KRITIKA. Musika

Erloju koloretsua

2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun

Concerto Koln

Zuzendaria eta kontzertinoa: Mayumi Hirasaki. Egitaraua: A. Corelli, A. Vivaldi, F. S. Geminiani, G. P. Telemann eta C. Avisonen obrak. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abenduak 14.

Concerto Koln talde alemaniarrak 30 urteko esperientzia dauka XVII. eta XVIII. mendeetako musika interpretatzen. Kursaalean aurkeztutako programan, barrokoan oso ezaguna zen concerto grosso deritzon forma instrumentala izan zen nagusi, zeinean solisten parteak orkestraren ripieno-arekin tartekatzen diren.

Emanaldia ireki zuen A. Corelliren Per la notte di natale kontzertuan, biolinaren eta biolontxeloaren esku-hartzeak nabarmentzen dira tuttiaren gainetik. Hasieratik geratu zen agerian Mayumi Hirasaki kontzertinoa gidari bikaina dela, tenpo eta keinu zehatzez orkestraren soinu barnekoi eta trinkoa sei mugimenduen izaera desberdinetan barrena bideratuz. Ondoren eskaini zen Il reposo per il Natale kontzertua Udaberria-n erabili zuen tonalitate berean konposatu zuen A. Vivaldik, bere obran bakea eta samurtasuna adierazteko erabiltzen omen duen mi maiorrean, alegia. Adagio mugimenduan garatu zituen apainduretan, Hirasakik hipnosi antzekoa sortu zuen taulan. Corelliren ikasle, F. S. Geminianiren hainbat concerto grosso entzutetsuak egin ziren Ingalaterra osoan. Concerto Koln taldeak kolore biziz bete zituen bere op. 3-aren 1. kontzertuaren lau mugimenduak, berriro ere Hirasakiren biolina azken Allegroan bereziki nabarmenduz.

Bigarren zatian, G. P. Telemannen Kontzertua bi flautentzat entzun zen lehenik, txirula barrokoaren kolore fin eta leuna behar zen tokietan gailenduz. C. Avisonek Haendel baino gustukoagoa zuen Geminianiren op. 7-aren 6. kontzertuan, musika puxika baten antzera puztu, eta hegaka zebilen italiarrak aurkeztutako mugimendu anitzen bidean, ritornello-etan orkestrak bat eginez. Azkenik, Avisonek Scarlattiren lezioetatik konposatutako 3. kontzertuan, harien distira eta kolore askotarikoak ia fisikoki atzeman zitezkeen.

Concerto Koln taldea ongi neurtutako erloju baten antzera jarduten da, espanturik gabe, baina berotasunez. Pena bakarra da zalantza izatea ea Donostiako publikoa gai izango ote litzatekeen Kursaaletik atera, eta musika mota honek eskatzen duen espazio txikiago batera joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.