko zorrik egiten, baina, apurka-apurka, zuloa handituz joaten da. Eta, egun batean, norbait ohartzen da dirua egon behar zen lekuan ez dagoela».

Jokatzen ibili zen hiletan, ikusten zuen arazo bat zuela: zorrak. Baina ez zen ohartzen adikzioa zuela. Diagnostikoz nahastu zen. «Ludopatak oso harroak gara. Eta uste dugu galdu dugun diru hori geuk bakarrik berreskura dezakegula». Familiak jakin zuenean zer gertatzen zen, anaiak ordaindu zituen Cuevasen zorrak, eta bera Ekintza Aluvizera joan zen. «Uste nuen zegokidan penitentzia egitera nentorrela. Ez zara ohartzen benetan zer arazo duzun, zergatik zauden elkartean. Errudun sentitzen zara. Etortzeko esan zidatelako etortzen nintzen terapiara, ez benetan behar nuela sinesten nuelako. Ez nuen berriro jokatzeko asmorik, baina noizean behin burura etortzen zaizu». Horregatik nabarmendu du ezinbestekoa dela terapia osorik betetzea. «Taldea garrantzitsua da. Eta zure bizitzako une horretan duzun gauzarik garrantzitsuena terapia izan behar da; zure lehentasun bakarra izan behar da. Halako batean, ohartzen zara zer egin behar duzun».

Cuevasen esanetan, terapia bukatu eta adikzioa kontrolpean dutenek elkartera joan zirenean baino pertsona hobetzat dute beren burua. «Hemen ikasi dugu apaltasuna zer den, beste batzuk ulertzen, enpatia izaten. Lehen genuen harrotasun hori albo batera uzten. Eta, horretarako, oso garrantzitsua da terapiako taldea: taldeak aurrera egiten duen heinean egingo duzu zuk ere». Bere terapiaren ardura izan zuena Ekintza Aluvizeko idazkaria zen. Gaur egun, Cuevasek berak betetzen du jardun hori. Eta, elkarteko arduradun den heinean, kezkaz ikusten du apustu etxeak nola ari diren hedatzen. Iaz laguntza eske joan zitzaizkien 212 kide berri izan zituzten. Familiei ere laguntzen diete. Aurten, 250 baino gehiago dira. «Batez ere gazteak datoz orain, 20 urteren bueltan dabiltzanak. Oso mingarria da niretzat hori ikustea. Hori nahi dugu gure neska-mutilentzat?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.