Migratzaileen exodoa. Geldialdia aterpetxeetan

«Trenera igotzeko unea latza da»

'La Bestia'-ren gainean ehunka migratzaile hil dira, inork ez daki zehazki zenbat, iparraldera joateko mugara iristeko ahaleginean. Ricardo Alexander Guzman horietako batean iritsi zen Mexicalira.

Ricardo Alexander Guzman migratzaile salvadortarra, Guadalajarako El Refugio aterpetxearen aurrean. KRISTINA B. T.
Kristina Berasain Tristan.
Guadalajara
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
El Salvadorrerako bidean izango da honezkero Ricardo Alexander Guzman. Mexiko hegoaldetik iparraldera exodoan doazen milaka iheslarien kontrara ari da. Asteartean iritsi zen Guadalajarako Cerro del 4 auzoko aterpetxera, eta bart zen beste tren bat hartzekoa jaioterrira itzultzeko, duela lauzpabost hilabete egin zuen ibilbidearen kontrako norabidean. «Mexicalin lanean aritu naiz, Tulako etxalde batean, eta baita igeltsero moduan ere, baina txikitan zaindu ninduen izeba gaixorik dago, eta ikustera itzuli nahi dut».

La Bestia-ren gainean egon liteke oraintxe bertan 21 urteko gaztea. «Puro tren, puro tren», dio etengabe. Iheslariek bost eta hamar tren artean hartu ohi dituzte hegoaldetik iparraldera edo kontrako zeharkaldia egiteko. «Nik lau tren hartu ditut. Mexicalira joateko, hiru hartu nituen, eta, orain, bakarrean etorri naiz honaino. Hiru egun pasatu nituen. Kontua da trenetik erori egin nintzela eta saihets bat apurtu nuela».

Tepic hiritik pasatzean gaizkile batzuk trenera igo zirela eta lapurtu egin zietela zehaztu du gazteak. Orduan erori zela: «Labanak zituzten, eta, aurre egin bagenien ere, ez genuen ezer egiterik izan. Bizkar zorroan aurreztutako diru apur bat neraman, eta dena kendu zidaten». Hiru lagun zetozen trenean, eta beste biek aurrera egin dute. Guzmanek atseden hartzea erabaki du, mina baitu bular aldean. Etsita dago, baina, hala eta guztiz ere, badaki zorionekoa dela, iparralderanzko bidea egin zuenean trenak pertsona bat nola zanpatu zuen ikusi zuelako begien aurrean: «Veracruzen izan zen; Tierra Blancan, gizon bat nire begien aurrean erori zen trenbidera, eta puskatan zatitu zen haren gorpua. Beste behin, beste bati oina nola mozten zion ikusi nuen».

Lehengusinaren heriotza

Puerto de Acajutla hirian jaiotakoa da 21 urteko gaztea. Trenera igotzeko unean oso urduri jartzen dela aitortu du: «Azkar badator, oso arriskutsua da; izan ere, gogor heldu behar diozu burdinari. Oso une latza da».

Trenbideen bazterretan trena pasatzeko zain egoten direla dio, «Ferromex edo Ferrosur», eta ordutegiak jakin ohi dituzten arren —«hemendik arratsaldeko lauretan eta gaueko bederatzietan pasatzen da hegoaldera doana»— batzuetan atzerapenarekin datozela. Trenbide bazterretara herritarrak eta elkarteak gerturatzen dira, trenean doazen migratzaileei janaria eta edaria eramatera.

Guzmanek gauza asko ikusi eta ikasi ditu bost hilabetean, baina jaioterria utzi aurretik ere gorriak eta bi ikusi eta ikasi zituen. Aita nor duen ez daki, eta, ama lanean aritu izan dela, bera eta atzetik etorri zen beste alaba bati jaten emateko: «San Salvador hiriburura joaten zen lanera, eta ni amonarekin eta izebarekin hezi nintzen; haien kutuna nintzen». Gaztetan hasi zen lanean, ez baitzen oso eskolazalea: «Asfalto planta batean egiten nuen lan, eta, gutxi irabazten banuen ere, gustura ari nintzen».

Pasarterik latzena etorri zen orduan, mara taldeen unibertso ilunarekin lotuta, herrialdeko gazteak irensten dituen beste bestia horrekin. Roxana lehengusinak dendatxo bat zuen, eta MS-13 Mara Salvatruchako kideak dirua eskatzen hasi zitzaizkion. Lehengusinak uko egin zion, eta erantzuna talde horren bortizkeriarekin parekoa izan zen: heriotza.

Roxanak 25 urte besterik ez zuen, eta, haren heriotzaren ostean, pandillero-ek gaztea mehatxatzen hasi ziren; Guzmanek jaioterritik alde egitea erabaki zuen orduan. Sonsonatera joan zen, eskualdeko hiriburura, baina ez zen nahikoa urrun. Orain ekialderago doa: «San Vicentera noa. Puerto de Acajutla Guatemalako mugatik gertu dago; San Vicente, berriz, Hondurasko mugatik gertuago dago».

Han elkartuko da gaixorik dagoen izebarekin, atseden hartzera. Etxera itzultzeko arrazoietako bat da hori, bizitzaren nekeaz ahaztea, baina alde egiteko erabakian eragina izan duen hirugarren arrazoi bat ere iradoki du: «Estatu Batuetako mugan gero eta soldadu gehiago dago. Donald Trumpek bere jendea deitu du hara joatera, hesira, eta sekulako saltsa dago. Mexicalin ez da giro».

Iparralderantz berriro

El Refugio aterpetxean arropa eman diote gazteari. Bi gau pasatuko ditu, eta bere odisearen abiapuntura itzuliko da berriro, tren baten gainean, hegoaldeko mugaraino. Chiapasko Arriaga herria da iparralderantz doan trenbidearen abiapuntua. Guatemala zeharkatu beharko du gero. Eta hirugarren muga bat ondoren, El Salvadorkoa. Egunen batean berriro iparralderantz joko duela dio, tren batetik bestera, bagoi baten goialdean, euria egin, hotz egin, beroa egin. «Puro tren, puro tren», dio.

Oasi bat basamortu idorrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.