Bete-betea dator orain Ilargia

Ilargia uste zen baino zaharragoa da, eta, azken ikerketen arabera, baliteke talka askoren ostean jaio izana. Laster, misio berriak joango dira hara; besteak beste, enpresa pribatuek abiaturikoak. Gaueko erreginarekiko interesa berpizten ari da.

'Superilargia' izendatu zuten fenomenoa, iragan azaroan, Txileko hiriburuan, Santiagon. E. GONZALEZ / EFE.
Juanma Gallego.
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Rachel Mackenzie hil berri da, eta urte gutxiko neskato bati zoritxarreko albistea eman behar zaio. Zerura joan omen da. Luna Corta txikiak, ordea, ondo daki nola izaten diren gauzak Ilargian. «Zerurik ez dago. Zabbaleen robotak baino ez daude. Jendea eramaten eta birrintzen dute, eta ateratzen den hautsa AKA enpresari ematen diote landareak ongarritzeko». Ilargian eraikitako zibilizazio basatia irudikatu du Ian McDonald idazleak New Moon zientzia fikzioko eleberrian. Etorkizun hurbilean han bizi den giza kolonia baten nondik norakoak azaltzen dira eleberrian.

Planeta urrunetan izandako pasadizoak landu ohi dira zientzia fikzioan, baina halako istorio gutxi kokatu dira Ilargian. Era berean, eguzki sistemako planeta ugaritara bidali dira azken urteotako misio espazial gehienak, baina gutxi Lurraren satelitera. Ilargian oina ezartzea izan zen Guda Hotzeko lasterketa espazialaren akuilua, baina geroztik mundu urrunetan finkatu da jomuga.

Satelitearekiko interesa, ordea, berpizten ari dela dirudi. Aste honetan sona handiko bi zientzia aldizkaritan argitaratutako lanak zientzialarien jakin-min horren adibide dira. Astelehenean, Nature Geoscience aldizkarian, Israelgo zientzialariek Ilargiaren formazioaren inguruko teoria berri bat proposatu dute. Aditu gehienek uste dutenez, Lurra jo zuen planeta batek sortu zuen Ilargia. Soilik horrela uler liteke Lurraren eta Ilargiaren ezaugarri geokimikoak hain antzekoak izatea. Israelgo zientzialariek zehaztu dutenez, ordea, talka erraldoi bakar batek ez, objektu txikiagoen arteko talkak izan ziren Ilargia sortu zutenak. Ikerketaren egile nagusi Raluca Rufuk honako azalpen hauek eman ditu: «Talka horiek ilargi txikiak sortuko zituzten, gerora gaur ezagutzen dugun ilargi bakarrean bildu zirenak».

Israelgo Weizmann institutuko astrofisikari horrek Ilargia aztertzearen beharra aldarrikatu du. «Ilargiaren osaketa oso lotuta dago Lurraren historiari berari. Ilargirik gabe, ezinezkoa izango zen gure planetan bizia garatzea, Ilargiak Lurrari egonkortasuna ematen diolako, klima egonkorra izateko aukera emanez».

'Apolo' misioaren laginak

Bestalde, Ilargia orain arte uste zen baino 40-140 milioi urte zaharragoa dela proposatu dute asteazkenean Science Advances aldizkarian. Zehazki, Ilargia gutxienez duela 4.510 milioi urte sortu zela proposatu dute zientzialariek, hau da, eguzki sistema sortu eta 60 milioi urtera. Eskala geologikoan, Lurra sortu eta gutxira, hain zuzen ere.

Zirkonio minerala erabili dute Ilargiaren jaiotza data zehazteko, 1971an Apolo 14 misioak Lurrera ekarritako arroketan bildutako laginetan oinarrituta. Duela 45 urte baino gehiago eskuratutako harriek oraindik ere informazio zientifiko baliagarria gordetzen dute? «Noski», erantzun du bigarren ikerketa horren egile nagusi Melanie Barboni geofisikariak. Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) aditua baikorra da: «Zirkonioak informazio ugari gordetzen du. Talken eta beste hainbat gertakariren ondorioz, arroketako informazioa galdu ohi da, baina zirkonioak ondo eusten die gertakari horiei». Zirkonioan dauden uranioa eta hafnioa erloju gisa erabili dituzte Ilargiaren adina zehazteko.

Adituaren ustez, eguzki sistemaren hasierara hurbiltzeko giltzarria da Ilargia. «Plaken tektonika dela eta, Lurraren hasieran egon ziren harri gehienak betirako galdu dira. Artizarra eta antzeko beste planetak, berriz, ez daude eskura. Noizbait Marten laginak eskuratuko ditugu, baina oraindik goiz da horretarako. Oraingoz, beraz, Ilargia da Lurraren eta eguzki sistemaren hasierako eboluzioa ulertzeko eskura dagoen eta ondo kontserbatu den elementu bakarra».

Bi ikerketa horien garrantzia azpimarratu du Ignasi Casanova irakasleak. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan diharduen planeta geologo horrek espazio misio askoren prestakuntzan parte hartu du.«Lurretik kanpoko arrokak berton edukitzea oso garrantzitsua dela erakusten du azken ikerketa horrek. Izan ere, azterketetan erabiltzen diren gailuen bereizmena handitzen den heinean, datu gehiago eskuratzen dira, teoriak hobetzeko aukera emanez. Hemen ditugun laginekin gauza berriak ikas baditzakegu, pentsa zer ikas genezakeen leku berrietan eskuratutako laginekin». Ilargiaren alde ezkutuko arroka gehiago biltzeko aukera iradoki ditu adituak. Dena ondo bidean, txinatarrek misio bat eramango dute hara 2018an. «Bi kilo arroka inguru Lurrera ekarri nahi dituzte», azaldu du.

Ilargiarekiko interesa galdu ote den galdetuta, zientzia politika aipatu du Casanovak. «Ikuspuntu politikotik, Martek lidergoari lotutako konnotazio gehiago ditu, Ilargian jada egon garelako. Baina Ilargia askoz gertuago dago, eta Lurraren inguruan kokaleku egonkor bat ezarri nahi badugu, Ilargia da lekurik aproposena».

Europako Espazio Agentziak garatzen duen Moon Village izeneko egitasmoa ekarri du gogora adituak. «Ilargian kokaleku egonkorrak ezartzeko beharrezkoak diren teknologiak garatzen ari dira han».Googlek antolatutako Lunar Xprize izeneko lehiaketak, berriz, lasterketa pribatua bultzatu du. 20 milioi dolarreko saria eskuratuko du aurten hara zunda bat eraman, 500 metro egin eta Lurrera irudiak bidaltzea lortzen duen lehen taldeak. Nazioarteko talde ugari lehian ari dira, eta horietatik lauk jaurtiketa hitzarmenak iragarriak dituzte: Israelgo SpaceIL, AEBetako Moon Express, Indiako Team Indus eta nazioarteko Synergy Moon dira talde horiek.

Enpresa pribatuei bidea irekitzeak Ilargia zaintzearen beharraren inguruko kezka ere sortzen du. Esaterako, iazko abuztuan hegaldia abiatzeko AEBetako Hegazkintza Administrazio Federalaren baimena eskuratu zuen Moon Express enpresak bertara hildakoen errautsak eramateko asmoa azaldu du. Halakoak adituta, ez dira izutzen hainbat aditu. «Xprize eta antzeko egitasmoek ez gaituzte izutu behar, ez dut uste horrek kontrolik gabeko ustiatze batera eramango gaituenik», dio Ignasi Casanovak. «Luze gabe, interes zientifikoa gailenduko da». Bestalde, Ilargian baliabide mineral garrantzitsurik ez dagoela gogoratu du adituak. «Asteroideen kasuan, asko eztabaidatu da han eskura daitezkeen metal preziatuen inguruan. Ilargian, berriz, ez dago halakorik. Badira, ordea, hantxe in situ ustia daitezkeen baliabideak. Adibidez, burdinaz eta titanioz osatuta dagoen ilmenita izeneko minerala oxigenoa lortzeko erabil daiteke». Lurrean ez dagoen baliabide bakarra Helio 3a da, eta fusio nuklearrean erregai gisa erabil liteke akaso etorkizunean. «Baina fusioaren teknologia oraindik garatu ez badugu, oraingoz ezer gutxi egin dezakegu Helio 3 horrekin».

Gizakia bere burua arautzekogai izango den esperantza du Casanovak. Melanie Borbonik, bestalde, zientzialari amantala une batez alboan utzi, eta bihotz mamitik hitz egin du. «Ederra da Ilargia, gure lagunik zaharrena, eta zinez maite dut gauez hari begira egotea. Lurrean ukitzen dugun guztia txikitzen dugu. Utz dezagun Ilargia bakean, eder eta distiratsu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.