Almitz-mendi
Zarauzko herritik pare bat kilometrora dagoen muino ederra da Almitz mendia. Mende batean jasan dituen gorabeherak datozkit gogora. Zein urtetan egin zuten zehatz ez dakidan arren, Pagoetako gurutzea egiteko materiala, lan tresna edo herritik zihoazen boluntario denak hortik pasatuko ziren.
Zarauzko Bentatik abiatu eta aldapa gora, lehenengo, Santuru, gero Argoin-txiki, gero Borda. Hortik zeharkatzen da juxtu Almitz-mendi. Goiko muinora igo gabe, zeren hor badago zuhaitz ilera bat bere nortasuna eransten diona. Gure ikuspuntutik begiratuta (Urtetatik), sartaldera zegoen. Udaberrian batez ere belarra ebakitzen zutenean, bakoitzaren jabegoa ederki bereizten genuen; Aierdiko bordatik gora Aierdirena; hortik behera Etxebeste eta zehar-bideari jarraituz Abendañokoa, Argoin-txiki edo Ittulazabalena edo barrenean Munantxokoa. Dena kolorez bereizten zen, dena berde baina tonua aldatuz. Batzuk dena loratua izatetik, ebaki eta lehortzen zeukateneko tarte horretan oso ikuspegi ederra zen guretzat. Guztiarekin, hau ez da mugak zuzentzeko akta bat, ditudan oroitzapenak azaleratzea baizik.
Bide horretan zehar, herriko jende asko ikusten genuen, batez ere udaberrian. Ekainaren lehenengo igandea zuten Pagoetako gurutzera igotzeko. Hori dena festa bezala bizitzen zen gure bailaran, txistulariak eta irrintziak entzuten genituen. Festa hori ez zen gurea, hori kaletarren kontua zen ze baserritarrok, goizeko meza ondoren ere belarretan genbiltzan, beraz, festa pasatzen ikusten genuen.
Gure bailara, errekasto txiki batek zatitzen zuen, baina dena esanda, bostehun metroko tartea besterik ez zen.
Almitz-mendin behera zetozen goiko baserritar denak bereizten genituen. Batzuk astoaren garaieragatik edo kolorea edo gazteagoa bazen bizkorrago joaten zelako. Bakoitzak ahal zuen esne kopurua ekartzen zuen beren marmitak asto-otarreetan sartuta. Gero, bazeuden astean behin bakarrik zetozenak, horiek Altzola aldekoak. Altzolako gehiengoa Urdanetatik behera Izetatik jaitsiko ziren, baina baziren, uda partean batez ere, bide hori hautatzen zutenak.
Zertara dator hau guztia? XX. mendeko bigarren erditik aurrera berriro herrira udatiarrak etortzen hasi ziren. Askoz gehiago ziren Espainiako bero itogarriari bizkar emanez zetozenak, baina baita osasun arazoengatik ere bat baino gehiago. Herriko familia askok beren etxeak alokatzen zizkieten beraiei, horrela, diru iturri bat zuten urteko gastuei erantzuteko.
Premia larrian jende asko zegoen urte horietan bai baserri, nola kale barruan. Esaterako, tabernari edo hoteletako jabe gehienek, txerri-jana dena jasotzen zuten beren txaboletan zeuzkaten txerri, oilo edo konejuak mantentzeko. Esan gabe doa odolkiak ere banatu beharko zituztela txerria hildakoan.
Baserritarrek beste erantzukizun batzuk zeuzkaten; esaterako, eguneko esneaz hornitu, okela edo arrautzak eta ospakizunetarako oilaskoak. Guztia bertakoa zen, ogia egiteko garia ere beharrezkoa zen. Artoa, bai gizaki edo abereentzat, patata edota barazki guztia, babarrunak ahaztu gabe. Baserrietan ez zegoen aspertzerik, dena den, horren ondorioz kultura eder baten barne hezia nagoen harrotasuna dut.
Herria, betiko jakitunen edo oportunisten mende zegoen. Horiek guri bizkar emanda udatiarren zerbitzari bihurtu ziren. Udaran behintzat distira egon zedila hondartzan edo Parrokiatik hasi eta Iñurritza alderaino bederen.
Herrira jaisten ginen esne-banatzaileek astategia genuen Herrikobarra kalean, non berrogeita hamar bat abere lotuta egoten ziren. Gero, sagardotegirako behar zuten sagar dena idiekin gurdiz ekarri behar eta gurpilek galipotez tapatutako kaleak ebakitzen zituztela-eta isunak jartzen zituzten, bai ala bai.
Kendu astategia, kendu ferratokia, kendu txerritegiak edo txabola guztiak. Igande goizeko meza nagusirako herrian ez zedila marmitetan esnerik azaldu. Plastikozko botiletan zetorren guztiari ateak zabaldu; esnea, ardoa, olioa... Eta zaborra botatzeko garaian, orduan, jiratu bizkarra eta burua ere nekatu gabe, «hor dagoen baso ilun horretara bota dezakegu ahalik eta kostu txikienean, oso gertu baitago».
Dena esateko, baziren herritik propio gure bailaran igandeko mezetara joaten hasi zirenak, astakeria hori nola ekidin zitekeen galdetuz behin eta berriz.
Gurpil zoro bat bueltaka bezala, konturatzerako, ez herriko zabortegi baizik, Donostia aldetik hasi eta ingurumari guztiko zabor edo hondakin industrial dena hor metatuta dago.
Izena ere ezabatuta geratu da. Urtetako zabortegiarekin birbataiatu dute. Okerrena da Zarauzko kalean hori non dagoen galdetuta, gehiengoak ez dakiela zehatz erantzuten. Batzuek diote hor Aia aldean edo ote den, beste askok agian beste herri batean egon litekeela. Horrela sinetsi dute.
Besterik badirudi ere, hori Almitz-mendi da. Hor harriek negar egiten dute eta puska baterako motiborik ez zaie faltako.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.