Adostutako oinarriak, gako

Otegik ezinbestekotzat jo du estatus berriaren eztabaidan erabakitzeko eskubidea errespetatzea

Arnaldo Otegi, hizketan, atzo EH Bilduk Gernika-Lumon egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Gernika-Lumo
2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Agertokiaren aukeraketa ez da ausazkoa izan. «Askatasunaren eta erresistentziaren ikurra da Gernika, eta ildo historiko zahar baten segidan egiten dugun beste ekarpen bat besterik ez da oraingoan egiten ari garena». Hala mintzatu zitzaien atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Gernikako Arbolaren aurrean bildutakoei, eta Eusko Legebiltzarrean Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak etorkizunean izan beharreko estatus politikoaren eztabaidan gakotzat jo du erabakitzeko eskubidea: «EAJk eta EH Bilduk erdietsitako akordioa bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, betiere aurretik onartutako irizpideak eta oinarriak errespetatzen baldin badira». Erabakitzeko eskubideari bide eman behar zaiola azpimarratu du indar abertzaleko ordezkariak. «Erabakitzeko eskubidea errespetatzea herri hau errespetatzea da».

EAJk eta EH Bilduk estatutuaren oinarrietan lortutako akordioak «zilegitasun demokratiko» osoa duela nabarmendu du Otegik. «Herri honen gehiengo zabala ordezkatzen du». Eta hari horri tiraka mintzatu zaie PSE-EE eta PP alderdiei: «Zilegitasun osoa dute akordioaren kontra egoteko edo kritikotasun politikoa adierazteko, baina ez dute inolako zilegitasunik herri honek dituen eskubide demokratikoen aurrean inposaketa eta betoa planteatzeko».

Erabakitzeko eskubidea jarri du EH Bilduko eledunak eztabaidaren erdigunean. «Erabakitzeko eskubideak ardazten du euskal gizartea. Gure bizitza politikoaren, sozialaren, ekonomikoaren eta kulturalaren gaineko kontrola izateko aukera ematen digu. Dena erabakitzeko eskubiderik ez badago, ez dago aldaketa sozialik». Nabarmendu du norabide horretan aurrera urratsak egiteko beharrezkoa dela eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko «herri akordioak» erdiestea. «Erantzukizun historikoarekin eta eskuzabaltasunarekin jokatzeko garaiak dira».

Euskal eragileen arteko elkarlanean tematuko da EH Bildu, Otegiren esanetan. «Funtsezko lana da guretzat, akordio haudenen akordioa dela iruditzen zaigulako eta guztien ekarpenekin aberastea beharrezkoa delako. Gure herriak bere etorkizunaren jabe izateko unea du. Denon artean, demokraziaren, erabakitzeko eskubidearen eta berdintasunaren aldeko akordioa eraikitzeko unea da».

Gernikako Estatutuaren eskumenen auzia aipatuz, esan du ez dela autonomiaren sasoia. «Autonomietan oinarritutako eredua agortuta dago. Ez da autonomien garaia; burujabetzaren garaia da, eta horregatik babestuko dugu estatus berrirako akordioa».

PSE-EEk, erdibideko bidea

«Pluraltasunean» oinarritutako akordioa aldarrikatu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzarkideak urte politikoari hasiera emateko Errenterian (Gipuzkoa) egin duten bileran. Mendiak uste du oraindik ere EAEko estatus politikoari buruzko «adostasunak zabaltzeko» eta «[Espainiako] legalitatearen barruko» akordioak erdiesteko denbora dagoela. Gainontzekoalderdiek hartutako «muturreko» posizioak kritikatu ditu. PPri leporatu dio «gauzak dauden bezala» utzi nahi izatea, eta, EH Bilduren eta EAJren arteko akordioa «erabat subiranista» modura ezaugarritu du.

Bi posizio horien artean jarri du Mendiak PSE-EEren proposamena. «Eusko Legebiltzarreko alderdi politiko guztiek idatzitakoak biltzen ditu sozialisten proposamenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.