Nekane Murga Osasun sailburuari

2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Urak nahasiak datoz Osakidetzan, eta zezenari adarretik heltzeko, Osasun sailburu berria daukagu. Ez da zoriontzeko modukoa, aurrean dauzkan erronkak handiak baitira. Ongi etorririk ez, Osakidetza guk baino hobeto ezagutzen baitu, ibilbide oparoa egin duen profesionala izanik. Hori esan didate, behintzat, lankideek: langile fina dela, mediku bikaina, eta, batez ere, ororen gainetik lagun zintzoa.

Haizea nora, zapia hara, pentsatuko du baten batek. Ez naiz etorri sailburua limurtzera. Eskaera bat egitera etorri naiz. Proba osagarri guztien txostenak ele bietan eskain ditzala, hain zuzen ere.

Proba osagarriak, edo proba diagnostikoak, esan beharrik ez dago, diagnostikoak egiteko erabiltzen ditugun baliabideak dira. Kolon-ondesteko minbiziaren baheketa egiteko, adibidez, eginkarietako odol ezkutua bilatzen da laborategian. Diabetesa diagnostikatzeko, berbarako, odol analisiak derrigorrezkoak dira. Iztai hernia edo etena topatzeko, ekografia bat eskatzen dugu. Garezurreko traumatismo bat dagoenean, edo iktus bat, eskanerra egiten zaio pazienteari. Osasun sailburuak badaki, ondo ere ondo jakin, proba diagnostiko bat zer den. Jendeak ere jakin beharko luke, izan ere denok joan gara, edo joango gara, medikuarenera noizbait. Denok daukagu senideren bat, ezagunen bat, osasun arreta behar izan duena. Eta Pernandoren egia da gaztelera hutsean daudela. Agiri ofizialak dira, administrazio publikoak kudeatzen dituenak, baina hala eta guztiz ere gaztelera hutsean daude. Euskara, ofiziala izanik, ez dago debekatuta; desagerrarazi egin dute, besterik ez. Ez da existitzen. Osakidetzako zuzendari orok eta zerbitzu-buru guztiek badakite. Halere, ez dute ezer ere egin hori bideratzeko. Beharbada, eurentzat konponbidea behar duen arazorik ez dagoelako.

Proba osagarriak ez dira nolanahikoak. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula biriketako minbizia izango duzun edo ez jakitea. Medikuontzat, gainera, gure lan tresna dira, eta, hortaz, gaztelera hutsean egoteak lan hizkuntzari eragiten dio zuzenean. Beste era batera esanda, Osakidetzak gazteleraz lan egitera behartzen gaitu. Ez datoz gazteleraz Jaungoikoak horrela agindu duelako, ez kasualitatez, ez guztion artean adostasunez gaztelera aukeratu dugulako, edo medikuntzaren elea delako. Badaude, egon, gazteleraz ez dakiten maila goreneko milaka mediku. Eta medikuntzaren hizkuntza ingelesa da. Gazteleraz datoz, Osakidetzako zuzendariek, zerbitzu-buruek eta arduradunek horrela izatea erabaki dutelako, pazienteei galdetu barik.

Hain zaila al da euskaraz eskaintzea? Ez dut uste. Agian, profesional guztiek ez dute eremu elebidun batek eskatzen duen gaitasuna erdietsi, elebidun izatea, alegia. Baina itzultzaileak badira, eta proba guztiak itzul daitezke, betiere pazienteen intimitatea babestuz eta, aldi berean, bere segurtasun klinikoa bermatuz.

Horixe da, beraz, Nekane Murga sailburu berriari eskatzen diodana, jendaurrean, hedabideak erabiliz. Jakin badakidalako, Osakidetza barruan eskatzea alferrik dela, ez didatela jaramonik egingo. Bide batez, eskaera hau zabaltzen diet gizarte-erantzukizuna duten horiei guztiei: sindikatuei, alderdiei, legebiltzarkideei, aldun nagusiei, alkateei, lehendakariari eta gainontzekoei. Proba osagarriak gaztelera hutsean daude, eta ez ele bietan, behar legez. Ez dizue axola? Ez duzue zerbait egin behar? Ez zarete gaixorik egon inoiz ere? Ez daukazue seniderik, lagunik? Ez esan, mesedez, ez dakizuela. Ez esan, mesedez, ez daukazuela erantzukizunik. Ez esan, mesedez, ezinezkoa dela. Ez dadila izan erronka, aukera baizik. Batetik, kalitatezko osasun arreta emateko aukera bat; bestetik, elkarbizitzarako aukera. Aspaldian eginda egon behar luke. Egin ez denez, hemen eta orain,Nekane Murgari eskatzen diot: proba osagarri guztien txostenak baita euskaraz ere, mesedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.