Garunaren kontrola helburu

Neurozientziaren alorrean izan diren aurrerapenek itxaropena eta kezka sortu dituzte. Genetikaren eta neurologiaren arteko zubiek portaera aldatzeko bideak erraztu dituzte; hala ere, adituen ustez, aplikazio praktikoak luze joko du oraino.

Garunarekin pantailako irudiak kontrolatzea lortu zuten ikerketa honetan, Alemanian. C. REHDER / EFE-EPA.
Juanma Gallego.
2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Buruan zuntz optikoko bi kable txertatuak dituen sagu bat ageri da kameraren aurrean. Egur zati txiki bat jarri zaio bidean. Muturra hara hurbildu, eta usaindu egin du saguak. Jaramonik ez. Bigarren aldiz hurbildu da animalia. Distira bat ageri da kableen barruan; argi bat piztu dute. Orain bai, bat-batean saguak zotza harrapatu du. Argia piztu orduko, marraskatzeko sena piztu zaio ugaztun txikiari.

Irudi ikusgarriak dira Yaleko Unibertsitateko (Connecticut, AEB) adituek zabaldutakoak. Saguetan nahieran sorraraziriko portaera The Walking Dead saileko zonbiekin alderatu dute prentsa oharrean. Kasu honetan, bederen, ez bota errua kazetariari, Yaleko unibertsitateko prentsa arduradunei bururatu zaie aurkikuntza ondo saltzeko moduko konparaketa.

Cell aldizkarian hilaren 12an argitaratutako lanaren arabera, saguengan ehiza eta harraparitza arautzen dituen garunaren eremua identifikatzea lortu dute. Era berean, zientzialariak gai izan dira sen horren atzean dauden neuronak martxan jartzeko edo bertan behera uzteko. Saguen amigdalan dauden hainbat neuronak harrapakinak ehizatzeko mekanismoa arautzen dutela aurkitu dute. Beste hainbat neuronak, berriz, lepoa eta baraila mugitzeko aginduak ematen dituzte.

Optogenetika izeneko teknika erabili dute neuronak nahieran «piztu» eta «itzaltzeko». Argia erabiltzen da teknika hori abiatzeko, etengailu elektriko bat balitz bezala. Ikertzaileek adierazitakoaren arabera, argia itzalita zegoenean, saguak lasai asko egoten ziren, baina, argia piztean, zoro modura ibiltzen hasten ziren, aurrean jartzen zitzaizkien objektu guztiei segika eta hozka eginez.

Optogenetikaren iraultza

Teknika horren nondik norakoak azaldu ditu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaile Raul Andero neurozientzialariak. «Laser baten bitartez, aukeratutako neurona zehatzak estimulatzen dira. Orain dela gutxira arte ezinezkoa zen hori. Neuronak botiken bitartez estimulatu beharra zegoen, baina dozenaka edo ehunka neuronari eragiten zien. Orain, nahi izanez gero, neurona bakar bat aukeratu ahal dugu, argiaren bidez hura gaituz edo ezgaituz, sortzen den ondorioa aztertu ahal izateko».

Aukera berriak ireki ditu teknikak. «Nahiko ikusgarria da ikustea milisegundotan egindako estimulazio batek portaeran aldaketak eragiten dituela. Horrek abantaila nabarmenak ditu. Baina, bestalde, oraindik asko falta da teknika gizakiengan erabili ahal izateko. Argi dago estimulazio baten bitartez ez ditugula gaixotasunak sendatuko».

Anderok oroimenaren inguruko ikerketak egiten ditu, eta, horretarako, optogenetikaren aldaera bat erabiltzen du. Argiaz baliatu beharrean, botikak erabiltzen ditu saguen neuronak piztu edo itzaltzeko. «Teknika horrek DREADD izena du, eta estimulazioa hainbat orduz luza dezakegu». Anderok espero du farmakogenetika hori errazago eraman ahal izango dela gizakiengana, etorkizunean gaitzak sendatu ahal izateko. «Hala ere, gainditu beharreko erronka asko daude oraindik. Adibidez, gizakiekin erabili beharreko botika kopurua oso handia da, eta nahigabeko ondorioak ondo aztertu beharko lirateke». Adituak uste du ikusmen arazoak tratatzeko ondorio praktikoak egon daitezkeela epe ertainera. «Ikusmen arazoak dituzten pazienteen erretinan birus bat ezartzen da; gero, Eguzkiaren argiaren bitartez bide neuronalak aktibatzen dira, eta, zenbait kasutan, ikusmena zertxobait hobetu daiteke». Hala ere, ohartarazi du hasierako pausoak baino ez direla. Beste aldaera esperimental bat ere azaldu du Anderok, oraindik argitaratzear dagoena. «Laserrik gabeko estimulazioa ikertzen ari dira orain; garunean LED txikiak txertatuz egiten da». Helburua da argitxo horiek irrati frekuentzien bitartez piztea, zuntz optikoa erabili behar izan gabe. «Oso ate interesgarria zabalduko da hor, baina etikaren aldetik ere eztabaida piztuko du».

Eztabaida ez da makala. Izan ere, irekitzen ari diren ate berriak ikusita, alde etikoak pisu handia hartu du adituen artean. Kezka, gainera, aspaldikoa da. Sagu zonbiak lortu dituen Yaleko Unibertsitate berean aritu zen urte luzez Jose Manuel Rodriguez Delgado neurologo espainiarra (1915-2011). 1963an, ospe handia eskuratu zuen TheNew York Times egunkariaren azalean zezen baten aurrean agertu zenean. Urrutiko aginte bat zuen eskuetan, eta, erasoan zegoen animalia geldiaraztea lortu zuen. Zezenaren garunean ezarritako elektrodo bat zen gakoa. Gizakiekin ere esperimentuak egin zituen. Epilepsiak eta eskizofreniak jotako eriekin jardun zuen. Inteligentzia gaietan aditu den Gordon Thomas kazetariaren arabera, Rodriguez Delgadok CIArekin kolaboratu zuen, MK Ultra programaren barruan. Guda Hotzaren garaian ere, esaterako, CIA urte luzez saiatu zen arerioen portaeraren gaineko kontrola izateko teknikak garatzen, baina, antza denez, arrakasta handirik ez zuen izan.

Esperimentu militarrak

«Onerako zein txarrerako, onartu behar da arlo militarrean halako ikerketa asko egiten direla», onartu du Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile Luis Etxartek. Neurozientziako doktorea da Etxarte, eta Gogoa-Garuna ikerketa taldean Neuroetikaren adarraren arduraduna da. «Gorputzaren mugikortasuna leheneratzearen alorrean, adibidez, aurrerapen asko arlo militarretik etorri dira, zauritutako soldadu askok halako programetan parte hartu dutelako. Bestalde, kaltea sortzeko moduko ikerketa asko ere egin dira, noski». Adituaren esanetan, soldaduak erasokorragoak izateko edo arerioa «lasaitzeko» teknikak ere erabil daitezke: «Baina horrek oraindik luze joko du, horiek gogoaren goi mailako funtzioak direlako». Arlo horretan, botikak erabilgarriagoak dira. «Soldaduen arreta luzatzen saiatzeko, metanfetaminak erabili izan dira; ezagunak dira CIAk LSD drogarekin egin zituen saioak ere: galdetutakoek egia esatea lortu nahi zuten. Gero ohartu ziren LSD hartzen zutenek egia eta gezurra ezberdintzen ere ez zekitela, informazioa ez zela baliagarria».

Medikuntzaren alorrean izan diren abantailek, ordea, itxaropenerako bidea ematen dute. Etxartek uste du Yaleko Unibertsitatean saguekin egindako esperimentua «zirraragarria» dela. Halere, ohartarazi du bide luzea egitear dagoela. «Gauza bat da garuna estimulatzea, saguetan zein gizakietan: baina oso gauza bestelakoa da garuna bere osotasunean ulertzea». Lantegi konplexu baten funtzionamendua kanpotik ikustearekin alderatu du arazoa. «Demagun argi bat piztu eta gutxira ate bat irekitzen dela. Gertaera horien arteko lotura ondoriozta dezakegu, baina bi gertakari aldi berean suertatzeak ez du lotura ziurtatzen. Horrek emaitza faltsuetara eraman gaitzake. Halakoa da garuna ere: izugarri konplexua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.