Emakumeen Bira. Amanda Spratt. Mitchelton taldeko txirrindularia

«Aurten, zailagoa izango da irabaztea»

Azken etapan erakustaldia emanda gailendu zen Amanda Spratt iaz Biran. Sasoiko dago, baina badaki lehia handia egongo dela.
MITCHELTON-SCOTT

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko maiatzak 23
Bai berak baita Mitchelton taldeak ere Emakumeen Bira «maite» dutela dio Amanda Sprattek (Penrith, Australia, 1987). «Beti prestatzen dugu mimoz, hemengo ibilbideak oso aproposak direlako guretzat, eta gustuko dugulako nola bizitzen den txirrindularitza hemen». Atzo erakutsi zuen sasoiko dagoela, erasoa jo baitzuen. Iaz irabazi egin zuen Bira, eta aurten ere helburu hori du begiz joa.

Erasoa jo duzu jada lehen etapan. Gogotsu ekin diozu lasterketari.

Bai. Iaz Bira irabazi eta gero, niretzat oso berezia eta polita da berriz hemen egotea eta aurreko urtean lortutako lehen postua defendatzea. Oroitzapen oso onak dakarzkit, eta horrek ere indarra ematen dit.

Iaz ezustea eman zenuen azken etapan. Berriro irabazteko aukera ikusten duzu?

Gogor entrenatu naiz horretarako, eta sasoi onean nago. Talde indartsua dugu, Annemiek [Van Vleuten] eta Lucy ere sasoi betean baitaude, eta hori ere oso inportantea da. Annemiekek ez du sekula Bira irabazi, eta gogoz dago hori lortzeko, txirrindulari handiak ageri baitira gailendu direnen artean. Lucyk, berriz, Durangon erakutsi zuen zertarako gai den. Txirrindulari gaztea da, oso igotzaile ona eta ausarta. Garrantzitsuena da taldeko norbaitek irabaztea Bira.

Zailagoa iruditzen zaizu garaipena lortzea berriz ere?

Bai, bi arrazoiengatik: batetik, iaz irabazi nuelako, eta, beraz, gehiago zainduko nautelako; eta, bestetik, ibilbidea iazkoa baino gogorragoa delako.

Zein iritzi duzu ibilbideaz?

Oso gustuko dut, erlojupekoaren kontrakoa kendu dutelako, eta niri mendia egoteak mesede egiten didalako. Gustuko dut Euskal Herriko orografia gorabeheratsua; izugarri disfrutatzen dut hemengo mendiak igotzen.

Talde indartsuena izateak presioa eragiten dizue? Arreta osoa zuengan egongo da jarrita.

Guretzat ez da presioa, barneratua baitugu hala izango dela. Ardurak hartzea gustuko duen talde bat gara, eta iazko Biran erakutsi genuen ez dugula arazorik erasoan aritzeko. Horiek dira gure taldearen ezaugarriak, eta aurten ere erakutsi nahi ditugu. Gainera, badira beste talde indartsu batzuk Bira honetan: Movistar, Trek eta Boels Doelmans. Haiek irabazi nahi badute, ardurak hartu beharko dituzte.

Aurten ere azken etapan erabaki daiteke Bira?

Lasterketa honek hori du, eta, ibilbideaz gain, horrek egiten du berezi. Antolatzaileek oso ondo prestatzen dituzte etapak, dena azken egunean erabaki dadin. Hala izan da aurreko aldietan, eta aurten ere hala izango dela iruditzen zait. Azken etapa oso luzea eta gogorra da. Lau mendate igo behar ditugu, eta aurreko egunetan egindako ahaleginetik behar bezala osatzen ez denak ordaindu egin dezake. Funtsezkoa izango da, era berean, etapa horretan talde estrategia on bat izatea, eta ondo zehaztea non eraso egin. Hirugarren etapan ere lehia handia izango da, baina ez dut uste alde erabakigarriak egingo direnik.

Etapak oso ondo dituzu aztertuak.

Hala da. Guretzat Emakumeen Bira oso lasterketa garrantzitsua da. Hala izan da beti, eta zuzendaria beti saiatu izan da seikote onena ekartzen. Mimoz prestatzen dugu, gustuko dugulako lasterketa, eta nola bizi den hemen txirrindularitza. Zaleek izugarrizko babesa ematen digute, eta asko disfrutatzen dugu. Gainera, antolakuntzak urteak daramatza emakumeen txirrindularitza sustatzen, eta hori funtsezkoa da. Egun batzuk egin ditugu etapak ikuskatzen, eta lasterketari begira estrategia fintzen.

Zure taldekideez gain, zeintzuk ikusten dituzu Bira irabazteko hautagaien artean?

Oso igotzaile onak daude parte hartzaileen artean, eta zaila da bat esatea. Baina bat esatekotan, Soraya Paladin aipatuko nuke. Maila ikusgarrian aritu da parte hartu duen azken lasterketetan, eta aukera askorekin ikusten dut etapak irabazteko eta sailkapen nagusian goian egoteko.

Ane Santesteban eta Eider Merino nola ikusten dituzu ?

Talentu handiko txirrindulariak dira biak, eta lasterketa handietan erakutsi dute hori. Iaz, adibidez, Eider maila oso onean aritu zen Giroan. Biak oso igotzaile onak dira, eta ibilbidea oso egokia da haientzat. Etxean lehiatuta, gainera, ondo aritu nahiko dute. Zaleen babesak indarra emango die.

Pozik zaude egiten ari zaren denboraldiarekin?

Bai, pozik nago. Lehen lasterketak Australian jokatu nituen, eta ondo sentitu nintzen. Lehen proba horiek garrantzitsuak izaten dira horretarako, konfiantza hartzeko. Ondoren, Europara etorri nintzen, udaberriko klasikoak jokatzera. Lasterketa horiek gogorrak izaten dira, eta hor hasten zara ikusten benetan zer mailatan zauden. Hor ere ondo eta konfiantzaz ikusi nuen neure burua. Hori dela eta, baikor nago Birari begira, nire lehen helburu garrantzitsuenetako bat baita sasoi honetan. Taldea ere bikain aritu da denboraldi hasiera honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna